Saganek gurpiletik atera ditu

Saganek bigarren etapa garaipena lortu du Boulogne-sur-Merren. Igandean bezala, helmuga koska batean jarri dute antolatzaileek eta inor ez da gai izan eslovakiarraren zartakoari erantzuteko. Herenegun bezala, Chavanel tropela ustekabean harrapatzen saiatu da azken maldan, baina alferrik. Samuel Sanchez zortzigarren helmugaratu da.
Sailkapen nagusiari dagokionez, ez da aldaketa handirik izan. Cancellarak lider jarraitzen du eta ezusteko handirik ezean, RadioShack Nissan Trek taldekoak lehen postuari eutsiko dio larunbatera arte. Wiggins moztuta sartu da helmugan, baina azken kilometroan izandako eroriko batek eragin duenez atzerapen hori, Skyko ingelesak ez du denborarik galdu.

Saganek irabazteagatik ez litzateke inor harritu behar, baina irabazteko era bai da harrigarria. Igandean bezala, gurpiletik atera ditu aurkariak. Eta zer nolako aurkariak, alajaina. Hona hemen Liquigas-Cannondale taldekoaren atzetik sartutakoak: Boasson Hagen, Velits, Cancellara, Albasini, Evans, Roche, Sanchez, Mollema, Nibali… Onenak hitz batean. Bide batez, maillot berdea Parisen eskuratzeko puntu pila bat batu ditu Saganek bi etapa garaipenei esker. Gilbertek ez du etapa lehiatu, atzean gelditu baita azken aldapari ekin aurretik.

Etaparen azken kilometroak oso gorabeheratsuak izan dira, errepide estuekin gainera, eta eroriko bat baino gehiago izan da; Rojasek eta Sivtsovek lasterketa utzi behar izan dute. Beste batzuek minutu sorta handia galdu dute. Esate baterako, Voecklerrek zazpi minutu luze galdu ditu eta Cobok, bere aldetik, hamar minututik gora.

Ezin aipatu gabe utzi gaur ere Euskaltel-Euskadiko ziklista bat izan dela ihesaldian: Ruben Perez bizkaitarra.

Hurrengo hiru etapetan ez dago aldaparik helmugatik gertu. Beraz, litekeena da asteazken, ostegun eta ostiralean, Cavendish, Greipel, Goss eta konpainiaren arteko oso lehia estua ikustea. Saganen baimenarekin…

Argazkia: Sirotti / cyclingnews