Belodromo festa berriro larunbatean

Azken bi urteetan, belodromoaren egoera zela medio, ospatu ez den festa berriro hemen dugu. Noski, Euskadiko 6 Orduei buruz ari natzaizue.

risi-marvulli.jpgGiro zeharo polita lortzen duen festa dugu berau, ziurrenik hemen dugun txirrindularitzarekiko dugun zaletasunaren islada. Urtean behin bakarrik izatea ere arrazoi bat gehiago izan liteke horretarako.

Ekitaldi bakoitzean momentuko pista zalerik onenak izaten ditugu bertan, bertako txirrindulari apalago batzuekin osatzen delarik partehartzaileen zerrenda. Denen ahotan dabilen bikotea Risi eta Marvulli suitzarrek osatutakoa da, ez nituzke hala ere hemen hainbeste alditan lan bikaina egin duen Villa eta bere lagun Keissek osatzen duten bikotea. Euskaldunen artean azken ekitaldian podiuma lortu zuen Astarloza izan daiteke hobekien ibili daitekeena, aspalditik ezagutzen baitu espezialitate hau eta izan dezakeen bikote onenetarikoa jarri diotelako. Sprintetarako abiadura pixkat falta zaio bikote honi, beraz, hauen lana besteei itzuliak hartu eta ihesaldi txikiekin puntuak lortzea izango da, ez baitute batere erraza izango sprint garbietan punturik lortzea.

Ezagutzen ez duenarentzat, benetan gomendagarria larunbat arratsalderako plan hau egitea. Txirrindularitza oso zalea ez den jende pilo bat izaten da bertan eta ez dut uste nik inor aspertzen denik. Gainera, txirrindularitza probetaz gain beste hainbat ekitaldi izaten dira bertan: bertsolariak, harrijasotzaileak, musika pixka bat, trial erakustaldiak… gerturatu zaitezte belodromora eta bizi bertan izaten den giro paregabea. Errepikatzeko gogoz geratuko zarete.