Menchovek bigarren garaipena eta Giroko lidertza

Menchov. 12. etapan garaileRabobankeko liderrak 2009ko Italiako Giroa irabazi nahi duela argi erakutsi zuen atzokoan. Erlojupeko ikaragarria egin zuen eta behar besteko tartea atera zion Killerrari maillot arrosa kentzeko.

Atzoko greba egunak Italiako Giroari eragin ziola esan daiteke. Asko ginen atzoko erlojupekoa ETBn ikusteko irrikan, baina langileek greba egiteko erabakia hartuta ez zuten erlojupekoa eskaini. Hala ere Tropela.net-eko erabiltzaileek etapa internet bidez jarraitzeko beharrezko argibideak emanda ikusi nahi zuenak ikusteko aukerak izan zituela uste dut.

Esan bezala Menchovek izugarrizko erlojupekoa egin zuen eta Giroa irabaztera doala argi utzi. Atzokoa bigarren etapa garaipena izan zuen errusiarrak eta garaipen hau oraindik ospitalean den Pedro Horrillori eskaini nahi izan dio. Bazirudien atzoko etapak sailkapenean aldaketa handiak eragingo zituela, eta hala izan bazen ere, ez nuen usteko Di Lucak hain erlojupeko ona egingo zuenik. Harrituta utzi ninduen. Azkenean maillota galdu bazuen ere, bigarren postuari eusteko moduan izan da 34 segundoko tarte txikiarekin. Leipheimer amerikarrak ere berdin pentsatuko zuela uste dut, honek ere erlojupeko bikaina egin bazuen ere, ez baitzen Killerra gainditzeko gai izan eta 6 segundotara geratu da. Argi dago, beraz, Di Lucak ez duela hain erraz etsiko eta arerioei kolpe psikologiko gogorra eragin diela, hori uste dut bederen.

Lasterketa ikusten hasi nintzenean Pinottik zuen denborarik onena. Espezialista izaki, erreferentzia ona zela uste nuen, baina zeharo harritu nintzen Viscontik helmuga pasa zuenean. ISDko txirrindulariak 39 segundotan hobetu zuen denbora. Ezin, ordea, denbora hau hobetuko ez zutenik pentsa tarteko helmugetan denbora hobeak egiten ari baitziren ondorengo txirrindulariak. Wiggins izan zen, oker ez banaiz, denbora hobetu zuen hurrengo txirrindularia. Ingelesak 49 segundotan hobetu zuen denbora. Oraindik denbora hobeak etortzekoak ziren, eta horretan Brajkovic, Garzelli eta lehen aipatutako Leipheimer eta Menchov izan ziren.

Lasterketa ikusteko aukera izan zenutenok pentsatzen dut nirekin ados izango zaretela etapako protagonista nagusia Armstrong izan zela esaten dudanean. Hori da jarraipena egin ziotena Texaseko txirrindulariari! Ezin da ukatu amerikarra nahiko ondo ibili zela eta sailkapen nagusian aurrera egin duela, baina lasterketaren denbora gehiena berari eskaintzea… Argi dago Astanako “izarrak” medioak erakartzen dituela eta atzokoan ere hala izan zen.

Bukatzeko, gainontzeko faboritoen inguruan esan Basso espero baino apalago ibili zela. Ezin esan Giroaren garaipenaren lehiatik kanpo dagoenik, baina ez zituen sentsazio onak adierazi. Sastre, berriz, erlojupekoetako espezialista ez den heinean lan ona egin zuela esango nuke. Pellizotti ere bikain.

Gaurkoak esprinteko etapa izango denaren itxura guztia du. Cavendish eta Petacchiren berdinketa haustearen eguna izan daiteke beraz.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.