COVID-19ak guztiz baldintzatutako denboraldi honetan, txirrindulariek berrekin diote denboraldiari. Tropelan hurrengo kinielak Strade Biancheko klasikoak ditugu, gizonezko zein emakumezkoenak. Hauek aztertzeko bildu dira podcast honetan Inaxio Esnaola (@inaxioesnaola), Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizaso (@elizaso).
Denbora tarte batez geldirik izan ondoren, denboraldiari berrekiteko moduan gaudela ikusita, Iban Hernandez (@piban) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) mikrofonoen aurrean jarri dira. Egutegi berriari errepasoa egiteaz gain, azken egunetako zenbait berri ekarri dituzte audio berri honetara. Bagatoz bueltan!
Orain aste batzuk UCIk lasterketen egutegi berria kaleratu zuen. Bertan abuztuaren 1ean berrekingo zaiela lasterketei adierazten da. Strade Biancheren bi lasterketak jokatuko lirateke egun horretan, emakumezko zein gizonezkoenak. Azkena, aldiz, Espainiako Vueltaren azken etapak izango lirateke, azaroaren 8an amaitzea aurreikusten baita. Hiru hilabete baino zertxobait gehiagotan ospatuko lirateke, horrenbestez, denboraldi honetan gure egutegiko lehiaketak, falta diren 18 lehiaketak eta aurten gehitzea erabaki dugun emakumezkoen Paris-Roubaix klasikoa.
Egutegi honek aurrera egiten badu bederen, uztailaren 24ean irekiko genuke Strade Biancheko kinielak egiteko epea. Gogoratu orain artekoak ezabatu egingo ditugula eta berria egin beharko dugula. Izan ere, parte-hartzaile eta taldeak desberdinak izan daitezkeenez, multzoen antolaketa berria egin beharko ditugu.
Gaur bezalako egun batean ekin genion Tropela Elkartearen proiektuari orain 15 urte. Dakizuen moduan, hastapenetan tropela.net bezala ezagutarazi genuena urtez urte proiektua garatzen eta handitzen joan da, eta egun tropela.eus da gure zigilua.
Tropela mundura zabaltzen saiatu gara hizkuntza gehiago gehituz, beti ere gurea erdigunean jarriz, nabarmenduz. Gainerako hizkuntza gutxituei ere beraien lekua eman diegu, gutxituak izanik ere, ez baitira horregatik garrantzi gutxiagokoak, eta hori guk ondo dakigu. Eta berriak ere etortzen direnean berdin egingo dugu.
Bidean Itzulia, Klasikoa eta Emakumeen Bira lasterketetan “gure birusa” kutsatzen saiatu gara. Webgune propio bat eman genien, euskararen erabilera normalizatu bat eta berau erdigunean jartzeko lanean aritu ginen Itzulia, Klasikoa eta Bira moduan webgune zein sare sozialetan izen propio bihurtuz. Nola ez, komunikazioan euskara bera ere lehenetsita. Ez genuen behar beste lantzeko aukerarik izan, baina harro beste behin zabaldutako bideak aztarna guztiz ezabatu ez duelako.
Tropelara itzuliz, urtez urte lehiaketa gehiago bildu ditugu, ekitaldi gehiago egin ditugu – Tropela Hondartzan kasu – , baita ekimen gehiago ere – Telegram taldea, kanala, podcastak (jada 392!!), Podcastak.eus proiektua,…-. Baina garrantzitsuena, erabiltzaile zein jarraitzaileok hor izan zarete eta zaudete urteak aurrera joanda ere.
15. denboraldia jarri genuen abian Paris-Nizarekin eta ezinbestean etenda geratu da koronabirusak mundu osoa hankaz gora jarri ostean. Ez dugu ukatuko nolabait 15. urteurren hau gogoangarria izatea nahi genuela, eta hala izango bada ere, zoritxarrez birus batek protagonismo guztia hartu duelako izango da. Akaso geuk ere Olinpiar jokoen modura urtebetez atzeratu beharko dugu gure ospakizuna!!
Zorionez Tropela osatzen dugunok, eta batzuk bagara, bakoitza bere esparru eta ahalmenen mailan lagunduz, osasuntsu gara. Osasuntsu, indartsu, eta batez ere, gogoz. Koronabirusaren krisia pasako da eta ziurtatzen dizuegu Tropelak hor jarraituko duela, lasterketei berriz ekiten dietenerako prest.
Plazer bat da guretzat 15 urte hauek ospatzea egoera berezi honetan bada ere, lasterketarik eskuartean izan gabe, etxean sartuta gaudela. Zuei ere urteurren hau ospatzera gonbidatzen zaituztegu, urtez urte aipatzen dugun moduan, Tropela guztiok egiten dugulako. Zorionak zuei ere eta gutxienez beste 15 urte bete ditzagula!!