Badirudi ez zirela hain txarrak

Gaurko honetan utziko didazue pixka bat luzatzen eta aldez aurretik horregatik barkamena eskatzen dizuet. Baina uste dut jorratuko dudan gaiak merezi duela eta gainera zenbait gogoeta sakon egiteko parada dela iadanik errepideko txirrindularitza denboraldia ia-ia amaituta dagoenean. Gogoratu Tropela.net-en urteko azken lehiaketa datorren asteburuan jokatuko dela: Errepideko Txirrindularitzako Munduko Txapelketa, horren inguruan ere berri emango dugu, nola ez, leku honetan.

Geox taldearen inguruan gogoeta batzuk bultzatu nahi ditut. Vuelta amaitu da eta askorentzat sorpresa izan da sailkapen nagusiko irabazlea. Tropelako kinieletan faboritoen artean zeuden Wiggins, Nibali edo Igor Anton bera. Hirurek ezin izan diote aurtengo edizioaren garaileari aurre egin: Juanjo Cobo, Geox taldeko kantabriarra (Tropelako kinieletan soilik % 12,5ak aukeratu zuen txirrindulari hau).

Geox taldea denboraldi hasieran protagonista izan zen, eta ez beraien garaipenengatik edo kirol arrakastengatik, bulegoetako aferengatik baizik. UCIk Pro team bezala ez zuen onartu eta Tourretik at gelditu ziren. Gogoratzen naiz (oker ez banago) Xabier Usabiagak ETBn Giroko etapa bateko emanaldian ikusita Geox-ekoek ari zirena egiten, Denis Menchov sailkapen nagusian 8. gelditu zen 12 minutura, justifikatutzat bezala eman zuela Tourrak hartutako erabakia. Eta gonbidapena izan balute ez litzatekeela justua izango Tourrean aritzeko maila ez zutelako. Vuelta a España-ra arte taldeak soilik hiru garaipen lortu zituen, ospe gutxikoak gainera (Trentinoko Giroan eta Brixiako Tourrean etapa bana eta Almeriako itzulia).

Beste behin txirrindularitzaren munduak argi utzi digu gogoetak denboraldia gauzatutakoan egin behar direla. Geox taldeak bazuen nahiko maila Tourrean egoteko. Bestela zer esan dezakegu Euskaltel-Euskadi taldearen denboraldiari buruz? Beroan aipatu dute zerbait historikoa egin dutela aurten, hiru handietan etapa bat gutxienez. Igor Anton berak adierazi zuen bizikleta utz zezakeela Vueltako Bilbon amaitu zen etapa irabazi ostean. Baina historian atzera egiten badugu, eta ez bagoaz oso urrun, otsaileko hilabetean Igor Gonzalez de Galdeanok taldearen aurkezpenean denboraldiko helburuak honakoak zirela adierazi zuen: giroan etapa, Tourrean podiuma eta Vueltako sailkapena nagusia. Hori ez da burutu, beraz esan dezakegu Euskaltel-Euskadiren denboraldia porrot bat izan dela? Ondorioz ez Geox taldeak baino maila txikiagoa dauka? Ta hori horrela balitz Pro Tour taldeetatik at egon beharko luke.

Ez naiz nekatuko defendatzeaz kirolean garrantzitsuena ez dela garaipena. Batez ere kirol honetan. Taldeetan iharduten duten enpresariei soilik hori interesatzen zaie, horrek ematen diete eta irabaziak. Geox enpresarentzat, zapatila italiarrak enpresa bat, aire bulkada bat izan da lortu duten garaipena. Eta taldearentzako denboraldia salbatzeko balio izan du azken arrakasta horrek. Ikasteko asko dute baina erakutsi dute badutela nahiko maila nazioarteko lehiaketa handietan aritzeko.

Adibideak garbi ikus daitezke. Bi izar handi daude talde horretan, Denis Menchov eta Carlos Sastre. Biak itzuli handietan garaipenak eta postu onak lortuta. Baina lan egin behar izan dutenean bigarren ilaran kokatua zegoen taldekide batentzat, hor ikusi da beraien profesionaltasun handia. Eta lan hori egin dute. Matxineri asko kritikatu zitzaion Vueltan bere txirrindulari David de la Fuenteri Farraponan amaitzen zen etapa ez lehiatzeko ez uzteagatik Cobori segundo batzuk irabazten laguntzeko. Baina azkenean ikusi zen ondo jokaldia ondo atera zitzaiola. Gainera Angliruko etapa eraman zuten poltsikora. Zer gehiago eskatu dezake Pro Tour taldeen artetik kanpo dagoen talde bati?

Geox babesle bezala jarraitzea airean dago (hala ere kontratua 2013 arte da), baina Matxinek erakutsi du baliabide gutxirekin gauza asko egin dezakeela. Gogoratu 2008ko urtean Saunier Duval taldeak eman zuen erakustaldia Euskal Herriko Itzulian.

Eta bai, Coboren garaipena susmopean egongo da. Berak aitortu duen bezala. Baina gauza bat gogoratu nahi dizuet eta historian berriro atzera egin dezagun. Ez oso atzera berriro ere. Tour amaierara hain zuzen ere. Askok jarri zuten susmopean Voeckler, Rolland eta Europcar taldearen lana Tourrean. Orain ez asko atera da notizia ez zirela egon positiborik aurtengo Frantziako Tourrean. Eta orain egindako erakustaldi horiek susmopean jartzen zuten pertsona guzti horiek non daude? Gustatuko litzaidake asko ikustea Carlos de Andresen aurpegia notizia hau jakin zuenean…

Ez dut ukatuko askok susmopean jarri(ko) dutela Coboren garaipena. Baina nire ustez, bigarren ilarako txirrindulari honen garaipenak gauza soil bat adierazi lezake: txirrindularitza geroz eta garbiago dagoela.

Argazkia: http://www.marca.com

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.