Bertagnollik Diquigiovannirentzat bigarren garaipena

Bertagnolli. 15. etapan garaipenaGaurkoan, atzokoan gertatu bezala, eguneko ihesaldiko kide batek bereganatu du etapa. Hori Bertagnolli italiarrak gauzatu du, Simoniren taldekide eta lagunak. Horrenbestez, Diquigiovannik aurtengo Giroan bigarren garaipena gehitu du Scarponirenaren ostean.

27. kilometroan 14ko taldetxo batek tropeletik ihestea lortu du eguneko ihesaldia gauzatuz. Ihesaldi hau Navarro, Lastras, Pauwels, Grivko, Stangelj, Marzano, Montaguti, Facci, Bertagnolli, Serpa, Bak, Eskov, Pinotti eta Vorganov txirrindulariak osatu dute. Kilometro batzuk aurrerago Donati eta González Baezak tropeletik alde egin eta aurrekoekin bat egitea lortu dute. Hamaseikoa, beraz, osatu dute. Tropeltxoak 5’26”ko tartea izatera iritsi dira tropel nagusiarekiko.

Etapa nahiko aspergarri joan dela esan daiteke Monte Casalera arrimatzen hasi diren arte. 40 kilometro helmugarako tropela hautsi egin da Liquigas gogor tropel buruan tiraka hasi denean. Faborito guztiak aurreko multzo nagusian mantentzea lortu dute Simonik izan ezik. Liquigasek garbi zituen bere lana, gogor tira egin Bassok erasoa jo zezan Monte Casale portuaren igoeran. Gallarateko txirrindulariak sailkapen aurrera egin nahi badu arriskatzea tokatzen zaio maillot arrosa 3 minutu eta 3 segundotara baitu.

Bassok eraso gogorra jo du eta faboritoen taldea atzean uztea lortu du. Jarraitzeko gauza izan den bakarra Garzelli izan da. Orduan hasi da lasterketa interesgarri jartzen. Armstrong, berriz, tropel nagusiaren atzealdean sufritzen ari zela ikusi dugu. Bi italiarrek minutu inguruko tartea ere izan dute maillot arrosarekiko eta eguneko ihesaldian ziren txirrindulari batzuk ere harrapatu dituzte bidean.

Aurrealdean, Pauwels, Pinotti, Bertagnolli eta Marzano txirrindulariak izan dira Monte Trebbioren igoera hasierako hamasei laguneko taldetik geratu direnak. Indarrak ez zeuden sobran, eta Marzano lehenik eta Pinotti gero geratu egin dira portuaren igoeran. Bertagnolli eta Pauwels bikoteak osatu dute, beraz, lasterketa burua. Hauek Monte Trebbio elkarrekin pasa dute baina beherakoan, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak medio, Pauwels geratu egin da eta Bertagnollik bakarrik egin du aurrera, helmugara iritsi arte. Taldearen erabakia? Auskalo! Ez zait iruditzen Gerransen atzoko garaipenarekin Cervélo garaipenez ase geratuko zenik.

Sailkapen nagusiko lehia, berriz, atzealdean zen. Esan bezala, Basso eta Garzellik tartea atera nahi zioten Menchovi, baina azkenean esfortzu handiaren ondoren Monte Trebbio jaisterakoan tarteak txikitzen joan direla ikusita, amore eman dute bi italiarrek. Pena. Ikuskizuna eman dute behintzat, baina horretan geratu da.

Etapa garaipena Bertagnollirentzat, bigarren Pauwels atzeko taldetxoan esprinta irabaziz (oraindik ulertzen ez dugun jokabidearen ondoren) eta hirugarren Pinotti italiarra. Sailkapen nagusiari dagokionez aldaketa nabarmenik ez Simonirena izan ezik. Honek sailkapen nagusiko 8. postutik 26.eraino egin baitu atzera gaurko etapan ia 18 minutuko atzerapenarekin heldu ostean.

Iban Mayozen erorikoa

Gaurko etapan Iban Mayozek erorikoa izan du. Berrien arabera jaitsiera batean izan da eta ez dirudi larria denik, ea horrela den. Gure animorik beroenak Ibanentzat.

Aurreko asteburuan Pedro Horrillok erorketa larria izan zuen. Honenbestez bi euskaldun geratzen dira aurtengo Italiako Giroan, David Lopez eta Iker Camaño.

Menchovek bigarren garaipena eta Giroko lidertza

Menchov. 12. etapan garaileRabobankeko liderrak 2009ko Italiako Giroa irabazi nahi duela argi erakutsi zuen atzokoan. Erlojupeko ikaragarria egin zuen eta behar besteko tartea atera zion Killerrari maillot arrosa kentzeko.

Atzoko greba egunak Italiako Giroari eragin ziola esan daiteke. Asko ginen atzoko erlojupekoa ETBn ikusteko irrikan, baina langileek greba egiteko erabakia hartuta ez zuten erlojupekoa eskaini. Hala ere Tropela.net-eko erabiltzaileek etapa internet bidez jarraitzeko beharrezko argibideak emanda ikusi nahi zuenak ikusteko aukerak izan zituela uste dut.

Esan bezala Menchovek izugarrizko erlojupekoa egin zuen eta Giroa irabaztera doala argi utzi. Atzokoa bigarren etapa garaipena izan zuen errusiarrak eta garaipen hau oraindik ospitalean den Pedro Horrillori eskaini nahi izan dio. Bazirudien atzoko etapak sailkapenean aldaketa handiak eragingo zituela, eta hala izan bazen ere, ez nuen usteko Di Lucak hain erlojupeko ona egingo zuenik. Harrituta utzi ninduen. Azkenean maillota galdu bazuen ere, bigarren postuari eusteko moduan izan da 34 segundoko tarte txikiarekin. Leipheimer amerikarrak ere berdin pentsatuko zuela uste dut, honek ere erlojupeko bikaina egin bazuen ere, ez baitzen Killerra gainditzeko gai izan eta 6 segundotara geratu da. Argi dago, beraz, Di Lucak ez duela hain erraz etsiko eta arerioei kolpe psikologiko gogorra eragin diela, hori uste dut bederen.

Lasterketa ikusten hasi nintzenean Pinottik zuen denborarik onena. Espezialista izaki, erreferentzia ona zela uste nuen, baina zeharo harritu nintzen Viscontik helmuga pasa zuenean. ISDko txirrindulariak 39 segundotan hobetu zuen denbora. Ezin, ordea, denbora hau hobetuko ez zutenik pentsa tarteko helmugetan denbora hobeak egiten ari baitziren ondorengo txirrindulariak. Wiggins izan zen, oker ez banaiz, denbora hobetu zuen hurrengo txirrindularia. Ingelesak 49 segundotan hobetu zuen denbora. Oraindik denbora hobeak etortzekoak ziren, eta horretan Brajkovic, Garzelli eta lehen aipatutako Leipheimer eta Menchov izan ziren.

Lasterketa ikusteko aukera izan zenutenok pentsatzen dut nirekin ados izango zaretela etapako protagonista nagusia Armstrong izan zela esaten dudanean. Hori da jarraipena egin ziotena Texaseko txirrindulariari! Ezin da ukatu amerikarra nahiko ondo ibili zela eta sailkapen nagusian aurrera egin duela, baina lasterketaren denbora gehiena berari eskaintzea… Argi dago Astanako “izarrak” medioak erakartzen dituela eta atzokoan ere hala izan zen.

Bukatzeko, gainontzeko faboritoen inguruan esan Basso espero baino apalago ibili zela. Ezin esan Giroaren garaipenaren lehiatik kanpo dagoenik, baina ez zituen sentsazio onak adierazi. Sastre, berriz, erlojupekoetako espezialista ez den heinean lan ona egin zuela esango nuke. Pellizotti ere bikain.

Gaurkoak esprinteko etapa izango denaren itxura guztia du. Cavendish eta Petacchiren berdinketa haustearen eguna izan daiteke beraz.

Contador jaun eta jabe Zallan

Alberto ContadorEspero bezala, Contadorrek erraz poltsikoratu du Euskal Herriko aurtengo itzulia. Itzulia eta bigarren etapa garaipena, bigarrenez jarraian. Eskerrak Samuelek erlojupeko txukuna egin duen ze bestela aurreratu egingo baizukeen. Maldan gora eta behera ziztu bizian joan da eta azkenean bigarren sailkatuari, Colomi, 30 segunduko errentarekin gailendu zaio sailkapen nagusian. Hori bai, aipatzekoa Colomek egindako erlojupekoa, Contadorrek mallorkiarra itzalean utzi badu ere, merezitako bigarren postua lortu baitu, bai etapan baita sailkapen nagusian ere. Samuelek podium egitea lortu du eta ez da gutxi izan (galtzerdietako eraztun olinpikoek lagundu al diote?). Evansek, berriz, espero baino maila baxuagoa eman du eta podiumetik kanpora geratu da ondorioz. Continue reading “Contador jaun eta jabe Zallan”