2. etapa: Irun – Segura

Aditua EH ItzuliaAurreneko etapak uste baino gutxiago erabaki du, izan ere, hasera batean Euskal Herriko Itzulia irabazteko aipatzen ziren izen denak aurreko taldean izan ditugu. Tropeleko hautagaien artean ere uste baino mugimendu gutxiago izan da eta joera hori aldatu nahi badute, bada oraindik aukerarik eta biharko etapa horretarakoxe aproposa da.

Ez dago leku konkretu bat, non bertan erasoaldia jotzeko aproposa dela esan daitekeenik baina etapa osoko ibilbidea gorabeheratsua da, 12 mendatetxo igaro beharko dituztelarik. Inor ez da luzea baino badira aldapa pikoko kilometroren batzuk.

Eguraldiak ere zer esan handia izan dezake, ibilbideak berak baino handiagoa agian, aldapen jaitsierak igoerek baino garrantzia handiagoa hartu dezaketelarik. Eta honelako kasuetan, indarrez gain bakoitzaren gogo eta arriskuak hartzeko erabakiek zer esan handia izan dezakete etaparen amaieran.

Biharko ere Valverde hautagai nagusitzat jo beharra dago, izan ere murtziarrari ondo etortzen zaizkion helmuga mota asko dira eta Segurakoa ere horien artean da. Talde txikiko esprintean areriorik ez aurkitzea litekeena da, beraz, etapa irabazi nahi dutenek aurrez jo beharko dute gogor, murtziarraren talde berean helmugara iritsi ezkero honek urritan kale egiten baitu. Hau dena kontutan hartuta nire pronostikoa honako hau:

1. Valverde
2. Horner
3. Garzelli

1.etapa: Irun – Irun

Aditua EH ItzuliaGaur hasiko den Euskal Herriko Itzuliak gogortasuna du ezaugarri nagusitzat, hala ere badira etapa batzuk besteak baino erabakigarriagoak suertatuko direnak eta horien artean aurreneko etapa hau dugu. Ziurrenik, gaurkoa, asteartekoa eta azken eguneko erlojupekoa (Lerinen amaituko den etapak segundutxo batzuk bakarrik irabazteko balio behar luke) izango dira aurtengo edizio honetako irabazlea zein izango den jakiten lagundu diguten etapak.

Ohitura bihurtu zaigu Euskal Herriko Itzulian aurreneko etapan azken kilometroetan tropela apurtzeko aldapatxoren bat izatea. Beti saiatu dira aurreneko egunetik selekzio txikiren bat lortzen, aurtengoan ordea, aurreko urteetan baino selekzio handiagoa sortu dezaketen bi mendate jarri dituzte, Erlaitz bata, motza baina pikoa eta honen ondoren, aski ezaguna den Jaizkibel. Beti bezala txirrindularien gogoen menpe geratzen da egin daitekeen selekzioa baina Erlaitzetik mugimenduak hasten badira ez litzateke harritzekoa izango 15 txirrindulari baino gutxiagoko taldetxo bat izatea helmugan. Askotan esaten den bezala zaila izango da biharkoan aurtengo edizioko garailearen izena jakitea baina egon seguru aurrez hautagai bezala ematen ditugun txirrindulari bat baino gehiago lehenengo etapatik euren aukera guztiak galduko dituztela.

Pronostikoa? Sasoiko dauden eta talde txikietan bizkorrak direnen aldeko apustua egin beharra dago. Ez dakit Valverde sasoian dagoen baina modu honetako helmugetan habila denez beragatik apustu egingo nuke:

1. Valverde
2. Garzelli
3. S.Sanchez

Zorionak Tropela!

Gaur urte bat bete da tropela.eus webgunea martxan jarri genuenetik. Teknologia berrietan euskarak duen presentzia bultzatu nahiak eta txirrindularitzaren munduarekiko dugun zaletasunak proiektu hau burutzera animatu gintuen, eta gure aurreikuspen guztien gainetik, bizi-bizi gabiltza oraindik.

Azken urte hontan antolatu ditugun ekintzek izan duten babesa eta partaidetza ikusita, bigarren urte honetan indar berriturik gatoz, euskarazko edukiak sendotu asmoz eta txirrindularitzaz eta teknologia berrietaz goza dezazuen bilatuz. Adi egon gure lehiaketei eta bestelako ekintzei, aurten ere sari mamitsuak eta sorpresa ugari izango baititugu (Euskal Herriko Itzulirako sariak eskuratzerako orduan nahikoa larri bagabiltza ere).

Zorionak Tropela! Eta, batez ere, zorionak gure proiektuan sinistu duzuen guztioi, eta hau irakurtzen ari zaren horri!

Flandriako Tourra 06

Ziurrenik euskal zale gehienak etxeko lasterketa hasi zain egongo dira, astelehenean emango baitzaio hasiera Irunen aurtengo Euskal Herriko Itzuliari. Hala ere, egun bat lehenago, igandean, Belgikako Flandrian egun handia ospatuko dute, bertan korritzen baita urteko klasikorik ospetsu eta ikusgarrienetariko bat: Flandriako Tourra. Flandriarrentzat festa egun berezia izaten da apirileko lehenengo igandea. Sekulako jendetza biltzen da errepide ertzetan, gehienak askorentzat hain ezaguna egingo zaizuen bandera hori/arrano beltzarekin. Kontatu ezina egingo zaizue honelako banderen kopurua.

koppenberg.jpgIbilbide ikusgarriko klasikoa dugu hau, batik bat ibilbidearen erditik aurrera, kota labur eta gogorrez josia, horien artean Koppenberg eta askotan lasterketan zehar erabakigarria gertatzen den Kapelmuur ezaguna, harbidezko malkar gogorra, helmugatik nahiko gertu dagoena, mendate hau eta helmugaren artean Bosberg mendatea bakarrik geratuko baitzaie. “Flandriako Tourra 06” irakurtzen jarraitu

Bota piñue!

EH LogoaAsko eta askok buruarekin egingo duzue zuen kiniela, beste askok, berriz, bihotzari egingo diozue kasu eta izango dira, baita ere, ausaz egingo dutenak.

Nire ustez, bukaerako erlojupekoari esker Haimar Zubeldia izango da euskaldunen artean onena eta Azevedo portugaldarra Itzulia irabazteko borrokan ikusten dut.

Zuen ustez, zeinek lortuko du Itzulia irabaztea? Eta euskaldunen artean, norbait sartuko al da irabazteko lehian? Nor ibiliko da txukunen? Espero dut ez duzuela dena sekretuan gorde nahi izango Itzulia hasi bitartean…