Marino Lejarretatik gertuago

Atzo ospatu zen 32. Donostiako Klasikoa. Uda bat gehiagoz nazionarteko txirrindulari profesional onenak Gipuzkoako hiriburuan elkartu ziren nazioarte mailan egun bateko lasterketarik garrantzitsuenetakoan parte hartzeko.

Irteera lerroan iazko irabazlea falta zen, Philippe Gilbert belgikarra, baina baziren Boulevardeko zuzengunean besoak altxatzeko pisu handiko izenak: Alexander Vinokourov – aurtengo olinpiar jokoetako errepideko txapelduna; Purito Rodriguez, aurtengo Giroan bigarren eta larunbatean hasiko den Vueltarako hautagai nagusietako bat; Movistar taldean Valverde eta Beñat Intxausti… (Asier Sukiak bere postean oso ondo definitu zituen Donostiako klasikorako hautagaiak zeintzuk izan zitezkeen).

Omenaldiz beteta egon da aurtengo edizioa. Alde batetik laurogeiko hamarkadan lasterketa hiru aldiz irabazi zuen Marino Lejarretari omenaldi beroa eskaini zaio. Momentuz kirolari bakarra Klasikoan hiru garaipenekin. Eta beste alde batetik Vinokourov-i egin zitzaion beste omenaldi bat. Atzo amaitu zuen bere ibilbide profesionala. Jaime Ugartek ere jaso zuen aipamen berezi bat bere lanarengatik Organizaciones Diario Vasco antolakuntza taldean.

Kontutan izanda zeuden izenak irteera lerroan eta ibilbidea iazko formula bera errepikatuko zela (Jaizkibel eta Arkaleko igoerak azken 100 kilometroetan bi bider), lasterketa bizia espero zen. Eta ikuskizuna + erasoak ez ziren falta izan. Eguneko ihesaldia Palomares (Andalucia) eta Aramendiak (Caja Rural) protagonizatu zuten (Vueltan izango diren bi talde gonbidatuko kideak – kontutan hartzekoa talde hauek ematen duten ikuskizuna). Jaizkibelgo lehenengo igoerara arte iraun zuten ihesean, hortik aurrera faboritoen talde bakoitzak bere kartak erakusten jarri zen.

Jaizkibelgo bigarren igoeran gauzak gehiago erotu ziren. Portu horren jaitsieran bost laguneko talde arriskutsu bat aurrera egin zuen, tartean Gorka Izagirre Euskaltel Euskadi taldekoa. Baina ez zuen amaiera ona izan. 8 kilometroren faltan Luis Leon Sanchez-ek (Rabobank) erasoa jo eta asko sufrituz helmugara ihes eginda iristea lortu zuen. Podiumean Simon Gerrans-ek (Orica Greenedge) eta Gianni Meesman-ek (Lotto Belisol Team) lagundu zioten. Txirrindulari murtziarrak bi garaipen ditu jada (2010ean ere garaipena lortu zuen eta Casagrande edo Jalabert bezalako izenekin parekatu da). Hurrengo urterako beraz izango dugu galdera bat irteera lerroan murtziarrak parte hartzen badu: lortuko al du hiru garaipenen mailara heltzea eta horrela, Marino Lejarretarekin berdintzea?

Eta goi mailako txirrindularitzak ez dauka etenik. Txirrindularizaleok, eta batez ere euskal zalegoak, zita hurrengo astebukaera daukagu Nafarroan. Larunbatean 2012 urteko Espainiako Itzulia hasten da Iruñean. Baina guzti horren berri hurrengo egunetan emango dugu interneteko txoko honetatik.

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.