Atzo izan zen Euskal Herrian arras ezaguna zaigun Tourreko zuzendaria. Dirudienez aurreko urteko istiluak direla eta izan da bisita, euskal zaleak ‘sosegatu’ asmoz edo. Ez dut behar baino hitz gehiagorik egin nahi, beraz, harira noa.
Asko gara Pirinioetara Tourreko etapak disfrutatzeko asmotan joaten garenak baina badirudi gutxi batzuen aldrebeskeriak guztiok ordaindu behar ditugula. Ez deritzot zuzen Ibarretxerekin biltzeari euskaldun guztiok errudun izango bagina bezala ez baitut uste euskal zalegoa beste edozein baino txarragoa edo hobea denik. Zaletuak gara, asko, eta tartean denetik dugu.
Aurtengoan Pirinioetako etapak astean zehar jokatzea kasualitate hutsa izan omen da. Aurreko urteko gertakari haien ostean izandako adierazpenak gogoan, norbaitek hau sinisten badu, mesedez, eskua altxa dezala. Nik ez.
Eta amaitzeko, bertsoaren azken puntuarekin geratzen naiz: «Zale gartsuak nahi ditugu, txirrindulariak animatzen dituztenak, garrasi egiten dutenak, baina euren lekuetatik mugitzen ez direnak». Neuri ematen dit amorrurik gehiena txirrindularien aldamenetik korrika azaltzen diren ‘sanferminero’ horiek ikustean, baina badirudi euskaldun denok garela berez ‘sanfermineroak’ eta ez dugula, aurten behintzat, Pirinioetako etaparik disfrutatzerik merezi.
Bihar, asteazkena, maiatzak 31 dituenean, aurtengo
Bukatu da Giroa. Basso erraz nagusitu da eta gurean ere, Tropelean, badugu irabazlea. Aurtengo Giroko irabazlea nini zarauztarra izan da eta bere atzetik podiumean enekinskw donostiarra eta iker ikaztegietakoa izan dira. Behean daukazue aukeratu behar zen talde perfektua. Irabazleak talde horretako zortzi txirrindulari zituen (* ikurrarekin markatuta) eta beste zazpi txirrindulariak ere ez zaizkio herren geratu. Guztira, 6630 puntu. Informazio gehiago nahi izanez gero badakizue sailkapenetan edozein erabiltzaileren izenaren gainean sakatuz bere kiniela eta bestelako informazioa ikus dezakezuela.
Agritubel taldean dabilen pasaitarrak, erlojupekoan egindako lan onari esker Bavierako Itzulian garaile izan da eta etapakako lehen itzulia eman dio Agritubel talde frantziarrari. Honebestez, Bavierako Itzulian azken urteetan alemaniarrek izan duten nagusitasunarekin bukatu du. Argazkian ikus dezakezuen bezala podiumean Beat Zberg (Gerolsteiner) eta Luke Roberts (CSC) izan zituen atzetik. Zorionak Alberto!
Oraindik biharko etapa gelditzen bada ere, aurtengo Giroaren balorazio orokor bat egiteko moduan gara. Hasiera batean ibilbideak ikuskizun handiak ikusteko lagungarri izango zela ematen bazuen ere, gizon batek, Ivan Bassok, beste guztiengan erakutsi duen nagusitasunak hori ekidin du. CSC taldeko txirrindularia beste guztien gainetik izan da, bai erlojupekoan, bai mendian. Nagusitasun ikaragarria erakutsi du, horrek zaleentzako azken urteetako Girorik “lehorrena” ikustera eraman gaituelarik.