Tropela Abadiñotik zuzenean

Abadi�o goizeko sektorea 2007Hemen gaude Tropela Elkarteko zenbait kide Abadiñoko herrian Euskal Bizikletari jarraipen txiki bat egiteko (une honetan, taberna batetik idazten). Helburu nagusia euskal txirrindulariekin harremanetan jarri eta Frantziako Tourreko sarietarako beraiek sinatutako maillotak eskuratzea dugu. Zenbaitek jada eskaini dizkigute hona etorri aurretik (Egoi Martinez, Amets Txurruka, Bingen Fernandez, Haimar Zubeldia, …) eta orain gutxi Mikel Gaztañaga (Agritubel, Tourrera doan beste euskaldunetako bat) eta Beñat Albizurirekin (Euskaltel-Euskadi, gaurko goizeko etapako lehen euskalduna) hitz egin dugu eta beraiek ere eskainiko dizkigutela ziurtatu digute. Ongi hasi da goiza.

Aurrikusten zen bezala goizeko etapa labur honek itzulian bere eragina izan dezake. Caisse d’Epargne-ko taldeburua ihes eginda iritsi da Abadiñoko helmugara eta segundo oso garrantzitsuak lortu ditu. Harrigarria Saunier Duvalek sailkapen nagusiko beste txirrindulari bati lehian sartzeko aukera ematea atzoko nagusitasuna ikusi ondoren.

Beharbada Ventosoren erorketak eta tropelari jarraitu ezin izateak (hor ikusi dugu tropelaren atzetik nola iristen zen bakar bakarrik) eragina izan du Abadiñon etapa lehiatzeko esprintik ez egoteko. Honek lasterketa oraindik erabat irekita uzten du eta gaur arratsaldeko erlojupekoan Marchantek nagusitasunik ez badu erakusten, biharko etapak berebiziko garrantzia izango du.

Pena handiz hartzen dugu Amets Txurrukak lasterketa utzi behar izana. Eta hau gutxi balitz, orokorrean euskal txirrindulariak oso pattal dabiltza. Ea bihar Patxi Vila edo beste euskaldunen batek sorpresaren bat ematen digun (Matxinen baimenarekin, noski!).