200 metro, 16 segundo

Pinottik irabazi du Milango erlojupekoa, eta Hesjedalek etxeratu du maglia arrosa, 16 segundorengatik. Rodríguez eta De Gendt izan ditu kanadiarrak ondoan podiumean. Mikel Nievek hamargarren postuan bukatu du Giroa.

Giau, Manghen, Alpe di Pampeago, Mortirolo eta Stelvio –beste batzuen artean- igo ostean, 16 segundo besterik ez dira izan sailkapen nagusiko lehen bien artean. 200 metro inguru falta zitzaizkionean Rodriguezi jabetu da Hesjedal itzulia berea zela. Ordura arte, denbora erreferentziak bere aldekoak izan arren, ezin lasaiegi arnas hartu, badaezpada ere. Hori da marka. Azken etapan ez da ezusteko handirik izan. Izan ere, Hesjedal Rodríguez baino hobeto moldatzen da erlojuz kontra eta hori baliatu du Giroa eskuratzeko.

Rodriguezek ez du ustekabea hartu. Podiumera lasai antzean igo da; jakitun zen oso zaila zela maglia arrosari eustea, baina egia esan, azkenean ez da horren urrun egon. De Gendtek asteburu biribila osatu du eta Scarponiri aurrea hartuta, podiumera igo da. Aspaldiko partez ez da italiarrik igo podiumera. Scarponi, Basso eta Cunego laugarren, bosgarren eta seigarren izan dira, hurrenez hurren. Italiarren tristura goxatu du hein batean etapa Pinottik irabazi izana. Aipamena merezi du, era berean, Mikel Nieveren hamargarren postuak.

Nor da Hesjedal? Bere ibilbideari erreparatuta, datu bitxi batzuk aipa daitezke. Esate baterako, US Postal indartsuan aritu zela 2004an, talde hartako liderrak, Lance Armstrongek, Frantziako Tourra seigarrenez irabazi zuen urtean. Eta hain justu ere, Armstrongen ‘bigarren etapako’ azken Tourrean, 2010ekoan, zazpigarren bukatu zuen Frantziako itzulia Hesjedalek. Bada zerbait, dudarik gabe. Aurreko urtean Donostiako klasikoan onenen pare aritu zen –bosgarren sailkatu zen- Espainiako Vueltako etapa etxeratu zuen. 31 urte ditu; ondo bidean, kirol ibilbidearen gailurrean, beraz. Ikusi beharko zer helburu jartzen dizkion aurrerantzean bere buruari.

Baina Hesjedal bakarrik ez. Giroak hiru asteko itzulietan ondo molda daitezkeen ziklista batzuk aurkeztu dizkigu. De Gendt da horietako bat. Eta Uran-Henao bikote kolonbiarra ere oso txukun aritu da. Rabottiniren balentria luzaroan gordeko dugu ganbaran eta Beñat Intxausti ezin ahaztu; Bizkaitarrak amore eman zuen Cortinara bidean, baina ahogozo polita utzi digu, hiru asteko itzulietan egin dezakeenaren arrastoa.

Argazkia: Roberto Bettini /cyclingnews