2011ko Itzuli Handien ibilbideak (I). Frantziako Tourra

tour11Aurkeztu berri dute Parisen, 2011.ko lehen itzuli handiaren ibilbidea, Frantziako Tourrarena. Hurrengo aurkezpena Italiako Giroarena izango da eta azkena Espainiako Vueltak izan da.

Azken urteetako ibilbideek ez naute gehiegi betetzen. Beti daude salbuespenak baina orokorrean ibilbide kaskarrak iruditzen zaizkit, batez ere Frantziako Tourrekoak inongo berrikuntzarik gabekoak (eta izaten direnak txarrerako) eta Espainiako Vueltakoak, oso zailtasun gutxiko mendiko etapekin. Urtero gehien gustatzen zaizkidanak Italiako Girokoak izaten dira, nahiz eta aspaldian mendizaleen alde agian gehiegi egiten ari diren eta agian nahiko desorekatuak izaten diren. Izango dugu Italiako Giroko eta Espainiako Vueltako ibilbideen berri emateko astia, goazen orain Frantziako Tourrarekin.

“Berrikuntza” batekin hasiko da hurrengo urteko Tourra, ez baitugu hainbeste aldiz ikusitako aitzin etaparik izango. Aldapatxo baten amaitzen den etapa batekin emango zaio hasiera, aurreneko mailot horia lortzeko aukera betiko erlojupekariengandik zabaltzeko asmoarekin. Ez zait gaizki iruditzen puntu hau, ez baitago zertan urteak joan, urteak etorri, Cancellara bezalako bat beti aurreneko maillot horiarekin ikusi beharrik.

Bigarren egunean taldekako erlojupekoa izango da. Aurreneko denbora tarteak izango dira baina 23km bakarrik direla kontuan harturik, ezin esan taldearen garrantzia bere bizikoa izango denik aurtengo Tourra irabazteko. Hortik aurrera, sprinterako aukera mordoxka bat, agian 4.n etapakoa salbuespen izanik, mendiaren zain.

8. etapan izango dugu aurreneko mendatetxoa, Superbessen izango den amaierarekin. Dena dela, indartsuenen arteko sprinta besterik ez da espero bertan.

Pirinioetan sartuko gara ondoren eta agian nire ustez aurtengo etapa erregina izango denarekin emango zaio hasiera 2011ko mendiari. Hourquette, Tourmalet eta Luz Ardiden dituen etapa hauxe izan daiteke gogorrena baina mendiko aurrenekoa izateak ezer gutxi ikusiko dugun beldurra ematen dit. Lourdesen amaituko den etapa ez dut kontatzen nik mendikotzat eta hurrengo egunean Plateau de Beillen amaituko dena izango dugu.

Datorren urtean Alpeen 100. urteurrena izango dela eta, asko espero zen mendi horiengandik baina zer esango dizuet ba, ni ez naute inondik ere bete. Pineroloko etapan, aurretik aipatzen ziren aukeren aldean erraza jarri dute. Galibierren amaitzen den etapan, ondo diseinatuta egon ez arren, bertan izango diren menditzarrek (Agnello, Izoard eta Galibier alde “errazetik”) sortuko dituzte denbora tarteak. Izoardetik Galibierren hasierara km askoko tartea izango da eta horrek urrutitik etapa gogortzeko aukerak txikiagotu egiten ditu baina azken mendatean denbora tarteak izango direla uste dut. Hurrengo egunean, 109km soikeko etapa. Egia da bertan Galibier Telegrapheko aldetik eta Alpe d’Huez izango dituztela baina kilometro kopuru hori gazteentzako aproposagoa iruditzen zait.

Azken larunbatean 41 km-ko erlojupekoa zain izango dute eta horrekin Tourra amaitutzat emateko moduan izango gara.

Ibilbidea hau orokorrean baloratu beharko banu, 10tik 4 puntu emango nizkioke. Aldaketatxo bakar batekin, mendiaren aurretik 50km inguruko erlojupeko bat gehitze hutsarekin, nire nota 8ko batera igoko nukeen (orokorrean ibilbideak km gutxi izaten jarraituko lukeelako). Aldaketa txikia dirudi nota hainbeste igotzeko baina nire ustez beharrezkoa zen ikuskizuna erabat aldatzeko.

Ibilbidea planteatu den moduan, mendizaleek ez dute azken kilometroek arte mugitzeko beharrik izango eta horrek, ikuskizun eza dakar. Zenbat aldatuko litzatekeen mendiaren aurretik ganorazko erlojupeko bat izan ezkero Menchov, Leipheimer, Kloden… bezalako txirrindulari batzuk erlojupekoan lortutako denbora tartea gordetzeko asmotan eta mendizaleak denbora tarte hori mozteko asmotan izango lirateke mendiko etapak. Alde ederra!!!

Bestalde, ez nator bat azken aldiko ibilbideen etapen luzerarekin. Ezin dut onartu munduko iraupen luzeko txirrindulari onena izendatu behar lukeen proban, azken 12 etapetan bakarra izatea 190 km-tik gorakoa. Ez da hau nik 90. hamarkadan ikusten nuena, eta egia esan, hori zen niri gustatzen zitzaidan txirrindularitza. Frantziako Tourrak denetik izan behar luke, harbidea, erlojupeko kilometro asko, mendi asko, “media-montaña” asko… eta ez da hau aspaldian ikusten ari garen ibilbidea. Penagarria!!