Angliru: Vuelta erabakita eta Igor etxera

Contador AnglirunAsko espero zen aurtengo Espainiako Vueltako 13. etaparengandik. Angliruko mendate gogorrean amaitzen zen eta edizio honetako ziklista indartsuenek (gehienak igotzaileak) dena eman behar izan dute azken igoera gogorrean. Eskerrak eguraldiak lagundu duen eta zorua lehorra zegoen, bestela arriskua handitu egingo zen tarte gogorrenetan jende ugari eta batzuk zoroen pare baitzeuden.

Logikak agindu du (orain arte ikusitakoarekin uste genuen bezala), Astana taldeak lan bikaina egin du etapa garaipena lortzeko eta Contadorrek oraintxe tropeleko -igotzaile- indartsuena dela erakutsi du. Etapa, lidergoa eta sailkapen nagusiko bigarren postua beraientzat. Denborei dagokionez ere, jada bere aurkari guztiak oso atzeratuta dituela esan daiteke eta beraz, Vuelta erabakita dagoela.

Vuelta honetako beste talde indartsua, Caisse d’Epargne, -gaurko etapan 4 ziklista 15 lehenen artean- ez da batere mugitu baina ziklistak aurrean izan ditu. Halere, ostegunean Valverdek egindako hutsegitearekin Contadorri aurre egiteko aukera guztiak galdu zituzten. Gaur, irudia garbitzea eta beraien animoa berreskuratzea lortu dute eta hemendik aurrera gerra pixka bat eman dezaketen bakarrak direla iruditzen zait, liderra baino indartsuagoak izan ez arren kopuru aldetik dezente direlako. Halere, daukaten zuzendariarekin eta berak esandakoengatik taldean eduki dezaketen giroarekin ez dut esperantza gehiegirik.

Gaurko atsekabea, Igor Antonen eskutik etorri da. Beti bezala, erretransmisioa anuntzioetan zegoela gertatu da. Azkenaurreko mendatea jaisten ari zirela, arrisku berezirik ez zuela zirudien kurba batean lurrera joan da Euskaltel-Euskadiko liderra. Berehala konturatu da golpea ez dela txantxetakoa izan eta hezurren bat hautsita izango zuela eta etxerako bidea hartu behar izan du.

Berari entzundakoagatik, taldeak orain arte eman duen itxura ikusita eta abar, esperantza handiak genituen euskal zaletuok Igorrengan eta guztiontzat golpe gogorra izan da. Egoi Martinezek liderraren maillota galduko zuela argi zegoen, baina Igorrek Alberto Contadorri noraino eutsiko zion jakiteko gogoarekin geratu gara asko eta asko. Beste batean izan beharko du. Animo Igor eta eutsi goiari!

Orain ze helburu aldaketa egingo ditu Euskaltel-Euskadi taldeak? Oraindik beste aste oso bat geratzen da Vueltan eta dena erabakita eta euskaldunon ikuspuntutik ilun dagoen arren, sorpresa gehiagori ere leku egin beharko diogu. Ea oraingoan sorpresa denon gustukoa den!

Argazkia: AFP Photo

Emozio gutxiko Vuelta

podium.jpgHalaxe da bada! ez dut Romingerren garaitik hain emozio gutxiko Vueltarik gogoratzen. Gainera, suitzarrak irabazten zuenean sekulako egurra emanaz izaten zen baina aurtengo kasuan Menchovek Zaragozako erlojupekoan lortutako aldea mantentzea bakarrik nahiko izan du. Merezimendu osoz Menchov, Sastre eta Samuelek bete dute aurtengo podiuma. Gehien merezi izan duten txirrindulariak direla uste dut.

Vuelta honetako beste izen batzuk aipatzean ez nuke Freire, Bennati, Bettini eta Petacchiz ahaztu nahi. Sprintetan borroka polita ikusteko moduan izan gara eta ez dut uste maila handieneko borroka hortxe ikusi dugula esaten baldin badut.

Errebelazioen atalean, Mosquera, Efimkin eta Dani Morenoren izenak etortzen zaizkit burura. Beste maila batean niretzat Cadel Evansena ere “errebelazioa” izan da, ez bait nuen uste, inondik inora ere, podiumeko borrokan izango zenik. Vuelta hasi aurretik bere web orrian sailkapen nagusirako ilusiorik gabe zetorrela eta entrenamentu gisa hartu behar zuela esan ondoren azken egunerarte podiumeko postuetan izan dugu, sekula arpegia gehiegi erakutsi gabe, hori ere egia da.

Azken asteetan hainbeste aldiz errepikatu dudan ibilbideen gabeziek ere bere zeresana eman dute. Ibilbide negargarri honek ez du txirrindularien arteko borroka ikusten lagundu, nahiz eta egia izan, ibilbidea aproposagoa zenean ere txirrindulari gutxi izan borrokarako gogoz. Hala ere, derrigorrezkoa iruditzen zait datozen urtetarako ibilbidean aldaketak izatea, eta ez naiz ari Anglirugatik hitzegiten. Askotan mendiko etapa gogorra azken mendate gogorrarekin parekatzeko errua egiten dugu baina Espainian sekulako mendiko etapak presta daitezke azken aldapa hain gogorra izan gabe, ikuskizun politagoa ikusteko moduan izango ginatekelarik. Hala ere, aurtengo kritiken ondoren, datorren urtean Angliru itzuliko dela ematen du eta antolatzaileak horrek jendaurrean ondo jar ditzake baina ez dut uste horrek ezer asko aldatzen duenik ibilbideari buruz egon beharko lukeen filosofia aldaketaren aurrean.

Denboraldia amaitzera doa baina oraindik zita garrantzitsuak ditugu, Munduko Txapelketan urrutira joan gabe eta ondoren Paris-Tours eta batez ere Lombardiako Giroa.