Iosu Garate (@iosugarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 9. etaparen kronika egiten du podcast honetan. Etapa honetan eroriko bat izan da tropel nagusian eta Vinokourov eta Van den Broeckek besteak beste etxerako bidea hartu behar izan dute. Tropelean geldialdia izan da hori dela eta, eta hori probestuz, iheslariek tartea ateratzeari ekin diote. Baina larriena jazo zela uste genuenean, auto batek Flecha eta Hoogerland errepidetik kanpora bidali ditu bideoan ikusten duzuen bezala.
Amets Txurrukak ere erorikoa izan du etapa hasieran eta etxerako bidea hartu beharrean aurkitu da ustez lepauztaia hautsita. Hemendik gure animorik handiena Amets!!
Etapa garaipena Luis Leon Sanchezek eraman du gaurkoan eta lider berria Voeckler da.
Rui Costa Movistar taldeko portugaldarrak irabazi du Super-Besse Sancyko gainean bukatutako etapa. Erdialdeko mendiguneak etapa ikusgarriak eman ohi ditu urtero eta halakoxea izan da gaurkoa. Seigarren kilometroan eraturiko ihesalditik biziraun duen bakarra izan da Rui Costa. 12 segundora iritsi da Gilbert, eta 15 segundora faborito gehienak, Gesink izan ezik.
Gaurkoan bai, gaurkoa Cavendish gailendu da esprintean. HTCek ondo bideratu du esprinta azken kilometroan sartu arte, baina gero anabasa sortu da tropelari tiratzeari utzi diotenean. Orduan Boasson Hagenen saiakera izan da eta beste batzuk ere sartu dira. Taldekiderik gabe, ordea, Cavendish bakarrik guztiei gailendu zaie.