Emozio gutxiko Vuelta

podium.jpgHalaxe da bada! ez dut Romingerren garaitik hain emozio gutxiko Vueltarik gogoratzen. Gainera, suitzarrak irabazten zuenean sekulako egurra emanaz izaten zen baina aurtengo kasuan Menchovek Zaragozako erlojupekoan lortutako aldea mantentzea bakarrik nahiko izan du. Merezimendu osoz Menchov, Sastre eta Samuelek bete dute aurtengo podiuma. Gehien merezi izan duten txirrindulariak direla uste dut.

Vuelta honetako beste izen batzuk aipatzean ez nuke Freire, Bennati, Bettini eta Petacchiz ahaztu nahi. Sprintetan borroka polita ikusteko moduan izan gara eta ez dut uste maila handieneko borroka hortxe ikusi dugula esaten baldin badut.

Errebelazioen atalean, Mosquera, Efimkin eta Dani Morenoren izenak etortzen zaizkit burura. Beste maila batean niretzat Cadel Evansena ere “errebelazioa” izan da, ez bait nuen uste, inondik inora ere, podiumeko borrokan izango zenik. Vuelta hasi aurretik bere web orrian sailkapen nagusirako ilusiorik gabe zetorrela eta entrenamentu gisa hartu behar zuela esan ondoren azken egunerarte podiumeko postuetan izan dugu, sekula arpegia gehiegi erakutsi gabe, hori ere egia da.

Azken asteetan hainbeste aldiz errepikatu dudan ibilbideen gabeziek ere bere zeresana eman dute. Ibilbide negargarri honek ez du txirrindularien arteko borroka ikusten lagundu, nahiz eta egia izan, ibilbidea aproposagoa zenean ere txirrindulari gutxi izan borrokarako gogoz. Hala ere, derrigorrezkoa iruditzen zait datozen urtetarako ibilbidean aldaketak izatea, eta ez naiz ari Anglirugatik hitzegiten. Askotan mendiko etapa gogorra azken mendate gogorrarekin parekatzeko errua egiten dugu baina Espainian sekulako mendiko etapak presta daitezke azken aldapa hain gogorra izan gabe, ikuskizun politagoa ikusteko moduan izango ginatekelarik. Hala ere, aurtengo kritiken ondoren, datorren urtean Angliru itzuliko dela ematen du eta antolatzaileak horrek jendaurrean ondo jar ditzake baina ez dut uste horrek ezer asko aldatzen duenik ibilbideari buruz egon beharko lukeen filosofia aldaketaren aurrean.

Denboraldia amaitzera doa baina oraindik zita garrantzitsuak ditugu, Munduko Txapelketan urrutira joan gabe eta ondoren Paris-Tours eta batez ere Lombardiako Giroa.