Podiuma hutsik, euria garaile

Kurutziaga Hotelean gaude, Durangon, Liquigas eta Euskaltel-Euskadi taldeak atseden hartzeko duten hotelean. Zenbait txirrindularik bertara etortzeko esan digute maillotak jasotzera. Ari gara bai pixkanaka apurka maillotak biltzen. Eskerrik asko berriro ere euskal txirrindulari guzti hauei beren eskuzabaltasunagatik.

Abadiñoko erlojupeko ondorengo podiuma 2007Gaur arratsaldean erlojupeko garrantzitsua genuen Abadiñoko herrian. Arratsaldeko hiruretan ikaragarrizko beroa izan dugu eta bertako termometro batek 35ºC ere erakusten zituen. Bero eta eguzkia nagusi.

15:17ak aldera irten da lehen txirrindularia eta seguru kexu izango zela egiten zuen beroagatik. Txirrindulariak iristen joan dira, baina 16:45ak aldera aurreikusita zegoen eguraldi aldaketa hasi da. Mendialdean tximistak ikusten genituen eta gero izugarrizko ekaitza. Hainbestekoa izan da antolakuntzak lehiaketa bertan behera uztea erabaki duela. Dirudienez helmugan bertan grua edo dorreren bat ere erori egin da eta txirrindularien segurtasuna bermatu asmoz hartu dute erabakia.

Ondorioz, 20 txirrindulari inguruk ezin izan dute erlojupekoa jokatu. Garailetzat Rigoberto Uran Unibeteko txirrindularia eman dute eta erlojupeko denborak kontutan ez hartzea erabaki dutenez, bihar lider irtengo da Vladimir Efimkin errusiarra. Hori bai, podiuma hutsik geratu da argazkian ikusten duzuen bezala. Erabaki zuzena hartu al du Euskal Bizikletako antolakuntzak? Era guztietako iritziak izango dira seguruenik.

Kontuak kontu, errusiarra gustura zen Tropelari esan dionez eta biharko etapan eusteko esperantza duela adierazi digu. Beharbada askotxo izango da gaur egin duen etaparen ostean Arrateko maldetan Saunier bezalako talde bati eusteko gai izatea. Baina hori, bihar ikusiko dugu.

Tropeleko kideoi lasterketaren inguruan jarraipen eskasa izan dela iruditu zaigu. Beste edizioetan jende askoz ere gehiago izan da eta aurtengoan ia kazetariak eta antolakuntzakoak bakarrik ziren helmuga bazterretan. Eta antolakuntza aipatu dugunez, esan behar gure ustez helmuga inguruan ez dutela behar besteko segurtasunik bermatu. Seriotasun apur bat falta izan delakoan gaude.