Dena erabakitzeko!!!!

Giroko AdituaDuela ia bi astetatik hasia da aurtengo Giroa eta nahiz eta txirrindulari askoren sasoi puntua ikusteko baliagarri izan den korritzeko gelditzen dena ikusi ondoren protagonistak alda daitezkeela uste dut.

Orain arte Basso jaun eta jabe ikusi dugu, Saltarako etapa gogorraren ondoren helmugara iritsi orduko egindako elkarrizketan erakusten zuen arpegi freskoa horren adierazgarri zen. Hurrengo egunean, Passo Lanciano gainean hori berretsi besterik ez zuen egin. Giroa hasi aurretik hautagai nagusia bazen, orain oraindik eta gehiago.

Hala ere, bere atzetik diren txirrindulariek ez dute ibilbide faltaren aitzakiarik izango (aurtengo Tourrean ikusiko dugu eskalatzaileek non aurkitzen duten erlojupeko jendeari denbora ateratzeko denbora, nahiz eta hori hurrengo baterako utziko dudan). Larunbatean bertan San Carlo mendate izugarria igo beharrean izango dira. Ez da goian amaitzen den etapa bat, 7km behera jaitsi beharko dutelako baina ia Mortirolo ezagunaren gogortasuna duen mendate honetan, faboritoek nahi izan ezkero behintzat, sekulako denbora tarteak egin daitezke. Badut kuriositatea Rujano bere sasoi puntuan gora doan edo ez ikusteko. Egia da mendi gogorrak denbora dexente galduta hasi beharrean izango dela baina iazko maila lortzen badu, podio postuak eskuragarri izan ditzake, beste kontu bat da iazko sasoi puntu hori lortzea ez duela erraza izango. Di Lucak ere gora egin beharko luke, teoriak hori esaten digu behintzat eta hor dira baita Cunego, Simoni, Savoldelli, Honchar, Q.Gutierrez edo Caruso bezalako txirrindulari arriskutsuak ere.

Bai, Bassok oso ondo du Giroa bideratua, hala ere, nonbait irabazlea azkenengo unerarte esaterik ez dagoen probaren bat bada, hori Italiako Giroa da eta aurtengo ibilbidea kontutan hartuta oraindik eta gehiago. San Carlo, Sempione, Bondone, Kronplatz, Marmolada, Pordoi, San Pellegrino, Tonale, Gavia edo Mortirolo beldurgarriak geratzen diren momentu honetan ausartena izango litzateke Giroa erabakita dagoela esatea eta sinetsi iezadazue badela Giroa Bassok irabazi duela kontsideratzen duenik.

Bihar erlojupeko garrantzitsu bat dugu eta bertan Bassok bere arerioei beste kolpe psikologiko bat emango dielakoan nago. Orain arte oso indartsu agertu den J.E.Gutierrezek ere aurrean behar luke, urteak pasatzen ez direla ematen duen Honcharrekin batera.