Badatoz harbidetako klasikoak

Izenburuak dioen bezala, heldu dira aurten ere harbidetako klasikoak. Asteburu honetan hasiko dira Belgikako klasikoak, Omloop het Nieuwsblad eta Kuurne-Bruxelles-Kuurne lasterketekin eta apirilaren 13ra arte hainbat klasiko jokatuko dira. Txirrindularitza zale askok esaten dute asteburu honetan hasten dela benetako denboraldia eta lasterketak hauek gainera, beste xarma bat dute. Flandriako zaletuek ikaragarri maite dituzte lasterketa hauek eta ikaragarria izaten da bertan izaten den ikusle kopurua. Garrantzitsuenak Flandriako Tourra eta Paris Roubaix izango dira eta faboritoen artean hiru aipatuko nituzke guztien gainetik: Cancellara, Sagan eta Boonen.

Cancellara, Boonen eta Sagan

Aurten, aurreko lasterketetan ikusitakoaren arabera guztien gainetik talde bat dagoela esango nuke: Omega Pharma-Quick Step. Boonen liderra Qatarren garaipenak lortzen ibili da, eta horrez gain Terpstra, Stybar, Trentin, Vandenbergh… edukiko ditu lanerako. Boonenek 4 aldiz lortu du Paris-Roubaix irabaztea, Flandriako Tourra beste 3 aldiz, Gante-Wevelgem 3 aldiz…baina sekula ez du Omloop het Nieuwsblad klasikoa lortzerik izan. 2 aldiz bigarren izana da eta ziur nago aurten garaipena nahiko duela. Esan beharra dago, iazko denboraldia berarentzako ez zela batere ona izan, erorikoak, lesioak etab. izan zituen eta ez zuen emaitza onik lortu, beraz aurtengo denboraldia oso garrantzitsua izango da berarentzat, taldean lidertza kendu diezaioketen hainbat txirrindulari dituelako.

Lehen esan dudan bezala, Cancellara da beste faboritoetako bat. Fabianek denboraldi hasiera honetan hainbat arazo izan ditu: istripu bat eta gaixorik ere egun batzuk pasa ditu. Horregatik berak nahi baino gehiago lehiatu da, horrela lehendik galdutakoa berreskuratzeko. Iazko denboraldia begiratzen badugu, faborito nagusia dela esan dezakegu, Harelbeke, Flandriako Tourra eta Paris-Robauix irabazi zituelako. Baina Cancellarak ez dauka Boonenek duen talde hain indartsurik eta azken kilometroetan bakarrik ikusi izan dugu gehienetan. Cancellarak taldekide bezala klasikoetarako Markel Irizar Oñatiarra izango du bere alboan eta ziur beraren alde lan handia burutuko duela Markelek.

Eta hirugarren faboritoa, gazteena, Sagan Eslovakiarra dugu. Oraindik ez du monumenturik lortu baina denbora kontua dela esango nuke. Iaz Gante-Wevelgem klasikoa irabazi zuen eta Harelbeken eta Flandriako Tourrean Cancellarak bakarrik hartu zuen mendean. Gainera aurten, Paris-Roubaixen ere izatekoa omen da eta argi ibili beharko dute beste bi faboritoek Saganekin, azken metroetan azkarrena delako. Cannondale taldeari falta zaiona, taldekideak dira eta horretarako aurten Gatto fitxatu dute, Saganek azken kilometroetan norbait izateko.

Bigarren maila batean, baina seguru aurrean ikusiko ditugula, Van Avermaet, Chavanel, Vanmarcke, Boom, Pozzato, Paolini etab. Hauek ere maila bikaineko txirrindulariak dira eta benetako hiru faboritoen markaketaz ondo baliatzen badira garaipenak lortzeko moduko txirrindulariak dira.

Egoitz Garcia 2013ko Omloopen protagonistetako bat izan zen

Eta euskaldunak zer? Egia esan, lasterketa hauetan euskaldunok ez gara historian zehar batere trebeak izan. Gogoan dut azken urteotan Pedro Horrilo Ermuako txirrindulari bizkaitarra izan dela emaitza hobeenak lortu izan dituena. Paris-Roubaixen 11. izandakoa da eta horrek meritu handia du. Baina Pedrok Italiako giroan izandako eroriko larri harengatik txirrindularitza utzi zuela urte batzuk pasa dira eta orain beste txirrindulari bat dugu klasiko hauek maite dituena. Aurten hirugarren urtea izango du Egoitz Garciak klasiketan eta aurreko bi urteetan ongi moldatu izan da. Iaz, besteak beste, larunbatean jokatuko den Omloop het Nieuwsbladen 10. izan zen eta aurten Haut Varreko Tourreko azken etapan 6. eginda dator. Berarentzako klasiko hauek urteko helburu nagusi dira eta ia zortea alde edukitzen duen eta aurrean ikusten dugun. Berak esaten duen bezala klasiko hauetan aurrean ibiltzeko oso inportantea da esperientzia eta urtero klasiketan egotea oso garrantzitsua da esperientzia hori lortzeko. Markel Irizar ere egongo da lehen esan dugun bezala Cancellararentzat lanean eta nahiz eta seguruenik berak emaitza onik ez duen lortuko lasterketa hauetan, Fabianek asko eskertuko duen lana burutuko du Markelek.

Horrela, badatoz klasikoak eta orain zaletu guztioi beraietaz disfrutatzea tokatzen zaigu. Ia euskaldunok gero eta gehiago animatzen garen eta hurrengo urteetan klasikozale gehiago izaten ditugun.

Published by Mikel Bizkarra

2011az geroztik txirrindulari profesionala.