Deignan izan da ihesaldiari etekina atera dion txirrindularia gaurkoan

Deignan. 2009ko Vueltan 18. etapan garaileEz nuen ezer idazteko asmorik, baina gaurko amaiera ikusi dudanean idaztea pentsatu dut. Ikusi baduzue jakingo duzue Deignan eta Kreuziger elkarrekin iritsi direla helmugara. Azken metroetan Irlandako txirrindularia gailendu da. Ez al dizue ezer gogora arazten? Niri bai eta hori izan da post hau idaztearen arrazoietako bat.

Gaurkoan ihesaldia. Espero bezala 1., 2. eta 3. mailako mendateak izanik. Ihesaldia txirrindulari garrantzitsuek osatu dute bertan baitziren Kreuziger, Fuglsang, Gilbert, Valjavec, Moncoutie, Taaramae, Di Gregorio, Del Nero, Hernandez Blazquez, Breschel, Cherel eta hiru euskal ordezkari, Igor Anton, David Herrero eta txirrindularitza profesionalari agur esan aurretik etapa garaipenaren bila dabilen Bingen Fernandez.

Atzean tropel nagusian Euskaltel-Euskadi eta Caisse D’Epargne izan dira tiraka, baina alferrik. Gehienez 6 minutura jaistea lortu dute tartea murriztea eta helmugan ikusi dugu tropelak amore nola eman duen, izan ere 9’41”ra ailegatu dira.

Ihesaldian saiakerarik nabarmenetan lehena Gilbertek egindakoa izan da Alto de Boqueronen gora. Tartea egitea lortu du baina gaina egin aurretik pott egin du. Tropeltxo horretan etapa garaipena lortzeko interes handia zegoen.

Tropeltxoko 10 kide inguruk bat egin dute eta beste zenbait atzean geratu dira. Hamarreko horretan David Herrero eta Igor Anton aurkitzen zen. Hala ere erasoak ez dira geratu eta Kreuziger eta Deignanen aurrera egitea lortu dute. Atzetik Fuglsang eta David Herrero saiatu dira, baina azken bi hauek dirudienez ez dute elkar ondo ulertu eta David Herrerok amore ematea erabaki du.

Azken metroetan Deignan eta Kreuzigerrek etapa garaipena jokatu beharra zuten. Orduan gazte txekiarrari Donostiako Klasikoko mamua sartu zaiola esango nuke eta berriro ere kale egin du. Deignanek egoera ondo baliatu eta etapa garaipena lortu du. Eta ez hori bakarrik, gaur lortutako errentari esker eta Danielsonek lasterketa uztea erabaki duenez, sailkapen nagusiko 8. postuan sartu da. Hori bai ihesaldiari etekina ateratzea!!

Gure euskal ordezkariei dagokionez, azkenean Igor Anton 5. sailkatu da, David Herrero 12. eta Bingen Fernandez 14. Moncoutirekin batera.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.