Tropela 2014: aldaketa esanguratsuak datoz


Duela ia 9 urte sortu zen Tropela.net proiektua eta baita berau elikatzen duen Tropela Elkartea ere. Euskal Herrian txirrindularitza proben inguruan dagoen afizioa probestuz, sarean euskarari txoko berri bat sortzeko asmoz ekin genion lanari. Hiru ardatz biltzen zituen proiektuak: EUSKARA, TXIRRINDULARITZA eta TEKNOLOGIA. Eta horrela, lagun askoren borondatezko lanari esker, kalitatezko zerbitzu bat eskainiz, milaka kide biltzen dituen Tropela osatu dugu. Eta zuon eskaerei kasu eginez Tropelaren zerbitzua ahalik eta onena izan dadin saiatzen gara.

Lan asko eta esfortzu handia eskatzen du honelako proiektu bat aurrera eramateak eta denbora luze bateko hausnarketa eta eztabaidaren ondoren, Tropelak bere bidea egiten jarrai dezan urrats esanguratsu batzuk ematea erabaki du. Urratsak urtero eman ditugu baina aurtengoa jauzia da, eta ez nolanahikoa.

1) Eleaniztasuna

Proiektuak Euskal Herrian duen arrakasta ikusita, beti izan dugu buruan euskaraz ez dakitenei ere parte hartzeko aukera eskaintzea eta Tropela mundu osora zabaltzea. Jakin badakigu beste herrialdeetako partaideak jada baditugula. Badakigu baita ere, badela sarean norbaitek sortutako laguntza-hiztegirik, bertan, Tropelako hitzak gaztelaniara itzulita dituena lagunei Tropelan parte hartzea errazteko.

Hori horrela, zergatik mugatu Tropelaren eskaintza euskarara? Iaz katalanarekin egindako esperientzia pilotuaren ondoren, aurten hainbat hizkuntzatan jarriko dugu webgunea: euskara, katalana, gaztelania, frantsesa (laster) eta ingelesa. Aurrerago etorriko dira, galegoa, nederlandera, italiera, alemana edota zuek eskatzen dituzuenak. Gure aldetik, gustura jarriko genuke beste hainbat hizkuntza gutxitutan eta aplikazioak mugarik ez du jartzen. Beraz, inork beste hizkuntzaren batera itzuli nahiko balu, ateak irekita ditu.

    1.1) Eleanitz euskalduna

Euskara mundu eleanitzeanArgi eta garbi dugu gure hizkuntza politika euskaldun eleanitza izango dela. Hau da, euskarak izango du lehentasuna arlo eta maila guztietan (bloga, podcastak…). Halere, euskaltzale ororentzat bezala, webgunea gaztelaniaz jartzea guretzat ere kezka iturri da, Euskal Herrikoek gaztelania erabiltzera jo dezaketelako euskararen kaltetan. Baina Frantzian, Espainian eta Hego Amerikan txirrindularitzak zale asko izanda, nola ukatuko diogu Granadako, Lyongo edota Caracaseko zale bati Tropelan gazteleraz parte hartzea? Tropelak horiengana iritsi nahi du eta ondorioz, gaztelaniarekin aurrera egitea erabaki dugu.

Guzti hori kontuan hartuta, Euskal Herriko erabiltzaileok Tropelan egiten duzuenari erne egongo gara eta Tropelan euskaraz aritu zaitezten zuongan eragiten saiatuko gara.

    1.2) Euskarari buruz hausnartzeko zitak

Ondorioz, erabiltzaile batek bere profilean Euskal Herritarra dela adierazten badu edota tropela.eus webgunera Euskal Herritik sartzen ari dela nabaritzen badugu, Tropelako interfazea zein hizkuntzatan daukan begiratuko dugu. Eta horien artean, euskara ez den beste hizkuntza bat erabiltzen dutenei, Euskara geure hizkuntza dela gogoraraziko diegu eta guri hizkuntzari buruzko hainbat esaldi eta datu emango dizkiogu erabiltzailea kontzientziatzeko asmoz. Honelakoak dira zitak:

>>  Lazkao Txikiri ere galdetu omen zioten: “Euskararen alde zer egin behar diagu Joxe Miel? Zer egin beharko diagu, ba? Hitz egin!”
>>  Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. (Joxean Artze)
>>  …

Oraingoz, horixe da egin dugun hautua. Gertutik jarraituko dugu erabiltzaileek egiten duten hizkuntza-hautua eta aurrerago, datuak aztertuta zein bide egin zehaztuz joango gara. Gai honen inguruan ere edozein aholku, ideia edota proposamen gustura jasoko genuke.

2) Luxuzko GregarioakLuxuxko Gregarioak

Hauek, Tropelak aurrera egin dezan errelebo luzeak ematen dituzte tropel buruan haizea janez, gai dira ur bila jaisteko eta berriro aurrera itzultzeko,… izan ere, ez dira edonolako gregarioak, Luxuzko Gregarioak dira.

Tropelak Luxuzko Gregarioei goren mailako zerbitzua eskainiko die, hauentzat hainbat eskaintza bereizgarri gehituz, eta trukean, Tropelak bidean aurrera jarrai dezan, Luxuzko Gregario izan nahi dutenek ordaindu egin beharko dute. Luxuzko Gregarioei eskaini diegun atalean ikus dezakezue informazio guztia.

Tropelan parte hartzeak doakoa izaten jarraituko du eta lehiaketa guztietan parte hartu ahal izango da. Hau da, Tropelari laguntzen diotenek, Luxuzko Gregarioek, aukera gehigarriez gozatu ahal izango dute baina lehiaketa kopuruari dagokionez ez da desberdintasunik izango.

3) 2014ko egutegia: proba dezente gehiago

Tropelak eskaintzen zuen zerbitzua osatze aldera, erabiltzaile askok eskatu diguzuen bezala, urteko eskaintza dezente zabaldu dugu 2014rako. Urtarrilean aurreratu genizuen egutegia. Hauek dira 2014an antolatuko ditugun 21 lehiaketak

01) 03-09 03-18 Paris-Niza

02) 03-12 03-20 Tirreno-Adriatikoa

03) 03-23 03-25 Milan-San Remo

04) 03-24 04-01 Kataluniako Volta

05) 04-06 04-08 Flandriako Tourra

06) 04-07 04-14 Euskal Herriko Itzulia

07) 04-13 04-15 Paris-Roubaix

08) 04-20 04-29 Ardenetako Hirukoa

09) 04-23 04-25 Fleche Wallonne (e.)

10) 05-09 06-03 Italiako Giroa

11) 06-08 06-17 Dauphine Kriteriuma

12) 06-12 06-17 Emakumeen Bira

13) 06-14 06-24 Suitzako Tourra

14) 07-04 07-15 Giro Rosa

15) 07-05 07-29 Frantziako Tourra

16) 07-27 07-31 La Course

17) 08-02 08-04 Donostiako Klasikoa

18) 08-23 08-16 Espainiako Vuelta

19) 09-23 09-30 Munduko Txapelketak (e.)

20) 09-24 09-30 Munduko Txapelketak (g.)

21) 10-05 10-07 Lombardia

    3.1) Sailkapen desberdinak, jende guztiaren gustura

Tropelan hainbeste erabiltzaile izanik, badakigu txirrindularitza forofoez gain bestelako hainbat erabiltzaile ere badela gure artean. Hori dela eta, Urteko Sailkapena lehiatzea lan nekeza egiten zaienentzat, beste hainbat txapelketa (lehiaketa-bilduma) sortu ditugu, lasterketa gutxiagorekin. Hauetxek:

* Urtekoa (guztiak: 21 lasterketa)

* Itzuli Handiak (3 lasterketa)

Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta.

* Itzuli Txikiak (6 lasterketa)

Paris-Niza, Tirreno-Adriatikoa, Kataluniako Volta, Euskal Herriko Itzulia, Dauphine Kriteriuma eta Suitzako Tourra.

* Klasikoak (6 lasterketa)

Milan-San Remo, Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, Ardenetako Hirukoa, Donostiako Klasikoa eta Lombardia.

* Emakumezkoak (5 lasterketa)

Fleche Wallonne (e.), Emakumeen Bira, Giro Rosa, La Course eta Munduko Txapelketak (e.).

* EH Kopa (Euskal Herriko 3 lasterketak)

Euskal Herriko Itzulia, Emakumeen Bira eta Donostiako Klasikoa.

Honela, Urtekoan lehiatu nahi ez duenak helburu xumeagoak jarri ahal izango ditu. Horretaz gain, Tropelako erabiltzaileei mota bateko probetan espezializatzeko aukera ere eskainiko genioke. Eta nola ez, neguan Urtekoan ongi ibiltzeko helburuarekin entrenatu baina lehen itzuli handian kale egiten dutenek ere, modu honetan beste helburu batzuk jarri ahal izango dituzte.

Honaino iritsi bazara, zorionak! Zer deritzozu? Gustura jasoko genuke zure iritzia iruzkinen atalean.