2009ko Munduko Txapelketa Mendrision (eta Tropelan, noski!)

2009ko Munduko Txapelketa Mendrision

Urteko txirrindulari denboraldia amaitzera doa eta berarekin 2009ko Tropelan.net-eko lehiaketak. Zehazki igande honetan Mendrision (Suitzan) jokatuko den elite gizonezkoen txapelketak emango dio amaiera, eta aldi berean atseden, txirrindulariei.

Mendrision 262 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Ibilbide hau 13,8 kilometroko zirkuitu bati 19 itzuli emanda osatuko dute. Ibildidea esteka honetan dagoen bideoan ikus dezakezue, benetan gomendagarria. Ikusi ahal duzuen bezala, ibilbideko errepideak ez dira oso zabalak eta horrek ortzadar maillotaren lehian sartu nahiko duten txirrindulariak adi izatera behartuko ditu edozein ihesaldik lasterketa erabaki bailezake. Esaten dutenez, aspaldiko urteetako ibilbiderik gogorrenetakoa da aurtengoan prestatu dutena. Klasikomanorik gogorrenen batentzat beharbada?

Tropela.net-eko lehiaketa ere egin daiteke dagoenekoz. Oraingoan bi multzotan banatu dira. alde batetik “hautagai nagusiak” eta bestetik “besteak”. Guztira 10 txirrindulari hartu beharko dira. Ez da erraza aukeraketa. Oraingoz erabiltzaileen arabera Valverde, Cunego eta Cancellara dira faborito nagusi. Oraindik askok azken errepasoa egingo duzuenez, beharbada ez da daturik esanguratsuena momentu honetan.

Urteko azken lehiaketa izanik eta kontutan izanda zenbat puntu banatuko diren, urteko sailkapenean posturen bat edo beste aurrera emateko asmotan bazabiltzate, ezinbestekoa zaizue lehiaketa honetan parte hartzea.

Euskaldun gutxi Mendrision

Dakizuen bezala, gizonezkoen artean Juanma Garate (Espainiako txapeldun ohia) bakarrik izango da euskal ordezkaria igandeko lasterketan. Baina ez da izango bera euskal ordezkari bakarra elite mailan. Emakumezkoetan Eneritz Iturriaga izango da gaur jokatuko den emakumezkoen erlojuaren kontrako saioan eta bere esanetan lehen 20 postuetakoren bat lortzea du helburu; ea 20.etik baino 1.etik gertuago izaten den Abadiñoko txirrindularia.