Donostiako Klasikoa 2012: Gozatzeko Eguna

Londres-ko Jokoei amaiera ematearekin bat, etxera datorkigu goi mailako txirrindularitza, Donostiako Klasikoaren eskutik. Egun bakarreko lasterketatan, ez da euskal egutegian tradiziorik gehien duena baino bai, urte gutxitan, nazioartean proiekzio gehien lortu duena (UCI World Tour lasterketa izateraino).

Badirudi, antolakuntzak aurkitu duela gustoko ibilibidea. Iaz bezela, Jaizkibel eta Arkaleko igoerek osatzen duten zirkuitoari bi buelta emango zaizkio lasterketaren azken zati erabakigarrian. Gogortasunean irabazi duen ibilibide honek, lasterketa era gradualago baten erabakitzea dakar alde batetik (ez dena Jaizkibelen) eta bestetik, garaipena gizonik indartsuenen eremura mugatzea.

Tour-ean izandako txirrindulari multzoa eta Vuelta-rako prestatzen ari direnena gurutzatuko dira Donostian. Hortik aparte, klasikozale petoak, gutxi: ibilibidea gogorregia ei da beraientzat.

Talde indartsunenen bertaratzea bermatua dago. Eta hautagaien zerrenda erabat irekia. Iaz izen bat nabarmentzeko moduan baginen (irabazle suertatu zen Gilbert-ena), aurten ez da erreferentzia argirik. Hori dela-ta, taldeen arabera antolatuko degu hautagaien analisia:

  • ASTANA: Vinokourov-en izena azpimarratu dute hedabideek, Jokoetako garaipenaren oihartzunak bultzatuta. Donostian, ordea, oso gertutik zainduta egongo da kazajstandarra eta Vino-k, sopresa faktorea ukatzen zaionean, nekez lortzen ditu emaitzak bere karreraren ilunabarrean. Astana taldeak ordea, emaitza harrigarriak lortu ditu aurten World Tour-eko klasikoetan: Gasparotto-k Amstel eraman zuen eta Iglinsky-k Liège. Miztoa pozoiz beteta dabiltz beraz. Eta, badaezpadan, badakartzate Vino-rentzat alternatibak Donostiara, taldearen adar italiarrean: Ponzi eta Gavazzi (iaz top15ean bukatu zuten) batez ere, Tiralongo ahaztu gabe. Azken honi primeran doakio ibilibidea, baino oraindik motorra berotzen dabilela dirudi, denboraldiaren bigarren zatirako.
  • KATUSHA: Rodriguez – Moreno bikotea beldurgarria bilakatzen da denboraldiaren momentu hontan. Harrigarria da gainera zein ondo hartzen duten elkar, pelotari bikotea bailiran. Beraien mailak eta, batez ere, kidetza sendo horrek, hautagai serio egiten ditu.
  • MOVISTAR: Valverde – Visconti, klasiketarako “V bikoitza” aukeztuko dute. Zigorraren aurreko maila berreskuratu ez badu ere, murtziarraren alde egingo du taldeak, azken zatian gizon eta aukera asko sartuaz. Intxausti-ren azken test-a izango da Vuelta-rako.
  • RABOBANK: lasterketaren bilakaera ezberdin guztietarako dituzte hautagaiak: gogorra (Gesink) – ertaina (Luis L. Sánchez) zein leuna (Breschel + Martens). Irabaztera datozela aldarrikatu dute publikoki. Barredo, hontan ere, bere lasterketa kuttuna izan arren, etxean utziko dutela dirudi.
  • SAXO BANK: Contador itzultzearekin bat, taldea esnatu egin da eta emaitzak lortzen hasi. Pinto-koak eman dezaken maila, kilometraia hontan, inkognita den arren, taldea agertuko da ziurrenik.
  • EUSKALTEL: Samuel Donostian izango da, baino harrituko ninduke lehian ikusteak, bere berragerpen lasterketan, burua eta prestaketa Valkenburg-en bait dauzka asturiarrak. Igor Anton-ek Vuelta-rako prest dagoela erakutsi behar badigu ere, Gorka Izagirre-ren apustua egiten saiatuko da, nere ustez, talde laranja. Gorka-k, badu gaia (eta asko) klasiketarako, baino nik ez nioke ekitaldi hontan emaitzarik eskatuko. Lehian izatea, ahalik eta kilometro gehienetan, jarriko nioke helburu.
  • RADIOSHACK: Haimar Zubeldia. Aukerarik gehien ikusten dizkiodan euskal txirrindularia. Podium-ean sartzea ere, ez nuke baztertuko, lasterketa gogortzen bada. Eta emaitzaren gainetik, zaleok Haimarrekin bat egiteko parada. Eskaini digun Tour aparta eskertzeko aukera.
  • SKY: Uran eta Henao kolonbiarrak oso ondo moldatuko dira ibilibidera. Lehian izango dira, ziur.
  • BESTEAK: Ag2r (Roche, Nocentini eta Bardet neoprofesionala); BMC (Van Avermaert); FDJ (Jeannesson; Casar); Garmin (Talansky, Martin, Wegmann); Lampre (Cunego, Ulissi); Liquigas (Moser, Capecchi, Ratto); Lotto (Van den Broeck); Omega (Devenys, Cataldo, Chavanel); GreenEdge (Albasini, Gerrans, Meyer); Vacansoleil (Hoogerland). Andalucía eta Caja Rural, borrokara.

Gogoan degu denok, joan zen Otsailean, lasterketa honen gainean laino beltzak paratu zirela. Nola edo hala, Ugarte eta bere taldeak, askatu zuten korapiloa eta 2016ra arteko WorldTour lizentzia lortu.

Zuzendaritzan erreleborako unea iritsia izan daitekela adierazi du Ugartek. Momentuak, bederen, egokia dirudi. Azkenean hala suertatzen bada, Ugarte-ren taldeari egindako lana eskertzea zilegi deritzot eta erreleboaren bilaketan tenturik hoberena opa diet.

Lan potolo hauek, lasterketaren sustraiak sendotzearenak, asteazkenetik aurrera hasiko dira. Asteartean, denok, gozatu dezagun ikuskizunaz!