(Karabie gaztetxekoen gutuna)
Aupa lagunok! Aspalditik dator horrelako lasterketa bat ikusteko gogoa, arratsalde baten egin zen plana, Lemoako Karabie gaztetxeko bederatzi lagunen artean. Argi geneukan nora gindoazen baina ez nola, eta aste batzuetan, geneuzkan posibilitateak aztertuz, kotxean joatea erabaki genuen, mugitzeko aukera gehiago edukitzeko.
Bidatz-orria egina zegoen; Euskal Herritik irten, Flandes bixitatu eta igandean Paris-Roubaix lasterketa handia ikusi!
Apirilak 8, iritsi zen eguna; A8 autobidea hartu eta martxan jarri ginen. 1200 kilometrotako ibilbide luzea. Paris pasata lo egitea erabaki genuen, eta hurrengo egunean Leuven-era heldu.
Apirilak 10 eta 11 Gent eta Brugge-n egon ondoren, iritsi zen egutegian markatuta geneukan eguna. Brujasetik goizean goiz irten eta gustuko “pabe” sektorearen bila. Urduritasuna nabaria zen gure artean. 10:30 aldera Mons-en-Pévèle 10. sektorean geunden. Oso jende gutxi zegoen, karabana batzuk eta gu! 3 kilometroko sektorea, sarrera oso txarrekoa, 90ºko kurba bi eta sektorearen bigarren aldea oso irregular.
Eguerdian juniorrak ikusi ondoren, bazkaldu eta laster bete zen gunea. Laurak pasata ziren; sarrera telebistatik ikusi eta errepide alboan jarri ginen. A ze momentuak. Abiadura handiz pasa zen faboritoen taldea, Tom Boonen buruan zela. Ikustekoak ziren gure aurpegiak. Hori abiadura!!!
Aurreko taldea pasata euskaldunen zain geratu ginen. Aitor Galdos, Imanol Erviti, Pedro Horrillo, Markel Irizar, Pablo Urtasun pasa ziren, nahi baino gutxiago baina han urratu genuen eztarria.
Boonenek nola irabazten zuen ikusi eta gero abiatu ginen berriro etxerantz. Bidaia oso luzea aurretik baina bizitako esperientzia oso onarekin!
Testua eta argazkiak: Karabie Gaztetxea (Lemoa)
Txirrindulari gisa bidea egiteko balio ez zuela ikusita, Lefevere azkarrak bandoz aldatu eta zuzendari zein manager lanetara pasa zen. Honela, 90ko hamarkadan denok ondo ezagutzen dugun Mapei (1993-2002) talde arrakastatsuan erakutsi zuen bere benetako balioa kirol zuzendari bezala. Egun bakarreko lasterketetan ez zegoen talde hura bezalakorik. Musseuw, Bartoli, Ballerini, Bettini, Tafi, Bugno, Peeters, Camenzind, Bortolami, Steels handiak, Vandenbroucke, Merckx, Garzelli eta Freire gazteak (garai hartan) edota gure Abraham Olano aipa genitzake. Itzuli handietan ere zerbait lortu zuten, batez ere Rominger eta Tonkov errusiarrari esker. Lefevere aztiaren urrezko garaia izan zen. Denboraldi bakoitzean 50 garaipenetik gora lortzen zituen taldeak eta urte batean izan ezik, beste guztietan Mapei UCI rankineko lehenengoa izan zen. Nostalgikoentzat, talde honek hainbat abizen izan zituen bere kirol bizitzan: Clas, GB, Bricobi eta QuickStep.
Iparraldeko Kanpainaren aurreneko asteak historia belikoaren orriak elikatu ditu. Garaileak eta garaituak izan ziren La Pango hiru egunetan eta, batez ere, Flandesko Tourrean. Muinoetan gertatutako guduak ikustekoak izan ziren, eta azkenean Devolder Quick Step dibisioko flandestarrak bere eskutan zuen morteroa hartu eta geratzen zitzaion azkeneko lehergaia piztu zuen. Bai eta helburuan bete-betean asmatu ere. Boonen kapitainaren laguntzak ere izan zuen zerikusirik bere garaipenean.
Hori bai, Iparraldeko Kanpainiako fase erabakior honetako aurreneko astea hiru egunetako lasterketa batekin hasiko da gaur, La Panne-go hiru egunekin hain zuzen. Formatua urtero berdintsua izan ohi da. Aurreneko bi etapetan igandean De Ronde handian igaro beharko dituzten hainbat aldapa edo berg igoko dituzte. Gaurko etapa gogorxeagoa da eta biharkoa luzexeagoa. Bi egunotan sailkapena lehiatuko dutenen zerrenda definitu beharko litzateke, osteguneko erlojupekoan (goizean beste sektore bat izango bada ere) dena erabakiko delarik.