Azken bi urteetan, belodromoaren egoera zela medio, ospatu ez den festa berriro hemen dugu. Noski, Euskadiko 6 Orduei buruz ari natzaizue.
Giro zeharo polita lortzen duen festa dugu berau, ziurrenik hemen dugun txirrindularitzarekiko dugun zaletasunaren islada. Urtean behin bakarrik izatea ere arrazoi bat gehiago izan liteke horretarako.
Ekitaldi bakoitzean momentuko pista zalerik onenak izaten ditugu bertan, bertako txirrindulari apalago batzuekin osatzen delarik partehartzaileen zerrenda. Denen ahotan dabilen bikotea Risi eta Marvulli suitzarrek osatutakoa da, ez nituzke hala ere hemen hainbeste alditan lan bikaina egin duen Villa eta bere lagun Keissek osatzen duten bikotea. Euskaldunen artean azken ekitaldian podiuma lortu zuen Astarloza izan daiteke hobekien ibili daitekeena, aspalditik ezagutzen baitu espezialitate hau eta izan dezakeen bikote onenetarikoa jarri diotelako. Sprintetarako abiadura pixkat falta zaio bikote honi, beraz, hauen lana besteei itzuliak hartu eta ihesaldi txikiekin puntuak lortzea izango da, ez baitute batere erraza izango sprint garbietan punturik lortzea.
Ezagutzen ez duenarentzat, benetan gomendagarria larunbat arratsalderako plan hau egitea. Txirrindularitza oso zalea ez den jende pilo bat izaten da bertan eta ez dut uste nik inor aspertzen denik. Gainera, txirrindularitza probetaz gain beste hainbat ekitaldi izaten dira bertan: bertsolariak, harrijasotzaileak, musika pixka bat, trial erakustaldiak… gerturatu zaitezte belodromora eta bizi bertan izaten den giro paregabea. Errepikatzeko gogoz geratuko zarete.
Tenporadie ixe-ixe konturetu barik martxan hasi jaku barriro eta gure taldekuok ondiñoik karreretan burrukan hasi ez baga be, badaroiegu temporadatxu bat gorputzai astindu batzuk emoten. Batetik gimnasio barruko pisuek gora eta behera ibili izen ga alde eta aldi berien, bizikletian bielei be bulta batzuk emonaz kilometro batzuk akumulauaz ibili ga.
Iazko denboraldian, zerbaitek zer esana eman bazuen, hori Puerto Operazioa izan zen. Hasiera batean bai txirrindularitza, bai kirol guztiak orokorrean garbitzen lagundu behar zuen prozesua nolabaiteko erdi bidean geratu da. Ez dirudi ezertan lagundu duenik, eta txirrindularitzaren izena lur azpian geratu da. Prozesu honen harira, galdera pilo bat ditut buruan, ea laguntzen didazuen batzuk bada ere argitzen.
Frantziarrak ez daude Puerto operazioa edonola albo batera uzteko gertu. Le Monde egunkariak atzoko alean kaleratutakoaren arabera, Bartzelona, Real Madrid, Betis eta Valentzia futbol taldeetako jokalariak Eufemiano Fuentes mediku ospetsuaren eskuetatik pasa omen ziren. Datuok 2005-2006ko denboraldiari dagozkionak omen dira.