2010eko Italiako Giroko multzoen azterketa

Hautagai nagusiakBadakit berandu xamar dela multzoen azterketa egiteko, baina ez nuke alde batera uzterik nahi berandu eta labur aztertuko baditut ere. Seguru portzentajeez aparte, askok eskertuko duten azterketa izango dela.

Hautagai nagusiak

Pellizotti pasaporte biologikoan aurkitutako irregulartasunengatik ez diote parte hartzen utziko eta bere ordez Nibali izango da. Tropela.net-eko lehiaketa martxan jartzean ez zenez erreserbatako zerrendan ere agertzen, Nibali ezin izango dugu aukeratu, Karpetsekin gertatzen den bezala. Hori hala izanda ere, ez dago erraza aukeratzen.

Faborito nagusia Evans dela esango genuke. Australiarrak udaberriko klasikoetan primeran dagoela erakutsi du eta Giroan forma hori mantentzeko moduan izango del aurre ikusten da. Berarekin batera Basso, Vinokourov eta Sastreren artean zalantzak ditut, nahiz eta Cunego edozer gauza egiteko gai izan. Denok dakigu Italiarrak Giroa asko maite dutela eta biziki lehiatzen dutela, baina nire ustez, eta oso gutxi lehiatu bada ere urte hasieran, Sastre izango litzateke nire bigarren aukera.

Espezialistak eta igotzaileak

Multzo honetan italiarrak ditugu gehienak. Pena Riccok ez parte hartzea; ikusmin ikaragarria nuen. Cobra nire aukeretako bat izango zen Girorako nahiz eta zer egingo zukeen jakitea zaila izan. Hala ere beste 10 hautagaien artean 3 aukeratu beharra dago eta hau ere ez da hain erraza.

Raul adiskideak Simoniren azken Giroaz idatzi berri du. Egia esan taldeburua Cunego izango da eta adinean hain aurreratua izanda ez zait iruditzen sailkapen nagusiaren lehian arituko denik. Hori bai, etapa garrantzitsuren bat irabazteko gauza ikusten dut.

Zalantzak Pozzovivo, Garzelli eta Scarponi. Beharbada Bruseghinek sorpresa eman dezake, baina ez dut uste. Scarponik denboraldia ederki hasi du Lombardia irabaziz. Beharbada hauen guztien artean faborito nagusia bera da, baina nik Pozzovivo aukeratuko dut. Vinokourov eta Riccoren ondoren hirugarren sailkatu zen Trentinoko itzulian eta ondo izango dela uste dut. Eta Giroan italiarrak protagonista izaten direnez, aukeratuko dudan bigarrena ere italiarra izango da. Nire apustua, zalantzak baditut ere, Garzelli izango da.

Hirugarrena ez dut italiarra aukeratuko. Wiggins iaz Giroan espero baino hobeto ibili zen eta Tourrean sorpresa eman zuen. Ez dakit aurten Giroa irabazteko lehian sartzeko asmotan den ala Tourra duen jo puntuan. Hala ere Wiggins nire aukeretako bat izango da. Zalantza askorekin Serpa eta Moncoutie alboratu egingo ditut.

Azkarrak

4tik bi aukeratu behar dira. Hala ere ez da erraza. Nahiko garbi dut esprinter gehienak azken asterako erretiratu egingo direla. 6 etapa inguru izango dira esprintean amaitu daitezkeenak eta aukeraketa ondo egitea garrantzizkoa izango da. Gehienek Farrar eta Greipel aukeratu dituzue. Nola ez dudan garbi eta portzentajeen inguruko eztabaidari jarraiki, gehiengoak esaten duzuenaren kontrakoa egingo dut. Nire apustua McEween eta Petacchi izango dira.

Beste azkarrak

Multzo honetan aukerak asko zabaltzen dira. Gasparotto eta Pozzatoren artean bat aukeratzea erabaki dut eta hori Gasparotto izango da Tirrenon etapa bat irabazi baitzuen.

Gainontzeko biak Albasini eta Henderson hautatuko ditut. Suitzarrak ez du garaipenik lortu aurtengo denboraldian baina bai postu onak. Zelanda Berriko beteranoak, berriz, etapa garaipena lortu zuen Paris-Nizan eta txukun dabil denboraldi hasiera honetan. Ia berdin jarraitzen duen Giroan ere.

Besteak

Multzorik zailena zalantzarik gabe. Hori dela eta behintzat puntuak segur lortzeko estrategia erabiltzea pentsatu dut. Dakizuen bezala Tropela.net-eko jokoan lehen euskaldunak 100 puntu jasotzen ditu. Bi txirrindulari euskaldun bakarrik daudenez biak hartzea erabaki dut: Xabier Zandio eta Iban Maioz. Biak erretiratu ezean, estrategia honekin bukaerako 100 puntuak ziurtatuak izango ditut.

Oraindik beste 3 aukeratu behar. Millar aukeratu beharrekoen artean dagoela iruditzen zait. Txirrindulari ingelesa erlojupeko saioetan txirrindulari bikaina da eta azken denboraldietan mendian ere txukun ibiltzen da.

4.a aukeratzeko Sastreren taldekidea aukeratzea pentsatu dut: Tondo. Iaz Espainiako Vueltan nahi baino okerrago ibili zen batez ere belaunak ez ziolako gehiegi lagundu. Aurten, berriz, taldea aldatu du eta dagoeneko bi etapa garaipen lortu ditu: Paris-Niza eta Voltan, eta azken honetan sailkapen nagusian bigarren sailkatu zen.

Azkena, berriz, Tiralongo. Vinokourovi laguntzen arituko da eta sailkapenetan aurrealdean ibiltzea espero ez badut ere, sorpresa emateko gauza dela iruditzen zait italiarra.

Hauxe da nire aukeraketa oraingoz. Hala ere bihar eguerdiko 14:00ak iritsi artean ez ninduke harrituko txirrindulariren bat edo beste aldatzea. Azken errepasoa azken unean izango da, beraz, ezin jakin!!

Argazkia: www.gazzetta.it

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.