Kreuzigerren lehen klasiko handia

Kreuziger helmuganSaxo Bank-Tinkoff taldeko txekiarrak irabazi du Amstel Gold Race. Bakarrik helmugaratu da. Valverde izan da azkarrena pelotoian, 22 segundora eta Gerrans hirugarren izan da. Taldetxo horretan, besteak beste, Henao kolonbiarra, Gilbert Munduko Txapelduna, Mollema holandarra eta Gasparotto italiarra –iazko garailea- sartu dira.

Inolako zalantzarik gabe oso garaipen garrantzitsua erdietsi du Kreuzigerrek, eta agian bide berri bat urratzen hasi. Izan ere, igotzaile ona da txekiarra. Eta erlojuz kontra ere itxuroso moldatzen da. Horrek, baina, ez dio balio izan hiru asteko itzulietako podiumik zapaltzeko; bereziki handia izan zen iazko Giroan jasotako zaplastekoa. Etapa irabazi zuen Alpe di Pampeagon, bai, baina bezperan minutu asko galdu eta agur esan behar izan zion sailkapen nagusiari. Beharbada, klasikoetan bide oparoa urratuko du Kreuzigerrek aurrerantzean.

Beste alde batetik, Mikel Astarloza nabarmendu behar da. Eguneko ihesean sartu da sanpedrotarra. Ez horixe bakarrik, ihesalditik bertatik hanka egin du eta bakarrik abiarazi da garaipenaren bila. Bederatzi kilometro falta zirela harrapatu dute. Ez du lortu, baina gaur bai Euskaltelen lana goraipatzea merezi duelakoan nago, Amstel Gold Race ez baita nolanahiko lasterteka. Ea hurrengo hitzorduetan, Fleche-Wallonen eta Lieje-Bastonje-Liejen, euskal txirrindulariek arratsalde zirraragarriak eskaintzen dizkiguten!

Eta erorikoak ezin aipatu gabe utzi. Bat baino gehiago izan da eta datozen orduetan izango dugu eroriko horiek ondorioen berri. Beste batzuen artean, Rodriguez jausi da.