Izan ez direnak

Iparraldeko Kanpainiaren aurreneko asteburua pasa da, eta honen biharamunean, kirol eta bizi-legeak agintzen duten moduan, euren garaileak (eta galtzaileak) ditugu hizketagai: Stannard eta Sky-ren lan bikaina Omloop Het Nieuwsblad-en, Boonen-en lasterketa pattala eta hurrengo eguneko erredentzioa Kuurne-Brusel-Kuurne-n OmegaPharma-k eman zuen erakustaldian, Belkin-en eta batez ere Vanmarcke-ren sentsazio onak, eta beste hainbat kontu.

Alabaina, larunbateko proba ikusgarriak lasterketaren irteeran izan zuen kontrapuntua, bertan behar zukeen bere semeetako baten omenez gordekotako minutuko isilunean. Ez da gainera zoritxarrez azken urteotako bakarra izan, eta txirrindularitzaren tenplu handia den Belgikak (Flandesek batez ere) ikusi du batez ere zerrenda beltz hau loditzen azken bosturtekoan. Horrexegatik, izan zirenen gainetik, izan ez zirenak (eta jada tamalez sekula izango ez direnak) ekarri nahi izan ditugu gogora gaurkoan.

Kristof Goddaert

Frederiek Nolf gaztea (2009, 21 urte) jadanik esperientziadun txirrindularia genukeen akaso, Flandeseko harrobi Topsport Vlaanderen koloreen nahiz beste batzuen defentsan. Aurreko urratsak ematen ari zela esan zuen agur, bere dohainak zeintzuk ziren erakusteko betarik gabe.

Frank Vandenbroucke handia (2009, 34 urte) erretiratzeko adinean izango zen honezkero; ordurako jada bere onenetik eta normaltasunetik urrun zen. Baina fenomeno handiengandik zernahi espero badaiteke, bere kasuan ez zen gutxiago izango. Txirrindularitzari eginiko ekarpena, kontuak kontu eta istorioak istorio, ukaezina da. Garai bateko Het Volk-ean (egungo Het Nieuwsblad), besteak beste.

Het Nieuwsblad-en ez, baina egunotan Kolonbiako Cali hirian jokatzen ari diren pistako munduko txapelketan izango genukeen seguru asko Dimitry de Fauw (2009, 28 urte). Patuak amaierarik gupidagabeena gorde zion berari, Isaac Galvez heriotzera eraman zuen erorikoan parte izatea gutxi ez eta gertaerak utzitako oinaze psikologikoari eutsi ezinda bere buruaz beste egitera eraman baitzuen.

Hasiera batean espero baino bilakaera makalagoa izan arren, maila oneko txirrindularia zen Wouter Weylandt (2011, 26 urte), seguru asko Iparraldeko Kanpainan emaitzaren bat edo beste eskuratzen saiatuko zena. Italiako Giroko zorigaiztoko etapa hark eraman zuen, eta berarekin, bidean zen Wouter txikia ezagutzeko aukera.

Asteburuko lasterketetan izan balitz, isilik eta umil izango zen seguruenik Rob Goris (2012, 30 urte). Kirol bizitza xumea zeraman profesional izanagatik, eta modu isilean joan zen baita, Frantziako Tourra ikusle modura jarraitzen ari zela hotelean hilik aurkitu zutenean. Hala ere, gainerakoek besteko oroimena merezi du berak ere.

Eta zeresanik ez, larunbatean Ganteko irteeran behar zuen Kristof Goddaert-ek (2014, 27 urte). Bere taldeburu Sylvain Chavanel-en mesedetan lan egiteko prest, beti azaltzen omen zen prestasunarekin, haren lagun Heinrich Haussler-en agur gutun hunkigarriari erreparatuz gero. Taldearen hobe beharretan lanean, berak hanketan zuen abiadura puntua aldeko izango zuen beste aukeraren batean baliatzeko utzita.

Haien guztien omenez beraz lerrook, eta denboran gertuago egoteagatik Goddaert-en omenez batez ere, txirrindularitzaren oroitzapenean beste guztiek besteko lekua merezi baitute.

Argazkia: www.ruedalenticular.com