Frantziako Tourreko ibilbidea

Frantziako Tourra ibilbideaLarunbat honetan, uztailaren 3a, Mont-Saint-Michellen Le Grand Depart-ekin batera Tourraren edizio berri bati ekingo zaio. Tropelan kiniela gehien betetzen diren lehiaketak urteko zazpigarren hilabetean zer esan handia emango du. Horretarako ibilbide erakargarri bat antolatu dute Frantzian.

Ez da hasiko aitzin etapa batekin Bretainia aldean. Lehen etapan esprinter batek beregan dezake lehen maillot horia logika inposatzen baldin bada. Etaparik gogorrenak bigarren asteburuan eta azken astearen erdian daude kokatuta.

Lasterketako bigarren asteburuan Pirinioetako etapak ospatuko dira. Ostiraleko etapan Aspin izango da azken zailtasuna eta gaina helmugatik 7 kilometroetara kokatzen da. Larunbatean Tourmalet igaro beharko dute, eta gero bigarren mailako Hourquette eta lehen mailako Val Louron eta Peyresourd, Luchonera iritsi aurretik. Igandean etapa Espainian eta Andorran barrena ibiliko dira, Andorra Arcalis kategoriaz kanpoko portuan amaituz. Etapa hauen aurretik 5. etapan sailkapen nagusia lehiatuko dutenek izango dute test bat. Continue reading “Frantziako Tourreko ibilbidea”

14. etapa: Grenoble > Risoul (177 km). Profila eta aurre analisia.

etapa14

IBILBIDEA

Frantziako Tourreko etapa erreginaren aurrean gaude. Alpeetako egun handia. 3 mendate luze igo beharko dituzte; 1º mailako Col du Lautaret (34 km – %3,9), HC-ko Col d`Izoard mitikoa (19 km-%6) eta 1º mailako Risoul (12,6 km-%6,9). Lehen portua etzana baina luzea da, oso luzea. Hemen ihesaldi garrantzitsu bat antolatzeko modua izango da hortaz lehen orduko abiadura ikustekoa izango da, txirrindulari askok nahi izango dute ihesaldia hartu eta. Col d`Izoard Frantziako Tourreko portu mitiko eta zailenetarikoa da, lehen 9 km-ak oso gogorrak ez izan arren azken 10 km ez dira txantxa, beti ere %7-9 an mantenduz. Azken igoera txirrindulari konstanteentzat aproposa da, benetan erritmo altu bat luzaroan mantendu dezaketen txirrindularientzat alegia. Hankaz gora jarri daiteke Tourra etapa honetan, horretarako ordea txirrindularien borondatea eta ausardia behar da. Gaur ere kontuz txakalaldiekin, beroa ondo kudeatu beharra dago horretarako.

FABORITOAK

Ihesaldi indartsu bat izango dela ez daukat dudarik. Kostako da ihesaldia bermatzea baina bertan txirrindulari garrantzitsuak ikusiko ditugula uste dut. Nere gaurko faboritoa Purito (KAT, %8,4) izango da. Atzo bere taldea erre zuen eta azkenera ez zuen ezta saiakerarik egin, gaurkoan ordea ez daukat dudarik kataluniarra ihesaldian egongo dela. Nere beste faboritoa Mikel Nieve (SKY, %57,9) nafarra izango da. Porte (SKY, %12,3) sailkapenetik kanpo dagoenez bere aukerak jorratzeko modua izango du eta arnasa luzeko txirrindularia dela kontuan izanda, etapa hau oso ondo egokitzen da bere ezaugarrietara. Ihesaldian sailkapen nagusian 10-20. postuen artean dauden beste txirrindulari batzuk ere beraien aukerak izan dezakete. Zaila izan arren, hona gaurko nire izarren taula (ihesaldia eta faboritoak tartekatuz):

*** Rodriguez (KAT, %8,4)

** Mikel Nieve (SKY, %57,9)/Nibali (AST, %43,9)/Pinot (FDJ, %13,4)

* Majka (TCS, %2,3)/Rogers (TCS, %21,5)/Valverde (MOV, %47,5)/Van Garderen (BMC, %16,7)

13. etapa: Saint-Étienne > Chamrousse (197,5 km). Profila eta aurre analisia.

etapa13

IBILBIDEA

Alpeak iritsi dira. Hau da Tour honetako benetako lehen etapa menditsua, beraz, goi mailako txirrindularitzaz gozatzeko etapa aproposa izango da. Aipatu beharra dago, Alpeetako bi etapa hauek oso garrantzitsuak izango direla mendiko sailkapenari begira beraz sailkapen hori helburu dutenek hutsik ez egitea hobe lukete. Hasierako lehen mendatean ihesaldia antolatuko da, honen ondoren ordea 100 km lau egin beharko dituzte. Hemendik aurrera sekulako bi portu geratuko zaizkie; 1. mailako Col de Palaquit  (14,1 km/% 6,1) eta HC mailako Chamrousse (18,2 km/% 7,3). Chamrousseko lehen zatia gogorrena da, hasierako 7 km-ak % 10etik gorako aldapekin. Zorionez, sailkapen nagusiko txirrindularien arteko lehen mokokadak zati honetan ikusi beharko genituzke. Hurrengo 10 km-ak % 7ko aldapak izango ditu eta azken kilometroa oso leuna da % 3ko aldapekin besterik ez. Benetan min egin nahi duen txirrindulariak Col de Palaquit edo Chamrousseko lehen aldapetan jo beharko luke. Kontuz beroak ere bere garrantzia izan dezake eta.

FABORITOAK

Ihesaldiak bere protagonismoa izan dezake etapa honetan, ez dut uste Astanak sekulako esfortzua egingo duenik ihesaldia zapuzteko eta. Beste talde batzuen jarrera ikusi beharko dugu ihesaldiak arrakasta izango duen edo ez jakiteko. Zalantza honekin, faboritoa tropeleko txirrindularirik indartsuena izan beharko litzateke eta orain arte ikusitakoa kontuan izanda Siziliako marrazoa da hori, Nibali (AST, %43,9). Hemendik aurrera aukera zabala dago egiteko, baina nire ustez italiarraren mehatxurik handiena Porte (SKY, %12,3) izango da. Ez ninduke harrituko SKY-k etapako protagonismoa hartuko balu. Beste aukera interesgarri batzuk Purito (KAT, %8,4) edo Horner (LAM, %5,3) izan daitezke, sailkapen nagusiko txirrindularien askatasun puntu hori aprobetxatuz. Hona izarrak:

*** Nibali (AST, %43,9)

** Porte (SKY, %12,3) / Rodriguez (KAT, %8,4) / Horner (LAM, %5,3)

* Bardet (ALM, %54,8)/Pinot (FDJ, %13,4)/Valverde (MOV, %47,5)/Mikel Nieve (SKY, %57,9)

#92 Tropela.net podcastak: Frantziako Tourra 2014. Ibilbidearen azterketa

Frantziako Tourra 2014Post honetan Iosu Garatek (@iosugarate), Iban Perezek (@piban) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatutako podcasta aurki dezakezue. Podcast honetan 2014 Frantziako Tourrari errepasoa egiten diote. Hona hemen jorratu diren gai nagusiak:

– Aurtengo Tourra Ingalaterratik hasten da
– Ez dago prologorik
– Harbidetako etapa bat jokatuko da
– Ibilbidea orokorrean gogorra
– Azken aurreko erlojuaren kontrako bakarkako saioa bakarra, nahiz eta 54 kilometrotako den, luzea
– Azken eta 19:00ak aldera amaituko da aurretik emakumezkoen La Course lehiatuko delako lehen aldiz historian

Continue reading “#92 Tropela.net podcastak: Frantziako Tourra 2014. Ibilbidearen azterketa”

2011ko Itzuli Handien ibilbideak (I). Frantziako Tourra

tour11Aurkeztu berri dute Parisen, 2011.ko lehen itzuli handiaren ibilbidea, Frantziako Tourrarena. Hurrengo aurkezpena Italiako Giroarena izango da eta azkena Espainiako Vueltak izan da.

Azken urteetako ibilbideek ez naute gehiegi betetzen. Beti daude salbuespenak baina orokorrean ibilbide kaskarrak iruditzen zaizkit, batez ere Frantziako Tourrekoak inongo berrikuntzarik gabekoak (eta izaten direnak txarrerako) eta Espainiako Vueltakoak, oso zailtasun gutxiko mendiko etapekin. Urtero gehien gustatzen zaizkidanak Italiako Girokoak izaten dira, nahiz eta aspaldian mendizaleen alde agian gehiegi egiten ari diren eta agian nahiko desorekatuak izaten diren. Izango dugu Italiako Giroko eta Espainiako Vueltako ibilbideen berri emateko astia, goazen orain Frantziako Tourrarekin.

“Berrikuntza” batekin hasiko da hurrengo urteko Tourra, ez baitugu hainbeste aldiz ikusitako aitzin etaparik izango. Aldapatxo baten amaitzen den etapa batekin emango zaio hasiera, aurreneko mailot horia lortzeko aukera betiko erlojupekariengandik zabaltzeko asmoarekin. Ez zait gaizki iruditzen puntu hau, ez baitago zertan urteak joan, urteak etorri, Cancellara bezalako bat beti aurreneko maillot horiarekin ikusi beharrik.

Bigarren egunean taldekako erlojupekoa izango da. Aurreneko denbora tarteak izango dira baina 23km bakarrik direla kontuan harturik, ezin esan taldearen garrantzia bere bizikoa izango denik aurtengo Tourra irabazteko. Hortik aurrera, sprinterako aukera mordoxka bat, agian 4.n etapakoa salbuespen izanik, mendiaren zain.

8. etapan izango dugu aurreneko mendatetxoa, Superbessen izango den amaierarekin. Dena dela, indartsuenen arteko sprinta besterik ez da espero bertan.

Pirinioetan sartuko gara ondoren eta agian nire ustez aurtengo etapa erregina izango denarekin emango zaio hasiera 2011ko mendiari. Hourquette, Tourmalet eta Luz Ardiden dituen etapa hauxe izan daiteke gogorrena baina mendiko aurrenekoa izateak ezer gutxi ikusiko dugun beldurra ematen dit. Lourdesen amaituko den etapa ez dut kontatzen nik mendikotzat eta hurrengo egunean Plateau de Beillen amaituko dena izango dugu.

Datorren urtean Alpeen 100. urteurrena izango dela eta, asko espero zen mendi horiengandik baina zer esango dizuet ba, ni ez naute inondik ere bete. Pineroloko etapan, aurretik aipatzen ziren aukeren aldean erraza jarri dute. Galibierren amaitzen den etapan, ondo diseinatuta egon ez arren, bertan izango diren menditzarrek (Agnello, Izoard eta Galibier alde “errazetik”) sortuko dituzte denbora tarteak. Izoardetik Galibierren hasierara km askoko tartea izango da eta horrek urrutitik etapa gogortzeko aukerak txikiagotu egiten ditu baina azken mendatean denbora tarteak izango direla uste dut. Hurrengo egunean, 109km soikeko etapa. Egia da bertan Galibier Telegrapheko aldetik eta Alpe d’Huez izango dituztela baina kilometro kopuru hori gazteentzako aproposagoa iruditzen zait.

Azken larunbatean 41 km-ko erlojupekoa zain izango dute eta horrekin Tourra amaitutzat emateko moduan izango gara.

Ibilbidea hau orokorrean baloratu beharko banu, 10tik 4 puntu emango nizkioke. Aldaketatxo bakar batekin, mendiaren aurretik 50km inguruko erlojupeko bat gehitze hutsarekin, nire nota 8ko batera igoko nukeen (orokorrean ibilbideak km gutxi izaten jarraituko lukeelako). Aldaketa txikia dirudi nota hainbeste igotzeko baina nire ustez beharrezkoa zen ikuskizuna erabat aldatzeko.

Ibilbidea planteatu den moduan, mendizaleek ez dute azken kilometroek arte mugitzeko beharrik izango eta horrek, ikuskizun eza dakar. Zenbat aldatuko litzatekeen mendiaren aurretik ganorazko erlojupeko bat izan ezkero Menchov, Leipheimer, Kloden… bezalako txirrindulari batzuk erlojupekoan lortutako denbora tartea gordetzeko asmotan eta mendizaleak denbora tarte hori mozteko asmotan izango lirateke mendiko etapak. Alde ederra!!!

Bestalde, ez nator bat azken aldiko ibilbideen etapen luzerarekin. Ezin dut onartu munduko iraupen luzeko txirrindulari onena izendatu behar lukeen proban, azken 12 etapetan bakarra izatea 190 km-tik gorakoa. Ez da hau nik 90. hamarkadan ikusten nuena, eta egia esan, hori zen niri gustatzen zitzaidan txirrindularitza. Frantziako Tourrak denetik izan behar luke, harbidea, erlojupeko kilometro asko, mendi asko, “media-montaña” asko… eta ez da hau aspaldian ikusten ari garen ibilbidea. Penagarria!!