Ez da txantxetakoa izan gaurko etapa bukaera! Nire larruazaleko ileak ere zutik jarri ditu! Bi euskaldun lehen hiruretan eta Voigtek erakutsitako kiroltasuna!
Garate irundarrak eta Vila beratarrak euskal txirrindularitzaren maila agerian utzi dute gaurko etapa garrantzitsuan: Garatek etapa garaipena eta Vilak hirugarren postua. Gaurko etapan 12 laguneko ihesaldian izan da gakoa. Bertan ziren Juanma eta Patxi. Tropelarekiko 6 minutuz gorako aldea lortu dute. Azken mendatean gora, San Pellegrinon, helmugaren bila, eraso ugari izan dira. Azkenean Garate eta Voigtek osatutako bikotea geratu da lasterketa buruan. Atzealdean ere mugimenduak izan dira eta Basso eta Simonik aurrera egin dute. Vila, berriz, lasterketa burura iritsi nahian ibili da baina ezin.
Garate izan da bikotean lan gehien egin duena, eta guztion zirrararako, Voigtek 400 metro falta zirela eskua luzatu dio eta han abiatu da Garate helmugara bakar bakarrik eta irrifartsu. Voigt bigarren eta Patxi Vila hirugarren. Zaila zen honelako emaitzarik aurrikustea jakinda zein garrantzi zuen gaurko etapak. Ezin liteke gehiago eskatu.
Zorionak bi txirrindularioi!!! Bejondeizuela!!
Txirrindularitzaren alde ilunaz askoz gehiago hitz egingo den aste honetan, Tropela Elkarteak ez du iritzik plazaratuko informazio nahikoa eduki artean. Nahikoa denbora izango dugu gero ere horretaz jarduteko. Kirol arlo hutsari dagokionez, Leonardo Piepoli txikiak bere garaipenen zakua betetzen jarraitzen du. Bere zuzendariak esan duenez italiarrak ez zuen Giroan parte hartu nahi baina begira azkenean nola atera zaion…
Azkenean iritsi da euskal txirrindularien beste garaipen bat. Kostata.
Basso jaun eta jabe azaldu zaigu orain arte. Bai ikusi den mendate apurrean, bai erlojupekoan (bakarka eta taldeka) denen gainetik dela argi erakutsi du. Nahiko izango al du bere lehen itzuli handia poltsikoratzeko? Ni baiezkoan naiz, nahiz eta ibilbide beldurgarri baten aurrean gaudela ez dudan ahazten.