Euskal Bizikleta, laburra baina…

Euskal Bizikleta 2007 KartelaAurten ere Euskal Bizikleta egin egingo da. Halere, ezagutzen ez ditudan baina suposatzen ditudan arrazoiengatik 3 egunetara murriztu dute lasterketa eta datorren ostiralean (ekainak 6) hasi eta igandera bitarte tropela gure errepideetan arituko da.

Lehen etapa, Eibarren hasi eta Tolosan amaituko da eta helmugatik 10 kilometrora Santa Ageda gaina igo beharko dute. Azpeitiatik Tolosarako bide horretan, Euskal Bizikleta irabazteko hautagaiek azaltzen hasi beharko dute.

Bigarren egunean, bi sektore jarri dituzte antolatzaileek. Goizean Tolosatik Abadiñorako bidea egingo dute txirrindulariek. 100 kilometro baino gutxiago. Laburra eta bihurria. Arratsaldean, berriz, 20 kilometroko erlojupekoa izango dute. Nire ustez, luzeegia 3 etapako itzuli batentzat. Baina hori lasterketak erakutsiko digu.

Duela bi urte ere, oker ez banaiz, goizeko sektorea Abadiñon amaitu zen eta arratsaldeko erlojupekoan, Abadiñon bertan, David Herrero bizkaitarrak irabazi zuen. Urte hartan lehen etapetako ihesaldi batek erabaki zuen Euskal Bizikleta eta Eladio Jimenezek eraman zuen itzulia. Iaz, berriz, Koldo Gilek izugarrizko erakustaldia eman zuen eta aise irabazi zuen Aguraingo erlojupekoa eta baita Euskal Bizikleta ere. David Herrero bigarren geratu zen baina azken etapa irabazi zuen eta denak gustura.

Hirugarren eta azken etapa, urterokoa dela esan daiteke. Iurretatik hasi eta Arrateko gainean amaitzen delarik. Erlojupekoan denbora galdu duten ziklistek, igotzaileek eta erasora jokatu nahi duten taldeek hemen izango dute beraien aukera. Etapa ederra izan ohi da inondik inora. Ikusteko asmoa duzuenoi, gogoratu nahi dizuet igandeko etapa eguerdian bukatzen dela, ordubatak aldera. Gustura jakin nahiko nuke erabaki honen atzean dagoen arrazoia.

Hiru etapa soilik dira baina denetik pixka bat duela esan daiteke. Orain txirrindulari eta taldeen esku dago lasterketa ikusgarria izatea ala ez izatea. Taldeei dagokienez, ProTourreko 6 talde egongo dira (Euskaltel-Euskadi, Saunier Duval, Caisse d’Epargne, Liquigas, Lampre eta Unibet.com), maila ona ematen ari diren Relax eta Tinkoff, Fuerteventura eta Karpin-Galizia, Tourrera doan Agritubel, Giroan egon den Aqua Sapone eta beste hainbat izango dira. Aipamen berezia merezi du etxeko bigarren taldeak, Orbeak, ere. Aukera oso polita dute etxean maila oneko tropelean aritzeko eta ziur naiz duten guztia emango dutela lasterketan presentzia izateko eta aukeraren bat suertatuz gero, etaparen bat poltsikoratzeko.Halere, zaila izango da.

Hautagaien izenak botatzeko lanak nahiago nituzke Gure Adituaren esku utzi baina behin hona helduta izenen bat bota beharko dugu. Koldo Gil (niretzat hautagai nagusia zena) ez datorrenez, ezin dut izen bat soilik bota. Hona hemen lehen postuetan ibiliko diren batzuk: Gomez Marchante eta De la Fuente (Saunier Duval), Samuel Sanchez eta Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi), Patxi Vila (Lampre), Efimkin eta Plaza (Caisse), Sevilla eta Mancebo (Relax), Peio Arreitunandia (Barloworld), Ritxi Serrano (Tinkoff), Luis Perez (Andalucia) eta Alberto Martinez (Agritubel). Euskaldun batzuk ere sartu ditut nahiz eta itzulia irabazteko zerbait falta zaiela iruditzen zaidan. Hainbeste izen botata irabazlea asmatuko ote dut?

Datorren urtean berriz ere bospasei etapa egiteko asmotan dira antolatzaileak baina horretarako babesleek, egutegiak eta txirrindulari taldeek babestu gehiago beharko dute. Bestela, zaila ikusten dut berriz ere etapa kopurua igotzea. ProTourraren beste ondorioetako bat…

OHARRA: Frantziako Tourra gainean dugunez Tropela Elkarteak bere urteko plangintzan Euskal Bizikletari jarraipena egitea baina lehiaketarik ez egitea erabaki zuen. Badakigu, asko eta asko, berriz ere lehiatzeko prest zaudetela eta eskertzen dugu. Baina ahalik eta zerbitzurik onena emateko aukeraketa bat egin behar dugu. Aurten, iaz bezala, Euskal Herriko Itzulia, Italiako Giroa, Frantziako Tourra, Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketa antolatuko ditugu. Frantziako Tourrean kinielak egiteko epea ekainaren erdialderako irekitzea espero dugu, beraz, egokiena zuen aukeraketa egiteko informazioa biltzen hastea duzue. Gainera sari ederrak izango ditugu!