Eta bigarren garaipena Juanma Garatek!!

Juanma Garate. 20. etapan garaipenaAzken sei urteetan etapa garaipenik lortu ezinda ibili eta gero, aurtengo edizioan bi etapa garaipen lortu dituzte gure txirrindulariek. Gaurkoan Juanma Garate izan da Martin-i aurre hartuta etapa garaipen itzela lortu duena, non eta Mont Ventoux mendate mitikoan. Zorionak Juanma!

Azken aurreko etapa izaki eta Mont Ventouxen gainean bukatzen zela ikusita, sailkapen nagusiko postuen lehian dabiltzanak zalaparta sortu beharra zuten zerbait egin nahi bazuten. Lehia horrek etapa garaipena aurtengo Tourreko gizonik indartsuenen artean izango zela pentsatzen genuen, baina ez da hala izan.

Eguneko ihesaldian zen Juanma Garate, Ruben Perez, Delage, Gutierrez, Posthuma, Martin, Kuschynski, Roulston, Riblon, Geslin, Bonnet, Righi, Lemoine, Dumoulin, Timmer eta Bouet txirrindulariekin batera. Tropelak ihesaldia 5 minutu ingurura izan du Mont Ventouxeko igoerara gerturatu artean, baina behin igoerari ekiteko 5 kilometro inguru falta zirela, Astana eta Saxo Bank txandakatuz tropel nagusia luzatu dute mozketa bat eragiteraino. Orduan iheslariekiko errenta murrizten joan denez, Juanma Garatek erasoa jo du aurreko tropeltxoan eta Martin eta Riblonek aurrera egin dute. 21 kilometroko portua luzea zen eta indarrak ongi dosifikatu beharrak zeuden eta ederki egin dutelakoan naiz.

Atzealdean sailkapen nagusiaren lehian zebiltzan txirrindulariak erasoka hasi dira. Andy Schleck izan da hamaika eraso egin dituena, baina Contador erne zen erasoak baliogabetzeko. Frank ere saiatu da birritan, baina honen zaintza lanetan Armstrong ederki moldatu da. Sailkapen nagusiko lehen txirrindulariak, beraz, beraien postuak babesten edo eta hobetzeko saiakeratan ziren. Noski, erasoen ondoren atsedenaldiak izaten ziren eta hori bikain etorri zaie aurreko hiru iheslariei bestela harrapatuko baitzituzten.

Azken kilometroetan Riblonek ezin zuen beste bien erritmoarekin jarraitu eta geratu egin da. Atzetik, berriz, sailkapen nagusiko lehiatik kanpo zela aprobetxatuz, Pellizottik aurrera jo du etapa garaipenaren bila, baina ez da gauza izan aurreko biak harrapatzeko. Gauzak horrela, etapa garaipena Juanma eta Martinen artean zen. Azken kilometroan bigarren erasoa jo du. Lehenengoan Martin hurbiltzeko gauza izan bada, azken honetan nahikoa izan da egin duen ahalegina eta etapa garaipena eskuratu du Mont Ventoux handian. Honi eskerrak, Rabobankek aurten eman duen irudi kaxkarra itxura hobetzea lortu du.

Faboritoen artean Schleck anaiak gogor aritu diren arren, lortu duten gauza bakarra Franken postua aurreratzea izan da Klöden atzeratuta iritsi baita helmugara. Ezin esan Schleck anaiak saiatu ez direnik, baina bai Armstrong baita Wiggins bera ere ederki aritu diran beren postuen defentsa lanetan.

Ez zaigu ahaztuko aurtengo Tourra hain erraz. Mikel Astarlozak asteartean Alpeetan eta gaur Juanma Garatek Mont Ventouxen bi garaipen ekarri dituzte Euskal Herrira. Zorionak biei bihotz bihotzez!!

Argazkia: www.cyclingnews.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.