Gaurkoan ihesaldia espero genuen eta hala izan da. Bonnafond, Gatto eta Klostergaardekin batera Kiryienka eta Scarponi txirrindulariak ihesaldiari ekin diote. Zalantzarik gabe azken bi hauek zerbait egingo zutela garbi zen eta ihesaldiak helmugaratzea lortuko bazuen bi hauen artean izango zela etapa garaipena. Halaxe suertatu da. Hochkrimm lehen mailako portua Scarponi eta Kiryenkak tandemak igaro du, eta azken kilometroetan, matxura eta ezintasunak jota, Scarponik etapa garaipena lortu du tropelari 32 segundoko errenta atereaz.
Dagoeneko sei etapatatik lau italiarrek irabazi dituzte: Petacchik bi, Killerrak bat eta Scarponik gaurko bestea. Menchov (atzoko erakustaldi bikainaren ondoren) eta Cavendish (lehen eguneko taldekako erlojupeko etapa garaipenaren ostean) dira italiarren artean txertatu direnak.
Atzo Euskal Herriko egunkari batean italiarrek Giroan duten protagonismoaz irakurri nuen. Ez zen, ordea, txirrindulari italiarrak laudorioztatzeko, dopinarekin erlazionatzeko baizik. Paperezko prentsa honen arabera, italiarrek erabateko askatasuna omen dute Italian eta horregatik omen dabiltza bertako txirrindulariak lasterketaren buruan. Benetan harritu egin nituen horrelakoak irakurtzea ez baitzen iritzi artikulua, bezperako etaparen kontakizuna baizik. Askorako eman dezake aipu honek, baina ez da post honen helburua. Egia dena da italiarrak ohi bezala lasterketaren lehen postuetan ikusten ari garela lehen aste honetan, baina gai izango al dira maila honi eusteko geratzen diren etapa guztietan?
Multzo honetan izenik bada, Lance Armstrong da. Bere itzulerako denboraldian lehenengo aldiz Italiako Giroa egitea zuen urteko lehen helburu eta pasa den hilabetean lepauztaia apurtu izanak ere ez dio hori galaraziko. Ez dut irabazteko moduan ikusten, baina hainbat aldiz erakutsi duen lehiakortasunaz erraz sar daiteke top 10ean.
Italieraz ezer gutxi dakit nahiz eta lurralde horretan izana naizen eta pizzak gustoko ditudan: ragazza, tutto eta gutxi gehiago. Eta beharbada izenburuan ere hanka sartu dut (zuzenketak gustura onartzen ditut), baina seguru Valverdek beste ezetz.