Zertan zabiltzate, bikote?

Denboraldia apurka-apurka aurrera doa. Paris-Niza, Tirreno Adriatiko, Euskal Herriko Itzulia, udaberriko klasikoak. Giroaren atarian gaude jada. Eta Schlecktarren arrastorik ez dugu. Tourra itsu-itsuan prestatu nahi omen dute eta gainerako lasterketa guztiak bigarren mailakoak omen dira haientzat. Tira, espero dezagun sikiera Suitzako Itzulian haien dohainez gozatzea…

Nibalik kale egin du Lieja-Bastonje-Lieja klasikoan, azken kilometroetan Iglinskyk mendean hartu baitu, baina marrazoa oso denboraldi ona egiten ari da, benetan. Omango Tourreko etapa irabazi zuen, eta Tirreno Adriatikon ere etapa eta sailkapen nagusia. Valverdek ere garaipen politak lortu ditu dagoeneko Australian eta Paris-Nizan, besteak beste. Samuel Sanchez, Joaquim Rodríguez edota Wiggins ere garaipen zakua betetzen hasiak dira.

Schleck anaiak, ordea… Oso txirrindulari onak direla dudarik ez dago, baina beren estrategia harrigarria iruditzen zait niri behintzat. Harrigarria eta arriskutsua. Contador gabe ziurrenik Andy izango da Tourra irabazteko hautagai nagusia, iaz erakustaldi bikaina eman baitzuen Alpeetan eta azken hiru urteetan podiumera igo baita. Hala ere, Tourra irabazteko lehian egoteko non demontre jartzen du gainerako proba guztietan ez dela aurpegia eman behar? Bai, Contador ez da Tourrean egongo eta Evans urtebete zaharragoa izango da. Eta Nibali? Ardenetan erakutsi du jakina zena; ziklista puska dela. Nik behintzat ez dut Andyrengandik horren urrun ikusten Liquigaseko txirrindularia.

Eta ez al dute Schlecktarrek ikusi zer gerta daiteke instant malapartatu batean? Cancellara taldekideak eroriko lazgarria izan zuen duela aste gutxi eta hainbat lasterketari uko egin beharko die, osatze aldera. Tourra ederki prestatuta ere, edozein erorikok etxera bidal dezake edozein txirrindulari. Tourrean hori gertatuta ere, denboraldi txukuna egin daiteke, aurreko eta ondorengo lasterketetan garaipen bat edo beste eskuratuta. Nonbait, Schlecktarrak ez datoz bat ikuspegi honekin. Denborak arrazoia eman edo kenduko die. Beste aldetik, euren taldean giroa ez dela onegia dirudi; Andersen zuzendaria izan nahi zuen Andyk aldamenean Tourrean, baina Bruyneelek esan du Andersen ez dela Tourrera joango. Ea horrek ez duen giroa gaiztotzen, askoren ustez munduko talderik indartsuena den horretan.

Ez dago dudarik. Paris-Niza edota, zergatik ez, Euskal Herriko Itzulia irabazteko gauza dira nola Andy hala Frank, baina jarrera aldatzen ez badute behintzat, garaipen zerrenda apala osatuko dute. Niri behintzat iruditzen zait txirrindularitza eta haiek beraiek ateratzen direla galtzaile.

Argazkia: Andy Schleck 2010eko Lieja-Bastonje-Lieja lasterketan, erasoan; luxenburgoarra garaile atera zen. Wikipedia