#442 Tropela.eus podcastak: 2020ko Italiako Giroa errepasoa – 19. etapa

Cernyk (CCC) lortu du garaipena Giroko 19. etapan

2020ko Italiako Giroko 19. etapan garaipena Cernyk (CCC) lortu du. Ihesaldiak bide egiteko aukera izan du eta desagertzear den taldeko txekiarrak lortu garaipena. Sailkapen nagusian aldaketarik ez eta Keldermanek (SUN) jarraitzen du lider.

Hau eta gaurko etapak eman dezakeenaren inguruan aritzen da Iban Hernandezek (@piban) podcast honetan.

Podcastera harpidetu

Idatzi gabeko arauen arriskua

Cancellara Tourreko etapa aurretikJuanma Garate txakur zaharra dugu. Hanka indartsuak izateaz gain, pelotoiko bururik argienetarikoa duela ere erakutsi digu hainbatetan, bai errepidean bai errepidetik kanpo. Gaurko Berrian, atzoko etapan gertaturikoa azaldu du. Argi esaten du idatzi gabe dagoen arau bati jarraiki erabaki zutela etapa “neutralizatzea” txirrindulariek. Ez epaile edo antolatzaileek. Pisuzko arrazoia da, baina ez nago ados.

Egoeraren larritasuna epaitzen ez naiz hasiko, horretarako beren lekuan egon beharko bainuke, baina oso arriskutsua iruditzen zait horrelako argudioak erabiltzea. Nahiz eta hasera batean “fair play”ari dagozkion “arauak” izan gehienak (kirol denetan topa daitezke, adib. futbolean baloia kanpora bidaltzea norbaitek min hartzean), horrenbeste idatzi gabeko arau aipa daitezke txirrindularitzan, nahasmena besterik ez dakartela. Hain irekiak daude interpretazioetara, oso zaila dela “arau” horiek justuak izatea.

Zenbait “arau” ezagunak dira: itzuli handietako azken etapako paseoa, kasu. Beste batzuk ez dira hain ezagunak eta batik bat profesionaletan aplikatzen direnak: adib. etaparen lehen zatian txiza egiteko “tregua” bat egitea bizpahiru kilometrotan zehar. Beste “arau” batzuk herrialdeka izaten dira eta zerrendatzen hasiz gero asko luza genezake gaurko post-a.

Are gehiago, idatzi gabeko “arauak” ez dira soilik txirrindularien artekoak. Juanma berak segur aski ongi ezagutzen ditu horietako asko. Ezagunak dira txirrindulari eta taldeen artean egon ohi diren idatzi gabeko arauak, talde eta antolatzaileen artekoak, UCI eta taldeen artekoak, zuzendarien eta UCIren artekoak etab.

Adibidez, jakina da idatzi gabeko (eta ondorioz onartu gabeko eta publiko egin gabeko) “arauen” ondorioz UCIk taldeei zenbait txirrindulariren fitxaketak oztopatu izan dizkiela, edo antolatzaileek taldeei parte-hartzeko baldintza bereziak ezartzen dizkietela edo txirrindulari nahiz zuzendariak zerrenda beltzetan sartu. Txirrindulariak euren artean gardentasunez jokatzen ez badute, inplizituki talde, UCI, antolatzaile etabarrek aplikatzen dituzten “arau” ilunak onartzen ari dira.

Guzti honegatik, oso arriskutsua iruditzen zait idatzi gabeko arauak argudio bezala erabiltzea. Arau horiek zentzuzkoak badira, onartu eta arautegian idatzi egin beharko lirateke. Gainontzean, idatzi gabeko “arau” horiek ez dute inolako bermerik eskaintzen eta oso zaila da aplikazioan berdintasuna eskaini ahal izatea alde guztiei. Adibidez, atzokoari berriro erreparatuz, zergatik ez zen oraindik gehiago mantsotu lasterketa Vandevelde edo Farrar pelotoira iritsi arte? Nork erabakitzen du geldialdi nahikoa izan zela? Zergatik behin jaitsiera arriskutsua gainditu eta denak elkartzean ez zen gutxienez 2. postuagatik lehiatu?

Gaur tropelak esprinta ez jokatzea erabaki du

2. etapan txirrindulariek ez dute esprinta jokatu

Gaur tropel nagusian esprint nagusia ez jokatzea erabaki dute. Cancellarak gidatu du “protesta” eta badirudi gaur izandako erorketengatik izan dela. Gure lehiaketak, ordea, aurrera darrai eta ez zaigu zuzena iruditzen horrelako gertaeraren batengatik puntuak ez banatzea. Lasterketan gertatzen diren egoerak dira gure ustez, tokatzen diren bezala hartu beharrekoak.

Atseden eguna hausnarketa egun bihurtuta

Tropelaren protestaAsteburuak, tamalez, txirrindularitzaren alderik arriskutsuena jarri du agerian eta gaurkoan, txirrindulariek atseden hartzeaz gain, gogoetarako unea bihurtu dela ezin dezakegu uka.

Zorionez Pedro Horrilloren osasun egoerak hobera egin du. Horrek ez du erorikoaren larritasuna ezkutatzen, 60-80 metrotatik erortzeak (distantziaren zehaztasuna dagoeneko gutxienekoa da) edonori ikaragarrizko hotzikara sortzen baitio. Burmuinaren egoera ona dela adierazten dituzten emaitzak argitaratu dira eta esperantzarik onenak piztu ditu horrek bai familian baita zalegoan ere. Batek baino gehiagok hasperen egingo du hau jakinda, nik behin behin bai, nahiz eta gorputzeko ia hezur eta muskulu gehienak minduak dituen ermuarrak. Baina horiek, zorionez, konpontzeko moduko lesioak dira medikuen arabera. Animo Pedro!

Atzoko postean txirrindulariek egin zuten protestaren berri ematen nizuen. Segur aski Pedro Horrillori jazotakoa tropeleko edonori gerta ziezaiokeela jakiteak ikara sortuko zien, beraien segurtasunarekiko kezka muturreraino eramateraino. Milanotik kilometro askotara eta zirkuitua ezagutu gabe, ez naiz gai ikusten txirrindularien kexak arrazoizkoak ala gehiegizkoak ziren esateko moduan. Agerian geratu zen, ordea, txirrindulari eta antolakuntzaren arteko desadostasuna, baita txirrindularien beraien artean ere. Eta badirudi gaurko eguna atseden egun baino iritzi horiek guztiak plazaratzeko egun bihurtu dela.

Di Lucak, Giroko liderrak, “pailazoarena” egin zutela azaldu dio Gazzettari. Tropelak etapa ez lehiatzea eta Rabobank taldea aurretik zutela ibiltzea adostu zutela adierazi du Rabobankek etapa garaipena Pedro Horrillori eskaini ziezaion. Baina, beti ere bere esanetan, zenbaitzuk ados ez eta etapa lehiatzeari ekin omen zieten.

Bassoren dioenez, lehen itzulian 20 bat txirrindularik eroriko izan eta horrek izua zabaldu omen zuen tropelean. Ez zegoela polemika sortzeko asmorik eta protesta burutzearen arrazoia gailendu zen izu hori omen zen. Armstrongek ere ibilbideari buruzko iritzi negatiboa plazaratu du eta Pellizzotti, Killerra bezala, elkarrekin hartutako erabakia guztiek aurrera eraman ez izanak tristatzen du.

Dopin kasuekin gertatzen denaren antzera, atzokoan ere tropela iritzi oso ezberdinak ikusi genituen eta, ondorioz, jokamolde ezberdinak. Batzuk etapa Horrillori eskaini asmotan eta beste batzuk aukera alferrik pasatzen utzi ezinda, etapa lehiatzen. Cavendishek argi adierazi du etapa garaipena lortuta: “Giroan lauzpabost etapa bakarrik izango dira esprintean bukatuko direnak. Lehiatu nahi ez duenak ez dezala lehiatu”.