Saganek lehenengoa sartu du zakuan

Saganek irabazi du Tourreko lehen etapa, Seraingen. Liquigas-Cannondale taldeko txirrindularia, Cancellara liderra eta Boasson Hagen izan dira indartsuenak ziklistak helmugara eraman dituen aldapan, eta azken metroetan, Saganek ez du hutsik egin. Joan den urtean Espainiako Vueltan debuta egin eta besoak altxatu zituen eslovakiarrak eta lehen Tourrean ere ez da esku hutsik etxeratuko.

Azken aldapak tropela hamaika multzotan zatitu du –Cavendishek ezin izan dio erritmoari eutsi eta atzean geratu da-, baina faborito gehienak elkarrekin helmugaratu dira. Denbora berean sartu diren 48 ziklisten artean izan dira Haimar Zubeldia eta Samuel Sanchez; Leipheimerrek 17 segundo galdu ditu eta Frommek minutu eta erdi, @inaxioesnaola adiskideak gogora ekarri digunez. Nabarmendu behar da lehen hamarren artean sailkapen nagusia lehiatuko duten zenbait txirrindulari izan direla, Gesink, Hesjedal eta Valverde kasu. Gainerakoan, Cancellarak maillot horiari eutsi dio. Bestalde, lerrook idazteko orduan ezin jakin Tony Martinek Tourrean jarraitzerik izango duen; lepauztaia hautsita izan lezake alemaniarrak.

Gaurko etapan seikote batek iskin egin dio tropelari, eta tartean izan da Euskaltel-Euskadiko Pablo Urtasun. Azken kilometroetan, azken aldaparen gogortasunaz jakitun tropelean urduritasun handia izan da, zenbait eroriko tarteko. Hamar kilometroren falta ihesaldia bertan behera utzi dute eta aldapa hasi bezain laster erasoak hasi dira. Chavanelek jo du aurrena. Azkenean, Cancellarak, Saganek eta Boasson Hagenek tartetxoa ireki dute eta eslovakiar gaztea azkarrena izan da azken metroetan.

Erne Liquigasekin

Sky, RadioShack Nissan Trek edota BMC taldeak askoren ahotan zeuden Tourra hasi aurretik, baina Liquigasekin ahaztea ez da komeni. Lehen etapa zakuan dute eta Sagan bera oso makulu garrantzitsua izan daiteke Nibalirentzat, Bassorekin batera.

Argazkia: Sirotti / Cyclingnews