Baikorretik gutxi

Batez ere Euskal Herriko Itzuliaren harira, han eta hemen entzun dugu Miguel Madariaga Euskaltel Euskadiren managerra. Agur kutsua izan dute bere adierazpenek, inondik ere. Talde laranjaren etorkizuna datozen hilabeteetan argituko da, baina Madariagak argi utzi du bera ez dela bertan ariko.

Oharkabean pasatzen ez den horietakoa da Madariaga, egiazki. Azken bi hamarkadetan oso momentu gozoak bizi izan ditu. Gutxi batzuk aipatzearren, Roberto Laisekak Luz Ardinenen lorturiko garaipena –Euskaltelen lehen garaipena izan zen Tourrean- edota Iban Mayok eta Haimar Zubeldiak Tourreko podiuma hatz puntekin ukitu zutenekoa. Azken urteetan Samuel Sanchezek, Igor Antonek eta Mikel Nievek eman dizkiote poz gehien kirol arloan; bereziki hunkigarria izan zen Antonek Bilbon irabazitako Espainiako Vueltako etapa. Egun garratzak ere izan ditu, noski. Mikel Astarlozak positibo eman zuenekoa, kasu. Kirol arlotik kanpora ere jardun da Madariaga, besteak beste ate joka ibili da taldearen biziraupenerako beharrezko sosen bila.
Nork bere iritzia izango du Miguel Madariagari buruz. Hona hemen, azken egunotan Noticias de Gipuzkoan eta Euskal Telebistan esandakoen laburpentxoa.

[Arlo pertsonalaz]
-“Borroka egiteaz nazkatu naiz”
-“Ez nuke kargua berriz ere hartuko, nahiz eta harro nagoen ikusita talde honek zer suposatu duen euskal ziklismoarentzat”.
-“Ez naiz ezertaz damutzen; zerbaitean hanka sartu badut, garrantzirik gabeko zerbaitean izango zen”.
-“Beti izan naiz gutxien kobratu duen managerra. Eta fundazioaren presidente izateagatik ez dut ezer jaso. 1996ra arte bidaiak nire poltsikotik ordaintzen nituen. Euskaltel sartu zenean, Diputazioan nuen soldata berdina jasotzen hasi nintzen. Duela bi urtetik erretiroa bakarrik jasotzen dut, kotxe bat dut nire esku eta gastuak ordaintzen dizkidate”.

[Euskaltelen proiektu berriaz]
-“Minduta nago, ez nautelako aintzat hartu; ez nuen uste bazterrean utziko nindutenik”.
-“Badakit proiektu bat badagoela; abokatu bulego batean ikusi nuen, ordenagailuan; proiektu anbiziosoa da (…) Baliteke taldeak sorrerako balore batzuk galtzea eta oraingo txirrindulari askok tokirik ez izatea, baina hori beste batzuek esango dute”.
-“Ezin dut kalkulatu Gobernu honek [Eusko Jaurlaritzaz] duen erruaren zatia zenbaterainokoa den, baina zalantzarik gabe, oso handia izan da”.
-[Denboraldi honetan diru galera egonez gero]: Tourraren ostean, Espainiako Itzuliaren aurreko hiru asteetan ziklistaren bat sal daiteke; Sicarri buruz dagoeneko Frantziako bi taldek galdetu didate”.

Argazkian, Euskaltel Euskadiko iazko aurkezpen ekitaldia. Migel Madariaga Igor Gonzalez taldeko orduko zuzendariarekin hizketan (tropela.eus)