Zertan da Puerto Operazioa?

puerto.jpgIazko denboraldian, zerbaitek zer esana eman bazuen, hori Puerto Operazioa izan zen. Hasiera batean bai txirrindularitza, bai kirol guztiak orokorrean garbitzen lagundu behar zuen prozesua nolabaiteko erdi bidean geratu da. Ez dirudi ezertan lagundu duenik, eta txirrindularitzaren izena lur azpian geratu da. Prozesu honen harira, galdera pilo bat ditut buruan, ea laguntzen didazuen batzuk bada ere argitzen.

Zer da dopinga? hain galdera erraza dirudienak, baditu bere zailtasunak erantzuterako orduan. Lasterketa bateko analisietan positibo ematea al da doping kasu bakarra? Edo Puerto Operazioan aurkitutako odol poltsa manipulatuak ere hor sartu ditzakegu? Bigarren kasua hori dopintzat hartzen badugu, nola liteke epaile batek ez eskatu izana, ikerketaren ondorioz egin den susmagarrien zerrendako txirrindularien ADN laginak? Txirrindularien laginak odol poltsekin bat etorriko balira, dopatu zirela kontsidera al genezake?

Kasu horretan zipriztinduta ikusi diren txirrindularien egoerak zeharo desberdinak dira. Basso, ezer gertatu ez balitz bezala, munduko talderik onenetarikoak fitxatu du, Ullrichek, aldiz, talde bila darrai. Mancebo, Jaksche edo Vicioso bezalako txirrindulariek, euren soldatak jaitsi eta talde apalagoetan aurkitu dute lekua, Osa anaiek, D.Etxebarriak eta Belokik aldiz, ez dute momentuz talderik aurkitu. Zergatik dago horrelako desberdintasuna kasu hauetan?

Zertarako balio izan du azkenean Puerto Operazioak? Lagun iezadazue faborez, nik ez baitut erantzunik aurkitzen.

Eta orain, seguruenik askori mina emango dien esaldia. Txirrindulari denek – bai, denek – dakite zer gertatzen den txirrindularitzan, baina inork ez du ezer esaten. Ez al dute asmorik mahai baten aurrean jarri eta zale guztien aurrean benetan zer gertatzen ari den esateko? Txirrindulari profesional baten erantzun hau jaso nuen asteburu honetan: “eta zer lortuko genuke horrekin?” ba ez dakit, lehenik eta behin, euren osasuna zaindu eta kirol hau sekulako tranpa bat denaren sentsazioa kenduko ligukete. Beharrezkoa da kirol hau garbitzen hastea baina horretarako aurreneko pausua eman behar dutenak, kirolariak beraiek dira.