Euskaldunak bikain Belgikan

Huy muinoaFlèche Wallonne proban atzo euskaldunek egin zuten lana aipagarria izan zen. Hasteko, eguneko ihesaldian, Jose Luis Arrieta (Ag2r) sartu zen eta hor ibili zen kilometro mordoska batean iheskide batekin. Bitartean indartsuenen pelotoian gutxi ziren erasotzera ausartzen zirenak eta horietako bat Koldo Gil nafarra (Saunier Duval) izan zen. Saiakera bat baino gehiago egin zituen gainera eta indartsu dagoela erakutsi zuen.

Azken kilometroko igoerara indartsuenen taldea batera iritsi zen eta Huy-ko hormara hirugarren eta azken igoera gogorrari hasiera eman bezain laister Iban Mayok (Euskaltel) jo zuen lehen erasoa. Ez zuen askorik iraun buruan berehala beste txirrindulari batek egin baitzuen aurrera. Nork? Igor Astarloak… Honen erasoak serioa zirudien aurreko maldetan ere lehen postuetan agertu baitzen. Luze egin zitzaizkion malda gogor honetako metroak, ordea eta txirrindulariak aurreratzen hasi zitzaizkion, horien artean buruan David Etxebarria (Liberty) zetorrela. Honek ere, metro dezente egin zituen buruan baina pott egin zuen eta 100-150 metro faltan hiru indartsuenek (Valverde, S.Sanchez eta Kroon) batera aurreratu zuten. Azken metroetan Valverde erraz nagusitu zitzaion Euskaltel-Euskadikoari eta talde laranjak ezin izan zuen lasterketa osoa euskaldunek egindako lan ona biribildu. Azkenean, S.Sanchez (Euskaltel) asturiarra bigarren, D.Etxebarria zazpigarren, K.Gil zortzigarren, I.Astarloa (Barloworld) hamaseigarren eta I.Mayo hemezortzigarren. Ez dago batere gaizki!
Lasterketa bikaina ikusi genuen eta gainera igandeko beste klasika handiari begira, Liege-Bastogne-Liege, esperantzak izateko moduan gara. Faborito asko eta indartsuak izango dira baina euskaldunak ere hor ibiliko direla iruditzen zait. Ea garaipenaren borrokan sartzen den baten bat.

Bestalde, oraingoan ere, bide ertzean euskaldunak nabaritu genituen eta horren adierazle ditugu telebistaz ikusitako ikurriñak eta lasterketaren antolatzaileen webgunetik “hartutako” argazki eder hau.

Beraz, euskaldunak bikain Belgikan! Bai txirrindulariak eta baita afizioa ere!