Bide onetik

Jan UllrichGaur askori Tourra etorri zaigu burura. Urtero bezala Ullrichekin eta bere prestaketarekin makina bat komentario izaten da eta aurten ere ez dira falta izan. Hauts gehiena harrotu zutenak Riis-enak izan ziren, alemaniarraren taldekide izandako eta gaur egun Bassoren zuzendaria denarenak. Ullrichek ez die jaramonik egin izan kritikei eta gaur, errepidean, berak ongien egiten dakien arloan erakustaldia eman eta Giroko etapa irabaztea lortu du. Argazkian ongi nabaritu daiteke lanak ongi egiten ari den sentsazioa duen baten aurpegia. Eta gainera argi utziz oraindik bere sasoi punturik onena lortzeko asko falta zaiola! Eskerrak! Bere prestaketa bide onean da eta aurten Tourra irabazi nahi duenak alemaniarra ondoan izango du, urteroko legez.

Tourrerako beste hautagaia Ivan Basso da eta honek ere erlojupeko bikaina egin duela esan behar dut. Azken urteetan espezialitate honetan hobetu duena ikusgarria izan da. Honek, ordea, italiarra izaki, Giroa irabaztea du buruan eta hori lortzeko bidean da (nahiz eta gure adituak azken aste gogor bat aurreikusten duen). Jadanik 3 minutura ditu guztiak eta gainera, oraingoz, mendian indartsuena bera dela erakutsi digu.
Giroa irabazteko aukera asko ditu baina ez ote darama prestaketa aurreratuegia Tourra irabazi nahi duen batek maiatza izateko?

Bukatu dira erlojupekoak, joan dira atseden egunak eta oraindik 10 etapa geratzen dira. Mendi ugari eta gogorrak. Aldaketak, sorpresak eta ikuskizun handia egotea espero dut.

PisaEuskaldunei buruz, ez dago gauza handirik esateko. Sailkapen orokorrean ez dute atzerapen haundirik izan eta horrekin eta argazki polit honekin konformatu beharko dugu. Ea azken aste honetan etaparen irabazten dugun, euskaldunen garaipenen lehortea asko ari baita luzatzen…

Oraingoz, Kaiku taldeak jarraitzen du bere zakua betetzen. Gaur ere Kataluniako Voltan (ProTourreko lasterketa) etapa garaipena eta lidergoa eskuratu dituzte. Zorionak eta jarrai dezatela horrela! Espainiako Vueltako antolatzaileak zertxobait lotsatzen ariko dira Kaiku gonbidatu ez duteko ezta?