2010eko taldeen analisia (III): Caisse d’Epargne, berebiziko bidegurutzean

Talde aski ezaguna da Caisse d’Epargne, eta tropelean sustrairik zaharrenetakoak dauzkan egitura, 1980an profesionaletan estreinatu zen Reynolds taldearen oinordekoa baita. Eta oraindik orain, bere hastapenetako filosofia eta izan berdinak dauzka: itzuli handietan erreferentzia izatea.

valverde

Horixe berretsi baino ez du egiten euren buru eta izar handia den Alejandro Valverde hiru asteko gizon izatera bultzatzeak. Iazkoan azkenik Espainiako Itzulian gailentzea lortu zuela, aurten Paris-en podiuma zapaltzeko asmo betean da. Zale asko eta asko dira murtziarrarentzat helburu zailegia dela pentsatzen dutenak (ni neu euren artean), baina egia da bestalde palmaresa ederki loditurik duela, huts egiteak horrenbeste kalterik egingo ez liokeela.

Alabaina, bere aurreneko koxka, gogorrena akaso, ez du Rotterdam-eko atariarekin izango espainiarrak, ez eta aurreko lasterketekin egin beharreko prestakuntzan, oraindik Puerto Operazioarekin izan zuen ustezko loturak justiziaren aurrera deklaratzera eraman duen auziagatik baizik. Eta epaiaren zain, espainiarraz gain, talde osoa egongo da, zalantzarik gabe. Horri gainera multzoaren etorkizuna kolokan egotea gehitu behar zaio, orain egun gutxi jakin baitzen ofizialki euren babesle nagusiak ez duela eurekin jarraituko.

FRANCIA CICLISMO

Ez da justua taldea Valverde-rekin hasteaz batera bukatu egiten dela esatea, nazioarteko multzorik sendoenetakoa baita Caisse d’Epargne, baina zutabe aldaezina da euren liderra, zalantza izpirik gabe, eta bere inguruan altxatzen da gainerako egitura; euren mesedetan jardun ahal izateaz gain espainiarraren alde lan egin ohi duten txirrindulariz josia dago talde nafarra. Salbuespenetako bat, beren bigarren erreferentzia den Luis León Sánchez da. Eta kasu honetan ere, bere indarrak eta lasterketan azaldutako jokaerak besterik iradoki balezakete ere (berriki lehiatutako Down Under-eko Tourrean erdietsitako etapa garaipena horren lekuko), hiru astetako gizon bilakatzeko asmotan dira Eusebio Unzue eta konpainia. Txirrindulari ausart bezain ikusgarria; ikusteke da oraindik sabaia non ote duen.

Taldeko hirugarren murtziarra ere beste eginkizun batzuentzako zuzendurik dago, taldeko gizon azkar ia bakarra baita José Joaquín Rojas. Dena den, bere abiadurak munduko onenen artera eramaten ez duela jakinda, beste ezaugarri batzuk biltzen ditu berak, ibilbide zailagoetan aukera gehiago aurkitu ohi duelarik. Hala ere, bere iparraldeko lasterketetarako zaletasunari so eginda, talderik egokienean ez dela pentsatzea ez da okerregia.

cobo

Eta ia horrarte ailegatzen da Caisse d’Epargne-k bete lezakeen espektroa. Taldeak askoz gehiago dauka, baina itzulietan maila ematen duen profila betetzen duena ia bere osotasunean. Batzuk talde buru izateko aukeraren batekin, beste batzuek ia bat bera ere ez. Hurrengo mailan, progresioagatik baino ez bada ere, Rigoberto Uran kolonbiar gazte dohatsua aurki genezake, oraindik nazioarteko erreferentzia izan gabe, izar handia izateko ezaugarriak izan badituena. Mauricio Soler herkidea ere Giroan gizon garrantzitsu izateko fitxatuko zuten seguru asko, eta berarekin batera, ondo bidean Juanjo Cobo-k ere, bere talentuari erreparatuz gero behintzat, behar luke leku batean edo bestean lider izateko aukerarik. Italian beste buru bat David Arroyo izango dela pentsa liteke, azkeneko urteotako ohiturari jarraiki, nahiz eta gerora bestelako eginkizunak ezarriko dizkioten.

marzio

Akaso Rubén Plaza izan liteke aste bakarreko lasterketaren bat lehiatzeko moduan, baina oro har gainontzeko taldeak Valverdek Frantziako Tourreko podiumerako jauzia eman nahi horretan osatutako multzoa dirudi. Egin kontu: Marzio Bruseghin (honek ere Giroan behar luke) eta Christophe Moreau zakur zaharrak fitxatu berritan, Vasil Kiryienka Bielorrusiako mando nekaezina euren artean, eta baita alor pertsonalean protagonismoa galduz dihoan José Iván Gutiérrez erlojuz kontrakoaren espezialista ere, besteak beste. Eta horiekin batera, bakoitza bere eginkizunekin, talde nafarrean diren lau euskal herritarrak: Txente Garcia hilezkorra, bere ondorengoa dirudien Imanol Erviti, Xabier Zandio talde-lagun aparta, eta David Lopez eskalatzaile fina.

Aurrez aipatutako batzuk (Uran eta Rojas kasu) ere oraindik gazteak badira ere, alor honetan zailtze bidean diren beste gizon batzuk ere aipatu behar dira. Hauen artean, Rui Costa portugaldarra da esanguratsuena, iazkoan ezertan bereziki nabarmendu gabe eremu guztietan ongi molda daitekeela erakutsi zuena. Gizon indartsua izateaz gain, erlojuaren aurkakoan sendoa, mendian gora ez da gaizki moldatzen, hortaz aurten derrigorrean jarraitu beharreko gizonetako bat dugu. Costa Ricako Andrey Amador-ek ere hasiera batean antzeko txirrindularia dirudi, nahiz eta bere garapenak motelagoa dirudien, Ángel Madrazo espainiarrarekin gertatzen den bezalaxe.

Esan bezala, tropeleko talderik indartsuenetakoa da Caisse d’Epargne, bai banan-banan zein talde gisa hartuta. Alabaina, Martxoa aldera jakingo den epaiak esango du taldeak bide beretik jarraituko duen, multzo handi xamarra Valverde-ren eginkizunetara kateaturik dela, edo guzti horiek beren aukerak jorratzeko modurik izango duten. Bigarren kasu honetan, epaiak Valverde errudun joko balu alegia, Joaquim Rodriguez eta Dani Moreno jada taldean ez izatea, Oscar Pereiro-z gain, antzemango lukete seguru asko, kataluniarraren kasuan batik-bat. Badaezpada, iazko Espainiako Itzuliko garailea denboraldi hasieran ohikoa baino gehiago lehiatuko dela dirudi. Hortik aurrerakoak, ikusi behar. Edozein kasutan ere, Unzue-renek ez dute lo hartzerik, ez inongo gertakariren zain egoterik, egiturak bere horretan jarraituko badu.

Galdera ikur ugari beraz aurtengoan taldearen inguruan. Erantzunak, datozen hilabeteotan.

Frantziako Tourra. Multzoen analisia (V). Euskaldunak

Mikel AstarlozaIkurrinen taldean 14 txirrindulari aurkitzen dira, eta horietatik bi aukeratu behar. Ohiko den bezala, gehienak Euskaltel-Euskadikoak dira, taldeko bederatziak alegia. Gainontzeko 5 txirrindulariak talde banatan aurkitzen dira sakabanatuta, Ag2R, Astanak, Caisse d’Epargne, Cofidis eta Rabobanken. Azken hauek normalean talde buruari laguntzen jardungo dute, beraz, sailkapen nagusiari dagokionez, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak hartu behar aintzakotzat.

Zalantzarik gabe faboritori garbiena Mikel Astarloza da. Pasaiako txirrindulariak sasoiko dagoela erakutsi zuen Dauphine Libéré lasterketan eta Tourrera puntu-puntuan iritsiko delakoan naiz. Talde buru nagusia bera izango da, zalantzarik gabe, eta dituen doai guztiak erakutsi beharrean izango da sailkapen nagusiko lehen postuetan izan nahi badu. Eta talde buru nagusi nioen, nire ustez bigarren maila batean, presioa kentzeko edo, Igor Anton aurkitzen da. Egindako adierazpenetan helburua etapa garaipena omen du galdakarrak. Nire ustez, ordea, mendian ondo ibiliko da eta aukerarik badIgor Antonu lehen sailkapen nagusiko lehen postuetan ikusiko dugulakoan naiz.

Gainontzeko taldeetan aurkitzen diren euskal txirrindulariak talde buruentzat lanean arituko direla esaten nuen. Haimar Zubeldiaren kasua ere berdin izango da, baina zalantza asko ditut usurbildarraren inguruan. Irratian entzun nion “Contadorren itzala” izango dela, berak agindu hori omen du. Egia da Contadorrentzat lan egin beharko duela, baina horrek berak ez al dio eragingo aurrealdean ibiltzea? Iazko sailkapenari begirada bat ematen badiozue, Sastrek irabazi zuen hartan (gogoratzen ez bagara ere), bere atzetik sailkatu zen hurrengo taldekidea Frank Schleck izan zen 6. postuan. Dauphine Libérén ere ederki bili zen eta esan bezala, honek guztiak zalantzak sortzen dizkit.

Haimar ZubeldiaEuskaltel-Euskadi taldera itzuliz Egoi Martinez eta Amets Txurruka etapa ehizean ibiliko direla, edo behintzat saiatuko direla uste dut. Egoi ihesaldietan sartzen saiatuko da aspaldian egin ohi duen bezala eta garaipenen bat lortzen saiatu. Amets oilarrek interesik izan ez dezaketen mendateren batean saiatu beharko luke. Garbi dago etapa garaipenen bat eskuratuko balute ez hartzeaz damutuko garela.

Koldo Fernandez de Larrea zalantza izan da azken une arte bederatzikotan sartu ala ez. Azkenean Tourrean izango da eta sasoi puntu onean ikusiko dugula uste dut, baina ez irabazteko moduan. Ez lehen astean behintzat, esprinter asko izango baitira etapa gosez eta bera baino maila altuagoko txirrindulariak izango dira tropelean. Azken astera ondo iristen bada aukerak izan ditzake pozen bat emateko.

Gainontzeko txirrindulariei dagokienez (Juanma Garate, Jose Luis Arrieta, Bingen Fernandez, Xabier Zandio, Juanjo Oroz, Alan Perez, Ruben Perez eta Gorka Verdugo) ez dut uste puntu gehiegirik pilatzeko moduko txirrindulariak izango direnik, nahiz eta suguru nagoen beraien taldekideek arras eskertuko dutela beraien lana 3 asteko lasterketa luzean zehar.

Esan bezala, Haimar Zubeldiarekin zalantzak izanda, segurura joko dut eta nire hautaketan Mikel Astarloza eta Igor Anton sartuko dituk.