Ma come, Valverde!

Valverde, Le Figaro irakurtzenItalieraz ezer gutxi dakit nahiz eta lurralde horretan izana naizen eta pizzak gustoko ditudan: ragazza, tutto eta gutxi gehiago. Eta beharbada izenburuan ere hanka sartu dut (zuzenketak gustura onartzen ditut), baina seguru Valverdek beste ezetz.

Zurrumurru asko izan dira azken urteotan Italiako Komite Olinpikoa (IKO) eta Valverderen artean. 2006ko maiatzean argitara ateratako Puerto Operazioaren eskandaluaz geroztik, Madrilgo epaileek ‘Valv-Piti’ odol poltsak Valverderekin zerikusirik ez zuela zioten bitartean, Italiarrak, beharbada Basso eta Scarponiren erruduntasunak eragindako kalteaz edo, Valverderen erruduntasunean sinisten zuten. Valverdek ez du (oker ez banaiz behintzat) 2006ko maiatzaz geroztik Italiako lehiaketatan parte hartu, baina iaz hanka sartu zuen. Edo beharbada Tourrak italiarrekin bat eginda hanka sartzera bultzatu zuten.

Gogoan baduzue, iazko Tourreko 15. etapa Embrun eta Prato Nevoso artean jokatu zen. A ze kasualitatea, Italiako lurretan! Valverde Italiako lurzorua ekiditen ibili izan bazen, iaz Tourreko legeak inposatuta, Italiaraino iritsi zen. Hobeto esanda, IKOko kideen eskuetaraino eta hauek ez zutek aukera alferrik galdu. Valverde 5. iritsi zen helmugara eta zuzenean odola ematera joan behar izan zuen Frank Schleckekin batera (etapako garailea).

Egun haietan ez genuen inolako berririk jaso, dopin zantzurik izan ez zenaren seinale, baina Italiarrak hilabete hauetan bulego eta laborategietan haritu direla jakin dugu gaur. Bulegoetan Eufemiano Fuentes adiskidearen ‘Valv-Piti’ poltsaren lagin bat eskuratu nahian, eta ondoren laborategian Prato Nevoson bildutako odol espainiarrarekin DNA (azido desoxirribonukleiko) konparatzeko. Ez dakit Gante edo Chatenay-Malabryko laborategian egin dituzten azterketa horiek, baina kontua da Italiarrek odol hori bera dela ondorioztatu dutela azterketa horietatik. Ondorioz, Italiara bueltatzera behartua izango da affairaren inguruan argibideak emateko.

Murtziarra Mallorcako errepideetan dabil Challengea korritzen. Beharbada ez da bihar irteeran izango, beharbada bai. Hala ere, ez berari ez eta taldeari inork ez omen dio deirik egin Italiara azalpenak ematera joateko. Baina seguru naiz IKOk berria plazaratu duenean froga sendoak izango dituela eta murtziarrak gaur ez duela lo lasai egingo.

Egia esanda bazen garaia norbaitek Valverderen erruduntasunaren inguruan frogaren bat lortzeko. Valverdek lau haizetara edozein froga egiteko prest dagoela aireratzen duen bitartean, Madrilgo epaileek Puerto Operazioa itxi zuten ‘Valv-Piti’ odol poltsaren jabea nor zen jakin gabe. Txirrindulari zaleok zalantza askorik ez genuen (nik bat ere ez), baina epaileak ezin Valverderi odol laginik eskatu poltsa bere ez zela ziurtatzeko. Azkenean italiarrak izan dira.

Apustu egingo nuke aurtengoan Valverdek ez duela aurten Tourra lehiatuko.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.