Kontuz! Tropelean kakalardoak daude!

Gogoratuko duzuen bezala Frantziako Tourra hasi zen asteburuan Tropelean kakalardoak zirela eta sailkapenak publiko egitea atzeratu behar izan genuen. Baina zer dira kakalardoak?

kakalardoak

Tropelean dauden arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileak, horiek dira kakalardoak. Tropela.net-eko lehiaketa guztietan parte hartzea doakoa da eta horren ondorioz, pertsona bakoitzari ez diogu nahi adina kiniela egiten uzten. Pertsona bakoitzak erabiltzaile bakarra sor dezake eta erabiltzaile bakoitzak kiniela bakarra egin dezake. Gainera irabazleentzat sariak ditugunez, horrek araudia zorrotz betetzera behartzen gaitu.

Ez da erraza araudi zehatzak ezartzea eta berauek zuzen interpretatzea eta aplikatzea baina ondoren adierazten dizkizuegun ezaugarri arbuiagarrietako bat betetzen dute gure Tropeleko kakalardoek.

1. Lehiaketa batean erabiltzaile bat baino gehiago sortu dute, hots, kiniela bat baino gehiago egin dute.

2. Erabiltzailea datu faltsuekin sortu dute.

Irizpide hauei jarraituz hainbat kakalardo topatu ditugu Tropelean. Guk oso nabarmenak direnak soilik markatu ditugu eta seguru beste askok ihes egin digutela.

Nola atzeman daitezke kakalardoak?

Kakalardoak erraz nabarituko dituzue. Sailkapenetan nahiz tropeltxoetako sailkapenetan kakalardoaren ikonotxoarekin agertuko dira. Kontuz, beraz, kakalardo horiekin, kiratsa baitarie!!

Ze ondorio izango ditu kakalardo izateak?

Kakalardo den erabiltzaile bat, sarien lehiatik at geratuko da eta ezingo du saririk jaso, urteko sailkapenean ere ez da kontuan hartuko eta hurrengo lehiaketetan ezingo du kinielarik egin.

Ez naiz kakalardo bat!

Bestalde, norbait kakalardo moduan markatu badugu eta bere ustez aurreko bi irizpideetatik kanpo badago, mesedez, bidali iezaguzue posta elektroniko bat egoera argituz. Guk ere akatsak izan ditzakegu eta komeni da akats horiek zuzentzea oker daudenean.

Saria jasotzeko zer egin beharko da? Datuak ziurtatu.

Arazo guzti hauengatik, saria egokitu zaionak bere datuak egiazkoak direla ziurtatu beharko du Tropela Elkartearen aurrean, eta horretarako emailez bere nortasuna ziurtatzen duen agiriren bat (nortasun agiria, gida-baimena, liburutegiko txartela…) bidali beharko du emailez.

Jakin ezazue kakalardo guztiok, atzemandako eta atzeman gabekook, ez zaretela Tropelaren joko arauak errespetatzen ari eta ondorioz gainontzeko parte hartzaileei iruzur egiten ari zaretela.

Zorionak guztioi! 10.000 kinielaren helburua lortu dugu!

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!Eskerrik asko guztioi! 10.000 kinielaren helburua lortu dugu. Zehazki 10.491 kiniela egin dira azken hiru aste hauetan 2009ko Frantziako Tourrean lehiatzeko. Orain gozatzea besterik ez zaigu geratzen. Guk gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu hala izan dadin.

Zalantzarik gabe zifra hau zuei eskerrak izan da. Asko izan zarete, era berean, zalantzak eta izan dituzuen arazoak gainditzeko laguntza eskatu diguzuenak. Guztira 150 kontsulta inguru erantzun ditugu eta askok eskerrak eman dizkiguzue emandako laguntzagatik. Guk ere zuen laguntza ere asko estimatzen dugu eta hori Tropela.net-eko kamisetak erosiz edo donazioren bat eginez burutu dezakezuela gogorarazi nahi dizuegu. Zenbaitek bide horien bidez laguntza eman digute eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Gainontzekooi berdin egin dezakezue merezi dugula uste baduzue.

Azken urteetan egin ohi dugun bezala, erabiltzaileak errepasatzen izango gara hurrengo orduetan. Errepaso honetan erabiltzaileek Tropela.net-en arauak betetzen al dituzten ala ez egiaztatzen izango gara. Hori dela eta, errepasoa bukatu artean, ez ditugu sailkapenak eguneratuko.  Sentitzen ditugu eragozpenak.

Ikusiko zenuten bezala, aurtengoan erabiltzailea aktibatzeko eskatu zaizue. Honen helburua zuen posta elektronikoak egiaztatzea da. Aurten sariak jaso ahal izateko erabiltzaileak aktibatuta izan behar du, beraz, ez itxaron gehiago eta aktibatu zuen erabiltzaileak lehenbailehen.

Berriro ere eskerrak eman nahi dizkizuegu gure lehiaketa 2009ko Frantziako Tourraz gozatzeko tresna gisa aukeratu izanagatik eta gure zorterik onenak guztioi!!

Aurtengo Tourra sariz beteta dator!

2009ko Frantziako Tourreko sariakTropela Elkarteak krisialdiari aurre egin nahi dio eta inoiz baino sari gehiagorekin dator aurtengoan. Sari ugari eta era guztietakoak, eta beti bezala, doan.

Sailkapen nagusirako sariak

Sailkapen nagusiari dagokionez, lehen postuentzat ondorengo sari hauek ditugu:

1. Aste buru zoragarri bat Kanariar irletan bi pertsonentzat Eroski Bidaiakek eskainita.
2. Mendiko bizikleta zoragarri bat Kirol Jokoak apustu etxeak eskainita
3. Atxaspi Hotelerako relax asteburu bat bi pertsonentzat Atxaspi Hotelak berak eskainita
4. Zarauzko Olatu Hotelean asteburu bat Olatu Hotelak berak eskainita.
5. Rezola sagardotegian 6, 4 eta 2 lagunentzako hiru otordu sagardotegiak berak eskainita
6. Hernialde Ostatuan 2 lagunentzako otordu bat ostatuak berak eskainita.
7. 2 otar zoragarri Jakionek eskainita.

Eta hau gutxi balitz, ESAITek eskainitako ekipamenduaz gain, Lance Armstrong (7 Tourren garailea) eta Alberto Contador (2007ko Tourreko garailea) txirrindularien maillotak sinatuta izango ditugu banatzeko.

Eta hau ez da guztia: zenbait eskualde eta herrietako lehen postuentzat ere sariak izango dira. Beraz adi, zure herri edo eskualdean saritua izan baitzaitezke.

*Eskualdean
1. Hitzako 5 harpidetza Behe Bidasoan, Busturialdean, Donostia-Beterri, Goierri, Lea-Artibai, Oarsoaldea, Tolosaldea eta Urola-Kosta eskualde bakoitzean.
2. Urola-Kostan 12 izozki Kutixi artisau izozkiak dendaren eskutik

*Herrietan
Azkoitiako herrian bi pertsonentzako otordua izango da Errexil erretegiaren eskutik.
Zarautzen 12 izozkiko saria Kutixi artisau izozkiak dendaren eskutik.

Etapa bakoitzeko sariak

Baina aurreko zerrenda hori bukaerako sailkapeneko sariak dira. Noski, orain arte bezala, egunero izango diren etapetarako sariak ditugu. Etapetan lehen postuan geratzen direnentzat euskal txirrindulariek sinatutako maillotak izango dira.

Eskualdeei dagokienez, Urola-Kostako parte hartzaileak gustura izateko moduan dira; etapetan lehen postuan sailkatuko direnek Zarauzko Kutixi artisau izozki dendak eskainita 3 izozki irabaziko dituzte. Zarauztarrek, berriz, eskualdekoaz gain, herriko lehena izateak 3 izozkiren saria ere izango du.

Ikusten duzuen bezala sari ugari ditugu 2009ko Frantziako Tourreko Tropela.net-eko lehiaketan banatzeko. Ez al duzu oraindik izenik eman?

Euskal Herriko Zikloturista Itzulia

Iratiko TourraESAITek eta SAMek (Sport Athlétique Mauleonais) antolatuta, datorren uztailaren 5ean, LEHEN IRATIKO TOURRA, Euskal Herriko zikloturista itzulia korrituko da. Mauletik Maulera izango da, eta bi ibilbide izango ditu: 64 km eta 120km.

Kasik Zuberoa osoa zeharkatuko du, eta Nafarroa Beherearen zati bat. Ibilbide laburra ez da gogorra eta Oskaxe mendatea igoko da. Luzea, aldiz, gogorragoa da, eta Bagargi mendatea (kronometratua), Burdinkurutzeta (atzeko aldetik) eta Oskaxe igoko dira.

Ibilbideak, IRATIKO paraje ikusgarriak ikusteko aukera ematen du, eta baita lasai ibiltzeko aukera ere, oso trafiko gutxi izaten baita.

Bi ibilbideakEuskal Herriko talde zikloturista eta zale guztiak gonbidatuak zaudete.

Informazio gehiago: Iratiko Tourra | Esait | san-mauleon.com

Kamiseten zozketaren baldintzak

Tropela.net-DendaIkusiko zenuten bezala, kiniela egin duzuenon artean kamisetak zozketatzen ari gara egunero. Hala ere kontuan izan behar duzue erabiltzaileok zozketan parte hartu ahal izateko baldintzetako bat erabiltzailea aktibatua izatea dela. Konturatu gara asko zaretela erabiltzailea oraindik aktibatu ez duzuenak eta nahiz eta kiniela egin, zozketarik kanpo geratzen ari zaretenak.

Erabiltzailea aktibatzeko bidea oso erraza da: behin logeatzen zaretenean eta oraindik erabiltzailea aktibatu gabe baduzue, mezu bat azalduko zaizue erabiltzailea aktibatzeko esanaz. Mezu horren gainean klik egin eta automatikoki email bat bidaliko zaizue zuen posta elektronikora. Zuen postara joan beharko duzue eta email honetan agertzen den linkean klik egin eta erabiltzailea aktibatua izango duzue. Oso erraza, ezta?

Zorte on oraindik kamisetarik tokatu ez zaizuenoi eta zorionak irabazleei!