2009ko denboraldia amaitu zaigu

Tropela.net2009ko denboraldia igandean jokatu zen Mendrisioko Munduko txapelketarekin amaitu genuen. Orain sarituak izan zareten guztioi sariak banatzea besterik ez zaigu geratzen eta hori ostiral honetan egingo dugu Urola Kostako Udal Elkarteak duen egoitzan.

Aurtengoan Euskal Herriko Itzuliko lehiaketarekin hasi eta atzoko Munduko Txapelketa arte izan ditugu lehiaketak. Lehiaketa berri bat ere sartu dugu aurtengoan, Donostiako Klasikoa. Hemendik aurrera ere Donostiako Klasiko hau gure egutegian mantentzeko asmoa dugu.

2009an parte hartu duzuenen kopurua asko igo da. Iaz 24000 kiniela inguru egin baziren, aurten 35000 baino gehiago egin dira, eta hori Donostiako Klasikokoak kontutan hartu gabe. Azken hau kontutan hartuta ia 39000 izan dira. Tourreko lehiaketan 10000 kinielen marka ere gainditu genuen. Parte hartzea, benetan, ikaragarritzat jotzen dugu.

Sari ugari ere izan ditugu aurtengo ekitaldian. Guztira 100 saritik gora eman ditugu parte hartzaile guztion artean banatzeko. Egia da parte hartzeari begiratuz gero motz geratzen dela.

Berrikuntza ugari egin ditugu aurtengoan ere eta hauetan beharbada lehiaketari dagokionez esanguratsuena Urteko Sailkapena izan da.

Dagoeneko 22 lehiaketa eta 4 urte t’erdiko ibilbide honetan webgunea eta zerbitzua ahalik eta hoberen egiten saiatu gara. Badakigu bide horretan oraindik zer eginak baditugula. Zalantzarik gabe lan horretan jarraituko dugu hurrengo urtean webgune hobeago bat izan dadin.

Genioen bezala, Donostiako Klasikoa gehitu dugu aurtengo egutegian. Hurrengo urtean egutegi hori zabaltzeko asmoa dugu eta segur aski Euskal Herriko Itzulia iritsi aurretik beste lehiaketaren bat ere jokatuko dugu. Hauen artean aztertzen ari garena 2010eko denboraldia Tour Down Underrekin hastea pentsatzen ari gara. Ez dakigu zuek zer irizten diozuen. Norbaitek udaberriko klasikoekin ere zerbait egiteko aipua egin du. Gure aldetik aldaketak egiteko prest gaude baina zalantzak ere sortarazten zaizkigu. Eskertuko genizueke zuen ideiak eta nahiak blog honetan plazaratuko bazenizkigute, beti ere guztiontzako erabakirik onena har dezagun.

Gure babesle eta laguntzaileak ezin ditugu ahaztu. Eskerrak eman nahi dizkiegu sariak eman dizkiguten laguntzaile guzti horiei, publizitatearekin lagundu digutenei, maillotak ematen jarraitzen duten euskal txirrindulari horiei, komunikabideei, administrazio publiko… Guzti guztioi eskerrik asko.

Ezin ahaztu, ordea, protagonista nagusiak. Gure eskerrik beroenak zuentzako dira, lehiaketaz lehiaketa parte hartzen ari zareten guztioi.  Zuek zarete lehiaketa hau handi egiten duzuenak eta guri lanerako indarra bizirik manten arazten dutenak. Eskerrik asko bihotz bihotzez.

Aurrera begira jarrita, 2010eko urtea aurtengoa baino oparoagoa izatea espero dugu, lehiaketa gehiagorekin (ikusiko dugu), sari gehiagorekin eta dibertsiorik onenarekin euskaraz Tropela.net izeneko txirrindularitzaren txoko honetan.

8000 kinielatik gora 2009ko Vueltan

8141 kiniela, Espainiako Vueltan inoizko markaKiniela egiteko epea bukatu berri da eta 8000 kinielatik gora egin dira, 8141 hain justu. Inoizko parte hartzerik handiena, beraz, Espainiako Vuelta batean Tropela.net-eko lehiaketan izango duguna. Guztioi lan talde osoaren izenean eskerrak eman nahi dizkizuegu lehiaketa honetan ere parte hartzeagatik.

Gogoratu zenbait sari ere izango direla Espainiako Vueltaren lehiaketa honetan eta Sariak atalean begira ditzakezuela.

Orain irailak 20 bitartean Vueltaz gozatzea besterik ez dugu.

Zorte on guztioi eta gozatu!

Zorionak guztioi! 10.000 kinielaren helburua lortu dugu!

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!Eskerrik asko guztioi! 10.000 kinielaren helburua lortu dugu. Zehazki 10.491 kiniela egin dira azken hiru aste hauetan 2009ko Frantziako Tourrean lehiatzeko. Orain gozatzea besterik ez zaigu geratzen. Guk gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu hala izan dadin.

Zalantzarik gabe zifra hau zuei eskerrak izan da. Asko izan zarete, era berean, zalantzak eta izan dituzuen arazoak gainditzeko laguntza eskatu diguzuenak. Guztira 150 kontsulta inguru erantzun ditugu eta askok eskerrak eman dizkiguzue emandako laguntzagatik. Guk ere zuen laguntza ere asko estimatzen dugu eta hori Tropela.net-eko kamisetak erosiz edo donazioren bat eginez burutu dezakezuela gogorarazi nahi dizuegu. Zenbaitek bide horien bidez laguntza eman digute eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Gainontzekooi berdin egin dezakezue merezi dugula uste baduzue.

Azken urteetan egin ohi dugun bezala, erabiltzaileak errepasatzen izango gara hurrengo orduetan. Errepaso honetan erabiltzaileek Tropela.net-en arauak betetzen al dituzten ala ez egiaztatzen izango gara. Hori dela eta, errepasoa bukatu artean, ez ditugu sailkapenak eguneratuko.  Sentitzen ditugu eragozpenak.

Ikusiko zenuten bezala, aurtengoan erabiltzailea aktibatzeko eskatu zaizue. Honen helburua zuen posta elektronikoak egiaztatzea da. Aurten sariak jaso ahal izateko erabiltzaileak aktibatuta izan behar du, beraz, ez itxaron gehiago eta aktibatu zuen erabiltzaileak lehenbailehen.

Berriro ere eskerrak eman nahi dizkizuegu gure lehiaketa 2009ko Frantziako Tourraz gozatzeko tresna gisa aukeratu izanagatik eta gure zorterik onenak guztioi!!

Tourreko kinielaren truk kamiseta opari

Tropela.net-Denda

Webgunean aurreratzen dugun bezala, 2009ko Frantziako Tourreko lehiaketako kiniela egiteko epea bihar eguerdiko 12:00etan hasiko da beranduenez. Azken prestaketa lanak egiten hari gara eta prest izan bezain laster kinielak egiteko aukera zabalduko dugu.

Aurtengo ekitaldian ekimen berezi bat martxan jartzea erabaki dugu: egunero kiniela egiteko epea amaitu artean kiniela egin duten guztien artean kamiseta bat zozketatuko dugu. Noski, horretarako erabiltzaileen datuak zuzenak izan behar dute hala izango ez balira kamiseta ez irabazteaz gain Tourreko lehiaketan parte hartu gabe geratuko bailitzateke.

Zer egin behar da parte hartzeko? Lehen baileen kiniela egin eta erabiltzailea aktibatu. Oraindik erabiltzailerik ez baduzu berria sortu eta kiniela egin. Lehendik erabiltzailea baduzu zuzenean kiniela egin besterik ez duzu. Dagoeneko erabiltzaile aktibatuta baduzu zozketan sartzeko moduan zara, baina bestela ez itxaron gehiago zure erabiltzailea aktibatzeko.Eta zergatik lehen baileen? Bada eguneroko zozketan orduraino kiniela egin duten guztiak hartuko baitute parte. Hau da, kiniela egiteko aukera eskaintzen dugun momentuan kiniela egin ezkero 22 kamiseten zozketan parte hartuko duzue. Uztailak 3an egin ezkero kiniela 2 kamiseten zozketan bakarrik hartuko duzue parte. Gainera zenbat eta lehenago egin, orduan eta probabilitate altuago kamiseta egokitzeko zakuan erabiltzaile gutxiago izango baitira.

Sarituak “Zozketa” atalean argitaratuko ditugu. Saritua izan bazara, email bat bidali tropela@tropela.eus helbidera kamisetaren neurria adieraziz. Guk konfirmazioa bidaliko dizuegu eta uztailean zehar, Frantziako Tourraz gozatzen ari garen bitartean, kamiseta etxean jasoko duzue.

Eta ez ahaztu egokitzen ez bazaizu beti izango duzula Tropela Elkarteri laguntzea kamiseta bat erosiz.

Zorte on guztioi eta Tour eder batetaz gozatzeko aukera izan dezagula!!

Tourreko lehiaketa prestatzen

Nire KinielaZiurrenik asko izango dira Tourreko lehiaketaren zain daudenak. Nire belarrietara iritsi den informazioagatik, berau asteburu honetan martxan izango omen da. Eta ziurrenik, asko izango dira baita ere, bertan bere lagun kuadrilari edo famili artekoei irabazteko Tourraren aurretik korritzen diren probak buru-belarri jarraitzen dutenak ere. Eta urtero garai honetan, Tourrera begira zale askok jarraitzen dituzten bi itzuli dira Dauphine Libere eta Suitzako Tourra. Bertan ikusten diren txirrindularien sasoi-puntuak ziurrenik jende askoren kinielak baldintzatuko ditu.

Horrelakoa al zara zu ere edo emaitza hauetaz ahaztu eta kiniela susmo hutsetan oinarrituta egiten dutenetakoa zara? aitortu beharra daukat ni neu saiatzen naizela bi proba hauetako emaitzetatik ahalik eta urrunen ibiltzen baina azkenean, zas, beti amaitzen dut Dauphinen edo Suitzan ikusitakoaren arabera neure kiniela egiten.

Azken urteotan bi proba hauetan ikusi ditugun txirrindularien sasoi puntuak ez dira handik aste batzuetara Tourrean eman zuten mailaren islada egokia izan. Onera edo txarrera, proba hauetako eta Tourreko sasoi maila oso desberdinak ikusi izan ditugu txirrindulariengan eta aurten ere horixe bera gerta daiteke, eta seguru kiniela mordo bat apurtuko direla bi aste hauetan nabarmentzen diren txirrindulariak gero huts egiteagatik.

Ez dut artikulu hau datuz osatzeko denborarik baina gogoan ditut Dauphinen Rijs, Basso edo Landisek erakutsitako maila eskasa eta ondoren Tourrean erakutsitako nagusitasuna, eta urrutira joan gabe, azken bi urteetako Dauphineko irabazleek Tourrean izan duten sailkapen nagusiko emaitza ere deigarria.

Zein taktika jarraitzeko asmoa duzue kiniela egiterako orduan?