Tropela.net-ek 3 urte bete ditu gaur. Zorionak guztioi!

3 urteOrain hiru urte jarri genuen Tropela.net webgunearen proiektua abian nahiz eta jendaurrean 2005eko Tourraren inguruko lehiaketarekin ezagutzera eman. Gaurdaino iritsi bagara, gure inguruko, babesle, laguntzaile eta webgunean parte hartzen duzuen guztioi eskerrak izan da. Eta nola ez, denbora luze honetan lanean jarraitzeko indarra zuek eman diguzue. Beraz, zorionak guztioi!

3 urte beranduago, webgunea berriro ere itxuraz berritu dugu. Eta ez hori bakarrik, gaur jarri baitugu Euskal Herriko Itzuliko lehiaketako kiniela egiteko aukera irekirik. Lehiaketa honekin Tropela.net webgunean antolatzen dugun 13. lehiaketa duzue oker ez banaiz. 13!! Hiru urte aurrerago ez genuen usteko honaino iritsiko ginatekeenik, nik ez behintzat! Ikusten duzuenez, lanean gabiltzanok oraindik gogoz ekiten diogu.

Aurtengoa zerbait berezia izango dela espero dugu. Gure esku dagoen aldetik, webgune erakargarriago, eduki interesgarriago, sari gehiago,… izaten saiatuko gara. Eta guztia sarean euskaraz txirrindularitzaz gozatzeko txoko erakargarri eta gustagarri bat izateko helburu sendoarekin. Guk geure ahaleginak jarriko ditugu, gainontzekoa zuen eskuetan dago.

Zorionak Tropela! Eta urte askotarako!!

Jens Voigt: ecce hommo

Bapatean, Abramovich bezalako aberats batek sekulako diru sorta emango balit txirrindulari talde profesional bat sortzeko, ez nuke dudarik izango lehenengo fitxaketa egiteko orduan: Jens Voigt alemaniarra. Gero etorriko ziren punta-puntako esprinterrak, igotzaileak eta etapa ehiztariak, baina lehenengoa bera izango litzateke, nahiz eta 37 urtera bidean dihoan.

Zaila da tropelean horrelako txirrindulari puska bat aurkitzea. Txirrindulari puska, bai, 1,89 metroko gizasemea baita. Baina bizikleta gainean are eta handiago bilakatzen da, bere lorpenak direla medio. Ez da igotzailea, ez dauka abiadura puntarik, erlojupeko luzeak trabatu egiten zaizkio (laburretan ona da), baina hala eta guztiz ere, 1997 urrun batean ZVVZ talde xumean debutatu zuenetik 47 garaipen lortu ditu, Criterium Internazionalean atzo lortutako sailkapen orokorra azkena izanik. Hau guztia gutxi balitz, harrigarriena da profesionaletan emandako 12 urte hauetan, ez duela bat bera ere hutsean igaro. Beti ehizatzen du zerbait.

Izan ere, ehizarako sena dauka Jensek. Nola azal daiteke bestela 4 aldiz lasterketa bera (Criterium Internazionala) edo 3 aldiz etapa bera (Euskal Herriko Itzuliko azken etapako goizeko sektorea zena) irabazi izana? Lasterketaren bati “X” bat egiten badio gorriz gizon honek, izan seguru garaipenetik urruti ez dela ibiliko. Eta hori egiteko gai oso txirrindulari gutxi dira. Paolo Bettini handia eta beste pare bat akaso.

Ez dakit noiz erretiratuko den Jens Voigt, baina egun hori iristen denean, tropelean sekulako hutsa utziko du. A ze txirrindulari puska!!

Euskal Herriko Itzulia 2008. Ibilbideari gainbegiratua.

Euskal Herriko Itzulian 2008 IbilbideaEuskal Herriko Itzulia hasteko aste bete falta denez gero, ibilibideari gainbegiratu bat ematea komeni da. Hartara gainera, Tropelak antolatutako jokoan parte hartzen dutenek erreferentzia baliagarri bat izango dute txirrindulariak hautatzerako garaian. Baina, gehiago luzatu gabe, has gaitezen etapak banan banan aztertzen:

1. Etapa: Legazpi-Legazpi (137 km.). Aurtengo edizioko etaparik laburrena (erlojupekoa salbu, noski). 3. mailako lau mendate eta 2.mailako beste hiru gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Lasterketa honetan izan ohi diren osagaiez osatutako ibilbidea, alegia. Azkeneko mendatea, Deskarga (motza baina malda gogorduna) helmugatik 6 kilometrotara kokatzen da. Hortaz, liderraren aurreneko maillota talde murriztu baten artean lehiatzea espero liteke. Hala ere, diferentziek ez lukete handiak izan behar.

2. Etapa: Legazpi-Erandio (153 km.). Continue reading “Euskal Herriko Itzulia 2008. Ibilbideari gainbegiratua.”

Gogor dator Koldo!!!

Koldo Fernandez de LarreaEuskaltel-Euskadiko Koldo Fernadez de Larreak irabazi zuen atzokoan Gaztela eta Leongo itzuliko azken etapa, Guardon hasi eta Riañon bukatu da 158 kilometroko luzera eduki duen etapa. 3 ordu, 58 minutu eta 28 segunduko denbora behar izan du helmuga gurutzatzeko eta denboraldiko bere bigarren garaipena lortu du.

Ventosok jo zuen azken metroetako lahen erasoa baina katea atera zaio eta bazirudien etapa Dekker eta Kolodren artean erabakiko zela. Baina Koldok sasoiko dela erakutsi du eta etapa bereganatu zuen.

Dirudienez Koldo Fernandez de Larrea etapak irabazteko gogoarekin dago. Atzokoan ikusi zenez azken metroetan indarrak aprobetxatzeko gai da eta Euskal Herriko Itzulira joateko sasoian dagoela uste dut. Ea sprint-eko beste etaparen bat irabazten duen eta pozen bat ematen diguten Euskaltel-Euskadikoek!!

Telebistaz etaparen amaiera ikusten ari nintzela gauza batek txunditu
ninduen, edo beharbada gaizki ikusi dut… Thomas Dekker amore ematen!? Agian Koldo asko hobetu da baina Dekkerren gandik gehiago espero nuen. Ea Koldok progresio honekin jarraitzen duen eta itzuli handiren batetan garaipenen bat eskuratzen duen! Aupa Koldo!

BOSTGARREN ETAPAKO HIRU LEHEN POSTUAK HAUEK IZAN DIRA
1. Koldo Fernández (EUS/Euskaltel) 3:58:28.
2. Thomas Dekker (HOL/Rabobank) d.b.
3. Francisco Ventoso (ESP/Andalucia) d.b.

Argazkia: www.eitb24.com

Euskal Herriko Itzulian, Tropelik ba ote?

Euskal Herriko Itzulian 2008 IbilbideaPixkanaka ari da gerturatzen tropeleko txirrindularirik onentsuenak Euskal Herriko errepideetan lanean jarriko dituen Itzulia. Apirilaren 7an emango zaio hasiera probari eta aurtengo Itzuliak, iaz bezala, 6 etapa izango ditu 6 egunetan banatuta.

Legazpin emango zaio hasiera Itzuliari eta larunbatean Orion amaituko da. Orion jokatuko den erlojupeko aldapatsu eta konplikatuak emango digu aurtengo txapelaren irabazlearen izena. Hemengo iruzkinetan aipatu dutenez, erlojupekoak ziklistek Aiara bidean igo beharreko maldak ez dira nolanahikoak. Gainera 20 kilometroko lan batean denbora tarte handiak jan edo kendu daitezkeenez etapa erabakigarria izango dela ez da zalantzarik.

Parte hartzera etorriko diren txirrindularien zerrenda ez dugu ezagutzen baina ziur gaude ziklista asko eta askok oso gustukoa dutela lasterketa hau eta apirilaren 7a iristeko irrikitan daudela. Irrikitan eta desiatzen dauden besteak zaletuak izan ohi dira. Jada mordoxka batek galdetu dute blogean ea lehiaketarik egongo den edota txirrindularien multzoak noiz publikatu behar ditugun.

Zaletu guzti hauek lasaitzeko adierazi nahi genuke Tropelak iaz antolatutako lehiaketa guztiak errepikatzeko asmoa duela eta beraz, Euskal Herriko Itzulian ere jada tradizio bihurtzen ari den txapelketa antolatzeko lanean jo eta su ari dela. Alegia, Euskal Herriko Itzulian Tropelako lehiaketa izango da eta sariekin gainera. Nabarituko zenuten bezala, Tropela.net webgunea diseinu aldetik eraberrituta dator eta Itzulian parte hartuko duten ziklisten zerrenda hein handi batean osatzen dugunean kiniela egiteko epea irekiko dugu. Ea datorren astelehenerako abian jartzen dugun Euskal Herriko Itzulia 2008. Bitartean pazientzia pixka bat eskatzen dizuegu…