2009ko Munduko Txapelketa Mendrision (eta Tropelan, noski!)

2009ko Munduko Txapelketa Mendrision

Urteko txirrindulari denboraldia amaitzera doa eta berarekin 2009ko Tropelan.net-eko lehiaketak. Zehazki igande honetan Mendrision (Suitzan) jokatuko den elite gizonezkoen txapelketak emango dio amaiera, eta aldi berean atseden, txirrindulariei.

Mendrision 262 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Ibilbide hau 13,8 kilometroko zirkuitu bati 19 itzuli emanda osatuko dute. Ibildidea esteka honetan dagoen bideoan ikus dezakezue, benetan gomendagarria. Ikusi ahal duzuen bezala, ibilbideko errepideak ez dira oso zabalak eta horrek ortzadar maillotaren lehian sartu nahiko duten txirrindulariak adi izatera behartuko ditu edozein ihesaldik lasterketa erabaki bailezake. Esaten dutenez, aspaldiko urteetako ibilbiderik gogorrenetakoa da aurtengoan prestatu dutena. Klasikomanorik gogorrenen batentzat beharbada?

Tropela.net-eko lehiaketa ere egin daiteke dagoenekoz. Oraingoan bi multzotan banatu dira. alde batetik “hautagai nagusiak” eta bestetik “besteak”. Guztira 10 txirrindulari hartu beharko dira. Ez da erraza aukeraketa. Oraingoz erabiltzaileen arabera Valverde, Cunego eta Cancellara dira faborito nagusi. Oraindik askok azken errepasoa egingo duzuenez, beharbada ez da daturik esanguratsuena momentu honetan.

Urteko azken lehiaketa izanik eta kontutan izanda zenbat puntu banatuko diren, urteko sailkapenean posturen bat edo beste aurrera emateko asmotan bazabiltzate, ezinbestekoa zaizue lehiaketa honetan parte hartzea.

Euskaldun gutxi Mendrision

Dakizuen bezala, gizonezkoen artean Juanma Garate (Espainiako txapeldun ohia) bakarrik izango da euskal ordezkaria igandeko lasterketan. Baina ez da izango bera euskal ordezkari bakarra elite mailan. Emakumezkoetan Eneritz Iturriaga izango da gaur jokatuko den emakumezkoen erlojuaren kontrako saioan eta bere esanetan lehen 20 postuetakoren bat lortzea du helburu; ea 20.etik baino 1.etik gertuago izaten den Abadiñoko txirrindularia.

Valverdek irabazi du 2009ko Vuelta

Valverde. 2009ko Vueltako garailea izango daBai, badakit ez dela Vuelta oraindik bukatu baina guztia erabakita dago. Segur aski izenburu hau astelehenean jarri izan banuen ere zuzena zatekeen.

Blogeko iruzkin batean nioen gidoi bati jarraiki joan dela Vuelta orokorrean. Argudio hori gaurko erlojupekora estrapolatuta baliozkoa da. Millarrek irabazi du etapa, Samuel Sanchezek guztia eman du etapa garaipenaren lehian sartzeko (Euskaltel-Euskadik ez baitu etaparik irabazi), baina bigarren izan da, eta ez sailkapen nagusian aurrera egiteko ezinezkoa baitzuen (beno, bai, Valverdek eroriko bat izanda edo?). Evansek (beharbada espero baino erlojupeko pattalagoa eginda) sailkapen nagusiko 3. postua eskuratzea lortu du Bassoren kaltetan. Ez baduzue ikusi ez duzue ezer galdu. Eskerrak ez duen eguraldi onik egin amorrazioak hartuko baininduke etapa aspergarri hau ikusteagatik etxean geratu izanak.

Konparazioak gaiztoak omen dira, baina etapa ikusten ari nintzela euria falta bota dut. Bai, Italiako Giroako azken etapa zenbaterainoko ona izan zen ohartu naiz Toledoko parajeak ikusiaz erreferentziak ematen ari ziren bitartean. Vueltak ez dauka beste lasterketa handien erakargarritasunaren erdirik ere nire ustez. Ez dakit ziur zergatik kendu nahi duten urre koloreko maillota eta kolore gorrikoa jarri; beharbada Espainiako Vueltan jaitsiera postuetan dagoelako, larrialdi egoeran?

Tropela Sariak 2009

Tropela.net sari banaketa 2005Aurtengo Tropela.net Sari Banaketa ekitaldia Zarautzen izango da urriaren 2a. Zehazki ekitaldia Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango da eta ekitaldiari hasiera arratsaldeko 18:30tan emango zaio.

Sari banaketan Euskal Herriko Itzuli, Italiako Giro eta Frantziako Tourreko sailkapen nagusian sarituak izango dira, eta hauetaz gain Espainiako Vueltan eta Mundialean izango direnak. Beraz, oraindik guztiz erabaki gabe daude sari banaketara etorri behar dutenak. Zehazteko, ondorengo hauek izan behar dute sari banaketa ekitaldian:

1. Euskal Herriko Itzuliko sailkapen orokorreko lehen 4 postuetan sailkatutakoak

2. Italiako Giroko sailkapen orokorreko lehen 4 postuetan sailkatutakoak

3. Frantziako Tourreko sailkapen orokorreko lehen 10 postuetan sailkatutakoak eta etapa bakoitzeko garaileak

4. Espainiako Vueltako lehen 6 postuetan sailkatutakoak

5. Munduko Txapelketako irabazlea

6. Urteko bukaerako sailkapeneko lehen 3 sailkatuak (lehiaketa guztiak amaitu eta gero, noski)

Hauei guztiei email bidez bidaliko dizuegu sari banaketa ekitaldirako gonbidapena.

Tourrean zehar aurreratzen genuen bezala, aipatutako parte hartzaile guzti hauen artean Lance Armstrong eta Alberto Contadorren maillotan zozketatuko ditugu sari banaketa ekitaldian bertan. Hori bai, zozketa honetan parte hartu ahal izateko sari banaketa ekitaldian izan beharra izango da.

Sari banaketa ekitaldia Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko esatariak aurkeztuko du eta berarekin txirrindulari profesionalen bat edo beste izateaz gain, bertsolariak ere izango dira. Ekitaldia borobiltzeko zizka mizkak eta edariak ere izango dira etorriko zareten guztiontzat.

Deignan izan da ihesaldiari etekina atera dion txirrindularia gaurkoan

Deignan. 2009ko Vueltan 18. etapan garaileEz nuen ezer idazteko asmorik, baina gaurko amaiera ikusi dudanean idaztea pentsatu dut. Ikusi baduzue jakingo duzue Deignan eta Kreuziger elkarrekin iritsi direla helmugara. Azken metroetan Irlandako txirrindularia gailendu da. Ez al dizue ezer gogora arazten? Niri bai eta hori izan da post hau idaztearen arrazoietako bat.

Gaurkoan ihesaldia. Espero bezala 1., 2. eta 3. mailako mendateak izanik. Ihesaldia txirrindulari garrantzitsuek osatu dute bertan baitziren Kreuziger, Fuglsang, Gilbert, Valjavec, Moncoutie, Taaramae, Di Gregorio, Del Nero, Hernandez Blazquez, Breschel, Cherel eta hiru euskal ordezkari, Igor Anton, David Herrero eta txirrindularitza profesionalari agur esan aurretik etapa garaipenaren bila dabilen Bingen Fernandez.

Atzean tropel nagusian Euskaltel-Euskadi eta Caisse D’Epargne izan dira tiraka, baina alferrik. Gehienez 6 minutura jaistea lortu dute tartea murriztea eta helmugan ikusi dugu tropelak amore nola eman duen, izan ere 9’41”ra ailegatu dira.

Ihesaldian saiakerarik nabarmenetan lehena Gilbertek egindakoa izan da Alto de Boqueronen gora. Tartea egitea lortu du baina gaina egin aurretik pott egin du. Tropeltxo horretan etapa garaipena lortzeko interes handia zegoen.

Tropeltxoko 10 kide inguruk bat egin dute eta beste zenbait atzean geratu dira. Hamarreko horretan David Herrero eta Igor Anton aurkitzen zen. Hala ere erasoak ez dira geratu eta Kreuziger eta Deignanen aurrera egitea lortu dute. Atzetik Fuglsang eta David Herrero saiatu dira, baina azken bi hauek dirudienez ez dute elkar ondo ulertu eta David Herrerok amore ematea erabaki du.

Azken metroetan Deignan eta Kreuzigerrek etapa garaipena jokatu beharra zuten. Orduan gazte txekiarrari Donostiako Klasikoko mamua sartu zaiola esango nuke eta berriro ere kale egin du. Deignanek egoera ondo baliatu eta etapa garaipena lortu du. Eta ez hori bakarrik, gaur lortutako errentari esker eta Danielsonek lasterketa uztea erabaki duenez, sailkapen nagusiko 8. postuan sartu da. Hori bai ihesaldiari etekina ateratzea!!

Gure euskal ordezkariei dagokionez, azkenean Igor Anton 5. sailkatu da, David Herrero 12. eta Bingen Fernandez 14. Moncoutirekin batera.

“Ikuskizunaren mesedetan”

Honela azaltzen zuen Espainiako Vueltako zuzendarietako batek larunbateko 57 erreskatatuen arrazoia.
Sierra Nevadan amaitutako etapa, aurretik Monachil igo ondoren, oso gogorra suertatu zen. Etapa ikusi zuenak argi asko daki hori. Minutadak galdu zituzten txirrindulari askok, baina ziur oraindik ere batzuk ez duzuela entzun benetan gertatutakoa kontrolez kanpo iritsi ziren 57 txirrindulariekin. Izan ere, ez du oihartzun handirik izan lasterketa jarraitzen ari diren komunikabideetan. Euskadi Irratiaren bidez ohartu nintzen ni behintzat.
Caisse D'Epargne

Asteleheneko ihesaldiko 13 txirrindularietatik 6 kontrolez kanpo iritsi ziren larunbatean. 31 minutu t’erdira iritsi ziren, kontrol itxiera 30:45ean zegoenean (etapako irabazle izan zen Moncoutieren denboraren %10). Epaileek %14ra igo zuten portzentaia (43:07) eta denak lasterketan jarraitzeko aukera izango zuten.

Tartean daude izen handiko txirrindulariak, kasuan Roels alemaniarra, Velits eslovakiarra, edo eta Iglinsky kazakhstandarra.

Zenbait datu interesgarri aipatzera noa ea nola 57 txirrindulari hauek influentzi txiki edo handia izango ote duten lasterketan.
Panderako gainean bigarren postuan sailkatu zen Fulgsang kontrolez kanpo iritsi zen Sierra Nevadan. 12 segundoko gain saria Samuel Sánchezek jasoko zituen, eta Ezequiel Mosqueran aldiz 8 segundokoa.

Columbia taldeak 6 taldekide galduko zituen, tartean Greipel, atzoko etapako garailea (iadanik 3 etapa) eta hurrengo sprintetan hautagai nagusia, eta baita Henderson ere, hau ere etapa garailea aurtengo Vueltan. Ciolek, Bozic eta Hesjedal era kanpoan lirateke.

Garmin taldeak ere 6 taldekide galduko lituzke, eta Danielson eta Martinekin geratuko lirateke soilik.
Ikaragarria.

Eta sailkapen nagusiari begira?? Ba ote dago ezkutuko gizon garrantzitsurik?? Ba bai. Lasterketako lider eta hautagai nagusi den Alejandro Valverderen 3 taldekide iritsi ziren kontrolez kanpo: Txente Garcia, Fran Perez eta Imanol Erviti euskalduna. 3 gizon oso garrantzitsu batik bat geratzen den azken aste honetarako, izan ere beste taldekideak iaioagoak dira aldapa zerura begira jartzen denean. Caisse d’Epargne ahaltsuari beraz laguntza bikaina eman diote azken sailkapen nagusi horri begira. Rabobankek adibidez ez zuen taldekiderik 57 horien artean. Breukink gozo dabil.

Argi dago Valverde dela aurtengo Vueltako hautagai nagusia. Lasterketa hasi denetik da gainera. Eta momentuz indartsuena ere bera da. Beretzat eginiko Vuelta da, eta badirudi gainera antolakuntzaren laguntza ezkutua ere baduela, Esku beltzen bat ote dago Valverderen interesak bermatzen?? Ez da lehen aldia izanen…
“Ikuskizunaren mesedetan hartu dugu erabakia, ez inoren mesedetan”. Abraham Olano eta Javier Guillén Vueltako zuzendari nagusiaren hitzak dira.

Konklusioak norberak atera ditzala…

P.D.: portzierto, Mosquerari 20’’ tako zigorra eman diote Panderako etapan bide ertzean zegoen afizionatu batek emandako ur botila bat hartzeagatik. “Legeak denei berdin aplikatu behar zaizkie” diote lasterketako zuzendariek. Seguru??