Italiakoa, Italian eta italiarrentzat

Italiarrek antolatu, italiarrek parte hartu eta beraiek irabazi. Horixe gertatuko da. Halere, ikuskizun bezala oso ikusgarria, gogorra, eraso askokoa eta emozio handiko lasterketa izan ohi da, beraz, ea aurten ere horrela izaten den…

giro.jpgTxirrindulariei dagokienez, nobedaderik ez. Faboritoak botatzen hasiz gero, lehenik italiarrak datozkit burura: Basso, Cunego (2004ko garailea), Di Luca, Simoni (2001, 2003), Scarponi eta iazko garailea, Savoldelli (2002, 2005) eta besteen artean berriz, betikoak: Honchar, Rogers, euskaldunon hautagaia, Juanma Garate eta kolonbiarrak. Beno, hobe esanda, hegoamerikarrak. Lehen denak edo onenak kolonbiarrak ziren arren orain hori aldatu egin da. Adibidez Rujano venezolarra da, Perez Cuapio, berriz, mexikarra. Faborito nagusia Ivan Basso dela iruditzen zait, talde oso indartsua duelako eta gainera erlojupekoan beste italiarrak baino hobeto moldatzen delako. Italiarrak ez direnak aldiz, erlojupekoetan iaioak dira baina mendian kostako zaie italiarrek jarritako doinuan pedalei eragitea.Ibilbidea, betikoa. Erlojuaren aurka kilometro gutxi zituen Giroak eta UCIk azken eguna bi sektorekoa izatea debekatu zuenean azken erlojupekoa ere kendu egin dute. Gauzak horrela, lehen etapako 6 kilometroez gain 50 kilometroko etapa bat bakarrik dute espezialistek beraien alde. Taldekako erlojupeko labur bat ere izango dute baina horretan talde indartsuenek izango dute abantaila, ez espezialistek soilik. Beste guztia mendia izango da eta mendirik ez dagoen etapetan ere izan ziur bukaera zail eta makurrak ikusiko ditugula txirrindularien artean pixkanaka denbora tarteak handituko dituztenak. Eta bukatzeko, hau ere urtero bezala, azken aste beldurgarria. Milanoko azken etaparen aurreko lau egunetan igoko dutena, bai izenez eta baita izanez ere kikiltzeko modukoa da. Ni, ordea, oso gustura. Nik ez ditut igo behar! Aurten Mortirolo famatua igoko dute, eta gehien gustatu zaidana da helmugatik 30 km-ra dagoela. Erasorako distantzia aproposa ez? Ikusiko dugu aurten norbait ausartzen den.

Hau guztia ikusiko dugu, datorren larunbatetik aurrera ikusiko dugu. Bitartean zuen apustua egin eta hemen aipatzeko nahikoa beta daukazue. Ni ez naiz askorik bustiko. Azken bederatzi urteetan bezala Giroa italiar batek irabaziko duela iruditzen zait, baina italiar horrek lehen aldiz irabaziko du Giroa. Tourra? Beharbada, Tourra ere bai. Bera da hautagai nagusia Ullrichekin batera.

Juanma Garate, onenekin izango dela ere ziurtzat jotzen dut. Ea podioan ikustea lortzen dugun, eta bukaeran bada hobe!