Tropela.net Buber sarietan hautagai

2009_bubersariakBuber sariak euskal webguneen artean banatzen diren sariak dira. Aurtengoa 7. edizioa izango da eta Tropela.net “Euskara sustatzeko webgunerik onena”ren sailean hautagai da. Dakizuen bezala Tropela.net txirrindularitzaren inguruan teknologia berriak, internet, eta euskara sustatzeko asmoz sortutako proiektua da horregatik dugu webgunea euskara hutsean.

Sari banaketa honetan, ordea, zuen laguntza beharrezko zaigu. Azken erabakia epaimahai batek hartuko badu ere, hautagai hauen guztien artean Tropela.net finalista izan ala ez zuek aukeratuko dituzue. Hori dela eta Buber sarien webgunean erabiltzailea sortu eta aipatutako atalean Tropela.net-eri bozka ematea eskatzen dizuegu. Anima zaitezte eta Tropela.net-i eman zuen bozka!! Ah, eta ez ahaztu ingurukoak ere jakinaren gainean jartzeaz!!

Oilar asko eta Armstrong!

Armstrong livestrong mallotarekin15 egun barru hasiko Italiako Giroa, ehunurteurrenaren Giroa. Ez da ehungarren ekitaldia, 92.a baizik, baina 100 urte betetzen ditu Giroak eta beraz, aurtengoa berezia izango da. Berezia izatea nahi zuten antolatzaileek eta ibilbidean esperimentuak txertatu dituzte: Taldekako erlojupekoa Venezian, bakarkako erlojupeko oso luzea (61 km), 83 km-ko etapa laburra izugarrizko igoerarekin (Blockhaus), 100 itzuliko zirkuitua Milanon, Erromako amaiera eta nola ez, mendi eta aldapatxo ugari… Baina Giro hau benetan erakargarria egiten duena beste gauza bat da: Lance Armstrong-en parte hartzea!

Ondorioz, ia urtero bezala, aurtengo ekitaldiak ere lasterketa ikusgarri bat izateko osagai guztiak ditu. Eta parte hartzaileak edo hautagaiak? Etorriko al dira? Armstrong-ek izango al du aurkaririk? Ba bai, eta ez nolanahikoak.

Oraindik parte hartzaileen zerrenda ofizialik ez da kaleratu baina denen ahotan dabiltza honako izen hauek:

– Ivan Basso: 2006ko garailea. Bi urteko zigorraren ondoren aurten itzuli da.

– Danilo Di Luca (LPR): 2007ko garailea.

– Damiano Cunego (Lampre): 2004ko garailea.

– Gilberto Simoni (Serramenti): 2001eko eta 2003ko garailea. 7 aldiz podiuma zapaldutakoa.

– Marzio Bruseghin (Lampre): Iaz podiumean amaitu zuen 3.postuan.

– Carlos Sastre (Cervelo): Iazko Frantziako Tourreko garailea

– Denis Menchov (Rabobank): Tour gizona da baina iaz Giroa 5.postuan amaitu zuen.

– Levi Leipheimer (Astana): Tour gizona. Armstrongen taldekidea. Aurkaria etxean?

– Franco Pellizotti (Liquigas): Iazko Giroa 4.postuan amaitu zuen.

– Stefano Garzelli (Acqua Sapone): 2000ko garailea.

Badira, faltan botako ditugunak ere: Alberto Contador, Ricardo Riccó, Cadel Evans, Christian Vandevelde,  Schleck anaiak… baina halere hautagaien zerrenda itzela dela iruditzen zait. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Buruari eragin beharko diogu bi aste hauetan Tropelan kiniela txukun bat egiteko!

Ongi etorri

Aurreko astean hasi zitzaigun aurtengo Korrika, 16.ekitaldia. Beraz, hamar bat egunez bai lekukoa eta baita euskara ere bolo-bolo ibiliko dira Euskal Herriko errepideetan. Baina datozen egun hauetan Korrikaz aparte Euskal Herriko errepideetan munduko ziklistarik onenak lehian ikusteko aukera izango dugu. Batzuentzat Euskal Herriko Itzulia izango da ezagunena baina igaro den asteburutik hasita hainbat lasterketa daude antolatuta egun hauetarako. Hona hemen txirrindularizaleon Euskal Astea:

Martxoak 29, Laudioko Sari Nagusia: Asteburu honetan jokatu da eta Euskaltel-Euskadi taldeko Samuel Sanchez nagusitu zen, David De la Fuente (Fuji) eta Ezequiel Mosquera (Xacobeo) iheskideei aurre hartuta.

Apirilak 4, Miguel Indurain Sari Nagusia: Euskal Herriko Itzulira datozen ziklista asko bertan lehiatu ohi dira. Lasterketa hau jarraituta informazio ona lor daiteke Tropelako kiniela egiteko.

tropela_eh2008

Apirilak 6-11, Euskal Herriko Itzulia: Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko Itzulia eta Euskal Bizikleta elkartu egin dira eta horrek ibilbidean Arrateko igoera gehitzea dakar. Ibilbide eta parte hartzaileen aldetik itxura oso ona du lasterketak. Ea protagonistek zer ematen duten eta gure kinielekin asmatzen dugun!

Apirilak 12, Udaberriko Klasika (Zornotza): Parte hartzaileen maila zertxobait jaisten den arren, Euskal Herrira etorri diren talde sendoetako batzuk bertan izan ohi dira. Euskal asteari amaiera emateko proba biribila.

Tropela Elkartearen aldetik gure ongi etorririk beroena Korrikari, euskarari eta txirrindularitzari! Goza dezagun!

Argazkia: cyclingnews.com

Larrearen garaipena eta euskararen ahultzea

UnescoAtzo euskaldun batek denboraldiko lehen garaipena lortzen zuen bitartean, euskararentzat UNESCOtik berri txarrak iritsi zaizkigu. Tropelako jarraitzaileontzat berri pozgarria alde batetik eta berri penagarria bestetik.

Euskaltelek Portugalera Koldo Fernandez de Larrea eraman du taldeburu garaipen bat lortzeko helburu sendoarekin. Helburu hori Algarveko itzuliaren bigarren egunean eskuratu du Ciolek, Haussler edo McEwen bezelako txirrindularien aurretik. Ez dut irudirik ikusteko aukerarik izan, baina badirudi orain arte txirrindulari euskaldunaren nahia eta ezinak aurtengo denboraldian amaiera izan dezakeela. Goizegi beharbada aurrikuspena emateko, baina esperantza pizteko modukoa. Etapa garaipena eta lasterketaren lidertza gasteiztarrarentzat. Zorionak Koldo!

Continue reading “Larrearen garaipena eta euskararen ahultzea”

Vuelta al País Vasco

Atzo Orion izan ginen egun pasa beste zaletu asko bezala. Xaloa tabernan bazkaltzeko asmotan geundela herriko Karkara aldizkariari begirada bat eman guztiz identifikatuta sentitu ginen zutabe-artikulu bat topatu genuen Euskal Herriko Itzuliari buruz eta hona ekartzea erabaki genuen. Artikulua Ana G. de Txabarrik idatzia da eta hemen daukazue oso-osorik:

Vuelta al País Vasco

Euskal Herritik pasa behar duenean ahaleginak eta bi egiten dira munduko txirrindulari proba handienak ere aitor eta erakuts dezan euskaldunen herrian gaudela. Izugarrizko garrantzia ematen diogu, gutxi bada ere, Tourrean zerbait euskaraz agertzeari: toki izenak elebitan ikusteari, arrivé-rekin batera helmuga azaltzeari. Txirrindulari saiatuei eta gogorrei animoak emateko ikurrinen koloreekin betetzen ditugu Pirineotako zelaiak: jakin dezatela nolakoa den zaletu euskaldunaren grina.

Hemen dugu gurea, Euskal Herriko izena daraman txirrindulari itzulia, handia izan nahi duena, bertako periodiko batek antolatua, etxeko erakundeek lagundua, herriko jendeak eskuzabal musu-truk bultzatua eta aterako ditugu ikurrinak eta grinak, zaleez gainezka beteko ditugu Aiako eta Orioko zelaiak, baina bideko bazter batean ahaztuta utziko dugu euskararen herrian gaudela: Hitz bat bera ere ez dator euskaraz Organizaciones deportivas El Diario Vascok emandako txosten eta argibide liburuan.

Tori Itzulia!

Nork emango dio buelta horri?

ANA G. DE TXABARRI

[Karkara aldizkariko 239. alea]