2009ko denboraldia amaitu zaigu

Tropela.net2009ko denboraldia igandean jokatu zen Mendrisioko Munduko txapelketarekin amaitu genuen. Orain sarituak izan zareten guztioi sariak banatzea besterik ez zaigu geratzen eta hori ostiral honetan egingo dugu Urola Kostako Udal Elkarteak duen egoitzan.

Aurtengoan Euskal Herriko Itzuliko lehiaketarekin hasi eta atzoko Munduko Txapelketa arte izan ditugu lehiaketak. Lehiaketa berri bat ere sartu dugu aurtengoan, Donostiako Klasikoa. Hemendik aurrera ere Donostiako Klasiko hau gure egutegian mantentzeko asmoa dugu.

2009an parte hartu duzuenen kopurua asko igo da. Iaz 24000 kiniela inguru egin baziren, aurten 35000 baino gehiago egin dira, eta hori Donostiako Klasikokoak kontutan hartu gabe. Azken hau kontutan hartuta ia 39000 izan dira. Tourreko lehiaketan 10000 kinielen marka ere gainditu genuen. Parte hartzea, benetan, ikaragarritzat jotzen dugu.

Sari ugari ere izan ditugu aurtengo ekitaldian. Guztira 100 saritik gora eman ditugu parte hartzaile guztion artean banatzeko. Egia da parte hartzeari begiratuz gero motz geratzen dela.

Berrikuntza ugari egin ditugu aurtengoan ere eta hauetan beharbada lehiaketari dagokionez esanguratsuena Urteko Sailkapena izan da.

Dagoeneko 22 lehiaketa eta 4 urte t’erdiko ibilbide honetan webgunea eta zerbitzua ahalik eta hoberen egiten saiatu gara. Badakigu bide horretan oraindik zer eginak baditugula. Zalantzarik gabe lan horretan jarraituko dugu hurrengo urtean webgune hobeago bat izan dadin.

Genioen bezala, Donostiako Klasikoa gehitu dugu aurtengo egutegian. Hurrengo urtean egutegi hori zabaltzeko asmoa dugu eta segur aski Euskal Herriko Itzulia iritsi aurretik beste lehiaketaren bat ere jokatuko dugu. Hauen artean aztertzen ari garena 2010eko denboraldia Tour Down Underrekin hastea pentsatzen ari gara. Ez dakigu zuek zer irizten diozuen. Norbaitek udaberriko klasikoekin ere zerbait egiteko aipua egin du. Gure aldetik aldaketak egiteko prest gaude baina zalantzak ere sortarazten zaizkigu. Eskertuko genizueke zuen ideiak eta nahiak blog honetan plazaratuko bazenizkigute, beti ere guztiontzako erabakirik onena har dezagun.

Gure babesle eta laguntzaileak ezin ditugu ahaztu. Eskerrak eman nahi dizkiegu sariak eman dizkiguten laguntzaile guzti horiei, publizitatearekin lagundu digutenei, maillotak ematen jarraitzen duten euskal txirrindulari horiei, komunikabideei, administrazio publiko… Guzti guztioi eskerrik asko.

Ezin ahaztu, ordea, protagonista nagusiak. Gure eskerrik beroenak zuentzako dira, lehiaketaz lehiaketa parte hartzen ari zareten guztioi.  Zuek zarete lehiaketa hau handi egiten duzuenak eta guri lanerako indarra bizirik manten arazten dutenak. Eskerrik asko bihotz bihotzez.

Aurrera begira jarrita, 2010eko urtea aurtengoa baino oparoagoa izatea espero dugu, lehiaketa gehiagorekin (ikusiko dugu), sari gehiagorekin eta dibertsiorik onenarekin euskaraz Tropela.net izeneko txirrindularitzaren txoko honetan.