Gurean lortutakoari eutsi dio

Ez da ustekaberik izan eta azkenean, UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak kendu egin dizkio zazpi Tourrak Armstrongi. Ez da nire asmoa erabakiaz eztabaidatzea, baizik eta nabarmentzea 1999ra arte lortutako garaipenei eutsi diela txirrindulari estatubatuarrak. Hortaz, 1995eko Donostiako Klasikoa  da bere garaipen zerrenda ‘berrituan’ dir-dir gehien egiten duen lasterketetako bat. Gogoratzen?

1995era atzera egin dugunez, 20 urteren bueltan edo are gazteagoak zareten tropelzaleoi bereziki zuzendutakoa da kontakizun labur hau. Urte berezia izan zen 1995 Armstrongentzat eta bere taldearentzat, Motorolarentzat. Izan ere, Tourrean, mendate bat jaisten ari zirela Casartelli italiar gaztea erori eta hil egin zen. Hurrengo egunean tropelak etapa ez lehiatzea erabaki zuen. Bi egun geroago, Bordelera bidean, Armstrongek berak irabazi zuen etapa, azken kilometroetan iheskideak atzean utzita. Besoak eta begiak zerura zuzenduta zeharkatu zuen helmuga. Une hunkigarria, benetan, telebistaz etapa amaiera ikusi genuen guztiontzat.

Ohi bezala, Tourra jokatu eta egun gutxira izan zen Donostiako Klasikoa, abuztuaren 12an hain zuzen ere. Armstrong Jaizkibel lehen postuetan gainditu zuten ziklisten artean zegoen eta Jalabertekin batera aurrera jo zuen. Lau kilometroren faltan harrapatu zituzten atzetik zetozenek. Armstrong gustatu ala ez, ondo asko erakutsi du bere ibilbide osoan burugogorra dela, eta azken metroetan berriro ere iskin egin zien berarekin batera zihoazenei; hau da, Della Santa, Museeuw, Jalabert, Bugno eta Piepoli. Lehenengo hamarren artean sailkatutakoen izenak aipatze hutsak erakusten du zer nolako maila izan zuen lasterketa hark: Jalabert laugarren, Bugno bosgarren, Vandenbroucke zena zortzigarren, Indurain bederatzigarren… Bitxikeria gisa, Boulebar zaharrean nagusitu zen Armstrong; orain oinezkoentzat den aldean. Irabazleak zendu berria zen Casartelli izan zuen gogoan Donostian txapela buruan jartzean.

Bere ibilbidearen lehen sasoian, gaixotasunaren aurrekoan alegia, harreman estua izan zuen Donostiako probarekin. 1995eko garaipenarekin hiru urte lehenagoko arantza kendu zuen. Izan ere,1992an, profesionaletako lehen lasterketetako bat izan zen Donostia-Donostia klasikoa, eta azken postuan iritsi zen, euripean. Haren kemena gatibatu zituen, nonbait, Motorolako nagusiak, karrera eta gero sinatu baitzuen kontratua taldearekin. 1994an, bestalde, bigarren sailkatu zen, De las Cuevasen atzetik. 1996koan, minbiziak errepidetik atera baino bi hilabete eskas lehenago, 14. helmugaratu zen.

Argazkia: Graham Watson