Mont Ventoux-en lider berriak etapa opari

Valverde eta Szmyd Mont Ventoux-eko helmuganAtzoko etapa ikusteko aukerarik ez nuen izan. Pena, benetan, baina zenbait kronika irakurtzen aritu naiz eta harrituta utzi nau Valverderen jarrerak. Ikusteko aukera izan duzuenok zuzenduko nauzue, baina post hau idazteko modukoa iruditu zait.

Badirudi Valverdek Tourrean korritzeko aukera ez duela guztiz baztertu eta gaurko etapan zer emateko gai den erakutsi nahi zuela. 9. kilometroan jotako erasoaren ondoren Evans eta gainontzeko faboritoak utzita aurrera jo du. Szmyd izan du bidelagun murtziarrak eta aurretik ziren gainontzeko txirrindulariak gaindituz joan dira igoeran aurrera joan diren heinean. Faboritoekiko denbora tartea handitzen joan da eta helmugara heltzerako Valverde Dauphiné Libéréko lider berria zen.

Bazirudien “etapa zuretzat eta lidergoa niretzat” hitz egin beharrik gabe adosten den paktua beteko zela eta halaxe izan da. Azken 500 metroetan Szmydi “zangoak gelditu zaizkio” eta aurrera jo ezinda geratu omen da. Valverdek, indarrez sobra, zain egotea erabaki du garaipena Liquigaseko txirrindulariarentzat izan zedin. Esan bezala, murtziarrarentzat maillot horia eta etapa garaipena poloniarrarentzat.

Egin dituzten adierazpenen arabera ez omen dute ezer adostu. Izan daiteke, baina garaipenak hain garesti diren egun hauetan ezagutzen ez dugun beste arrazoiren bat egon daitekeela uste dut. Hona hemen Valverderen hitzak, zuek epaitu:  “Etapa ez da zehazki opari bat izan. Szmydek zangoak (etapa) irabazteko modukoak zituen. Nik bere lankidetza eskertu diot. Biok kirol gizonak gara”.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.